}

Ilargira, Google-ren eskutik

2007/11/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Google -k, Interneteko bilatzaile ospetsuenak, Ilargiaren azala nolakoa den jakin nahi du. Hori lortzeko, laguntza eskatu du, eta sari bat emango dio Ilargira joan eta hango irudiak hartzeko ibilgailu robotiko bat garatzen duen konpainia pribatuari. Saria 30 milioi dolarretakoa da, eta X Prize Fundazioarekin batera antolatu du.
Spaceship One, lehen X Prize Saria irabazi zuen ontzia, hegan.
(Argazkia:NWRS)

X Prize Fundazioa 1995ean jaio zen. Fundazioaren xedea gizateriaren onurarako aurrerapen iraultzaileak sustatzea da, eta hau da antolatzen duen hirugarren sariketa. Lehena Ansari X Prize izan zen. Espazio-bidaia pribatuak bultzatzeko, 10 milioi dolar eskaini zituen, lurretik 100 kilometrora hiru pertsona eramango zituen espazio-ontzia egiten zuenarentzat.

Batek baino gehiagok pentsatuko zuen erokeria hutsa zela, baina ez da hain arraroa sari bat eskaintzea aurrerapen bat lortzeko; izan ere, sarritan eraginkorra izaten da. Adibidez, XIX. mendearen hasieran, Frantziako armadak janaria luze gordetzeko sistema on bat behar zuen, eta 12.000 frankoko saria agindu zuen hori asmatzen zuenarentzat. Nicolas François Appert -ek irabazi zuen lehiaketa, janariak kristalezko ontzietan hutsean gordetzeko metodoarekin.

Mende bat geroago, berriz, hotelari frantziar aberats batek 25.000 dolar eskaini zituen New York eta Paris arteko lehen hegaldi zuzena egiten zuenarentzat. 1919an egin zuen eskaintza, eta 1927an irabazi zuen Charles Lindbergh -ek, motor bakarreko hegazkin batekin. Guztira, bederatzi taldek lehiatu ziren, eta 400.000 dolar gastatu zituzten 25.000 dolar haiek lortzearren.

Hamar egunetan ehun pertsonen DNA deskodetzen duenak irabaziko du Archon X Prize Saria.

Eta XXI. mendearen hasieran, 2004ean, irabazi zuen Kaliforniako Mojave Aerospace Ventures enpresa pribatuak Ansari X Prize saria. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, 7 herrialdetako 26 taldek 100 milioi dolar inbertitu zituzten, 10 milioiko saria lortzeko.

Lehen sari haren ondoren, Anchor X Prize antolatu zuen X Prize Fundazioak. 10 milioi dolarrekoa da saria, eta 10 egunetan 100 pertsonaren genomak sekuentziatzen dituen lehen enpresa pribatuak irabaziko du.

Ilargiaren esplorazioa

Orain, Ilargiaren esplorazioa bultzatu nahi dute Google-k eta X Prize Fundazioak. Haien esanean, ordea, oraingo helburuak oso desberdinak dira 1960 hamarkadakoekin alderatuta. Gerra Hotzaren garaia zen hura, eta batailetako bat Ilargian jokatzen zen. Ilargia lehen aldiz nork zapaldu zegoen jokoan, eta estatubatuarrek irabazi zuten.

Ilargiaren esplorazioa sustatu nahi du Google-k.
(Argazkia: NASA )

Google Lunar X Prize sariak, berriz, espazioko esplorazioak erraztu eta merkatuko dituen teknologia sortzen lagunduko du. Hori da, behintzat, antolatzaileen helburua. Saria hiru zatitan banatu dute: 20 milioi dolarreko Sari Handi bat, 5 milioiko Bigarren Sari bat, eta gainerakoak, lorpen jakin batzuk egiten dituztenentzat (5 km baino gehiago ibiltzea, izotza aurkitzea...).

Sari Handia irabazteko, ibilgailu robotikoak Ilargira iritsi beharko du, gutxienez 500 metroko ibilbidea egin, eta Lurrera bideo-, argazki- eta datu-kopuru zehatz bat bidali. Hori guztia 2012a amaitu baino lehen egiten duenak 20 milioi dolar irabaziko ditu. Ordurako inork lortu ez badu, saria 15 milioikoa izango da 2014 urtearen amaierara arte, eta artean ez badago irabazlerik, sariketa bukatutzat emango dute.

Helburua erabat betetzen ez duenak, baina, Bigarren Sariaren irabazlea izateko aukera du, horretarako nahikoa baita ibilgailua Ilargira osorik iristea, pixka bat ibiltzea, eta datuak eta irudiak jaso eta bidaltzea. Sari Handirako bezala, epea 2014an bukatzen da. Beraz, lehiakideek zazpi urte baino gutxiago dituzte lana egiteko. Dagoeneko hasi da atzerako kontaketa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia