Ikus-entzunezkoak lengoaia bitarrean
2008/02/01 Asurmendi Sainz, Jabier - Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Informazio-mota ezberdinak lengoaia bitarrez adierazi ahal izateko, formatu eta estandar ezberdinak sortu dira. Ezberdinak eta askotarikoak. Artikulu honetan, multimedia-formatuak eta haien arteko ezberdintasunak aztertuko dira. Izan ere, multimedia-formatuei dagokienez, aniztasun handia dago irudiak, soinuak nahiz bideoak erabiltzeko gailu digitaletan. Eskaintzarekin mugarik ez dago; kontua da ulertzea zertan datzan formatu bakoitza, noiz zein erabili jakin ahal izateko.
Irudien funtsa
Irudiak digitalki erabiltzeko formatuen artean, batzuk aplikazio zehatz batekin lotuta daude, baina beste hainbat orokorrak dira, eta oso erabiliak. Adibidez, .psd formatua Photoshop programarekin dago lotuta; segidan aipatuko ditugun laurak, berriz, edozein irudi ikustatzailetan ikus daitezke.
Aipagarrien artean lehenengoa oinarrizko formatu bat da, BMP. BitMap (bit-mapa) motako irudiei egokitzen zaie .bmp fitxategi-luzapena (sigla izenetik dator). Formatu honen bidez sortzen diren irudiak pixel-matrize batez osatuta daude, non pixel bakoitzaren kolorea kolore-sakonera baten arabera definitzen den. Hogeita lau biteko sakonera batekin, adibide gisa, hamasei milioi kolore baino gehiago defini daiteke pixel bakoitzean; zehazki esanda, 2 24 . Zortzi biteko sakonera batekin, berriz, soilik berrehun eta berrogeita hamasei kolore, 2 8 , alegia. Hala bada, irudiaren bereizmenaren arabera, irudian definitzen den pixel-kantitatearen arabera eta kolore-sakoneraren arabera, oso irudi pisutsuak sor daitezke formatu honen bidez. Izan ere, pixel bakoitzeko kolorearen informazioa gorde behar da, eta, irudiaren pixel bakoitzaren kolorearen informazioa gordetzeko, byte bat baino gehiago behar izaten da, sakoneraren arabera.
Horrenbestez, BMP formatua ez da egokienetarikoa leku-arazo edo -mugarik egonez gero, edo Interneten erabiltzeko, esaterako, Interneten pisuak moteltasuna eragiten duelako informazioa bidaltzean. Aitzitik, oso kalitate-maila handia irits daiteke. Bestalde, formatu hau duten irudiek kalitatea galtzen dute jatorrizko tamainatik handituz gero edo zoom bat eginez gero, ez direlako grafiko bektorialak.
Txikitzearen arrakasta
Tamaina-arazoak gainditzeko, irudiak konprimitzeko aukera eskaintzen duten formatuak daude. Horien artean zaharrena GIF formatua da. Graphics Interchange Format motako irudiak .gif fitxategi-luzapena dutelako bereizten dira, eta izugarri erabiltzen dira Internet arloan, bai irudi moduan, bai animazio moduan.
GIF formatua Compuserve-k sortu zuen 1987an, eta oso ospetsu bihurtu zen irudiak konprimitzeko erabiltzen duen algoritmoagatik, LZW. Algoritmo hori garai horretako beste batzuk baino eraginkorragoa da, eta, horrexegatik, formatu hau duten irudiak arinagoak dira; horren ondorioz, azkarrago igo edo jaits daitezke Internet-konexio baten bidez. Izan ere, GIF formatua gauza da irudia kalitatea galdu gabe konprimitzeko, baina gehienez ere 256 kolorera arte, hau da, 8 biteko sakonera. Kolore gehiago izanez gero, paletaren koloreak murriztu egin behar dira, eta horrek kalitate-galera bat ekartzen du.
Konpresioak ez ezik, GIF formatuaren beste ezaugarri batzuek ere bereizten dute formatu hau beste formatu grafiko batzuetatik. Horietako bat gardentasunak definitzeko aukera da. Pixel bakoitzean gardena den ala ez zehatz daiteke; pixel gardenetan, GIF irudia dagoen dokumentuaren, web gunearen, hondoko kolorea ikusiko da, edo beste irudi batena. Bestea animazioak sortzeko aukera da. Bi ezaugarri horiei eta konpresioari esker, formatu hau oso erabilia da Interneten.
Arrakasta handia duen beste formatu bat JPEG da. Joint Photographic Experts Group da formatu horren izen osoa. Mota horretako irudiek .jpeg fitxategi-luzapena erabiltzen dute; hala ere, .jpg era laburtua erabiltzen da gehienbat, sistema batzuek hiru letrako muga dutelako fitxategi-luzapenak adierazteko. Formatu horren algoritmoa 24 biteko sakonera duten irudiak konprimitzeko pentsatuta dago, hau da, kolore errealeko irudiak konprimitzeko. Baita gris-eskaleko irudiak ere. Alabaina, JPEG algoritmoaren bidezko konpresioak kalitate-galera ere ekartzen du. Edonola ere, JPEG algoritmoak konpresio-maila zehazteko malgutasuna eskaintzen du; zenbat eta konpresio maila handiagoa, orduan eta memoria gutxiago beharko du irudiak, baina orduan eta txikiagoa izango da kalitatea ere.
GIF formatua bezala, JPEG formatua ere asko erabiltzen da Interneten. Izan ere, kolore-sakonera handiko argazkietan irudien tamaina kalitate gutxi galduta txikitu daiteke, konpresio-maila egokia erabiliz gero.
Aldagai nagusia kalitatea bada, PNG formatua dago aukeran. PNG (Portable Network Graphics) formatua kalitate-galerarik gabeko algoritmo batean oinarrituta dago. Formatu hau ez dago inongo patenteren menpe, eta GIF formatuaren urritasunak konpontzeko garatu zuten. Izan ere, PNG formatuak sakonera eta gardentasun-maila handiagoa duten irudiak gordetzea ahalbidetzen du. Alabaina, GIF formatuarekin ez bezala, PNG formatuarekin ezin da animaziorik egin (horretarako, MNG formatua sortu zen).
Hala bada, PNG formatua ere oso egokia da Interneten erabiltzeko. Haatik, hedapena atzeratu egin da hainbat arrazoirengatik. Oso nabigatzaile zaharrek, esaterako, ez dute PNG formatua ezagutzen, baina dagoeneko ez dira erabiltzen apenas. MS Internet Explorer 6 nabigatzaileak ere gehigarri bat behar zuen PNG formatua zuzenki erakusteko, gardentasunak izanez gero; baina MS Explorer 7k konponduta du arazoa, eta ondo erakusten ditu PNG gardenak.
Entzuteko, ez soilik MP3
Audio-formatuen artean izarra MP3 formatua da. MP3 izenarekin ezagunagoa bada ere, MPEG-1 Audio Layer 3 du izen osoa, eta soinua konprimitzeko formatu bat da --konprimitzean, kalitatea galtzea eragiten du--. Moving Picture Experts Group-ek (MPEG) sortu zuen MPEG, bideo-formatuan audioa kodifikatzeko.
Formatu hau asko erabili da kalitate handiko audioa konprimitzeko, formatu honen bidez hamar bider baino gehiago txiki daitezkeelako fitxategiak, eta kalitatearen galera murriztu, giza belarriak entzuten ez duen informazioa kentzeari esker. Kalitate-galera handiagoa edo txikiagoa izango da konprimitzeko aukeratzen den kalitate-mailaren arabera.
Formatu hau oso ospetsu bihurtu zen, horren konpresio handiari esker audio-fitxategien trukea Interneten bidez egitea ahalbidetu zuelako. Adibide gisa, konprimitu gabeko abesti batek 56 MB baditu, 5 MB baino gutxiagoko tamaina izan lezake formatu honen bidez konprimitu ostean. Hala bada, Interneteko banda zabala gaur egun bezain hedatuta ez zegoenean, Interneten bidez audio-fitxategiak trukatzeko bide bakarra bihurtu zen, pazientzia edo burua galdu gabe, behintzat. Gaur egun, Interneten ez ezik, musika entzuteko gailu eramangarrietan ere oso erabilia da MP3 formatua.
Audio-formatu hau erabiliena da oraindik, baina konpresio-gaitasun berberarekin kalitate handiagoa eskaintzen duten beste formatu batzuk lehian sartu dira, esaterako, Windows Media Audio eta Ogg Vorbis; azken horrek, gainera, ez dauka inolako patenterik, eta horrek bidea errazten dio.
Ogg Vorbis audio-formatu libre bat da. Formatu honetako fitxategiei .ogg fitxategi-luzapena ematen zaie, eta Ogg proiektu multimediaren barnean dago, non audio- eta bideo-formatuak biltzen diren. Malgutasun handia dago kalitate ezberdinetan konprimitzeko. Esaterako, konpresio-maila txikia aukeratuz musika artxibo bat kalitate handian gorde daiteke, eta, horrenbesteko kalitaterik behar ez duen telefono bidezko elkarrizketa bat asko konprimitu. Beraz, kasu honetan ere, konpresioa kalitatearen bizkar lortzen da.
Berdin gertatzen da Windows Media Audio-rekin ere, nahiz eta orain dela gutxi galerarik gabe konprimitzeko aukera garatu duten. Formatu honen jabetza Microsoftek du, eta, Ogg Vorbis-ek ez bezala, audio-fitxategien erabilera mugatzeko bide bat eskaintzen du. Sistema batean sortutako audioa beste sistemetan erabili ezin izateko aukera ematen du.
Konpresiorik gabeko formatuen artean, Waveform Audio Format da aipagarriena. WAV izenarekin da ezagunagoa, horiek direlako formatu honi dagokion fitxategi-luzapenaren letrak. Konpresiorik gabeko audio-formatua denez, ez du kalitate-galerarik, baina mota honetako audio-fitxategiek tamaina handia izaten dute. Abesti arrunt batek ia 50 MB izan dezake, esaterako. Grabaketa-minutu bakoitzeko, 5 megabyte inguru behar du. Horrez gain, tamainaren aldetik muga bat dauka: 4 gigabyte baino handiagoko audiorik ezin da gorde; 6 ordu eta erdi inguru, alegia. Hori horrela da, fitxategiaren beraren goiburuan 32 biten bidez zehazten delako haren tamaina; ondorioz, zehaztu daitekeen tamainarik handiena 2 32 da, hau da, 4 gigabyte. WAV formatuaren jabetza Microsoft-ek eta IBMk dute.
Entzun eta ikusi
Multimedia-formatuen zerrenda osatzeko, AVI eta OGM bideo-formatuak falta dira. Audio Video Interleave da AVI formatuaren izen osoa; bideo-jario bat eta hainbat audio-jario batera gordetzeko aukera ematen du, eta audio- eta bideo-jarioak edozein formatutan egon daitezke. Horregatik esaten da kabinete-formatu bat dela. AVI formatuarekin hainbat audio-jario gorde daitezkeenez, film batean, esaterako, soinua hainbat hizkuntzatan gorde daiteke, eta multimedia-erreproduzitzailean aukeratu zein hizkuntzatan entzun nahi den filma.
OGM edo Ogg Media kabinete-formatuak ere mota ezberdinetako hainbat audio-jario, bideo-jario bat eta hainbat azpititulu-jario gorde ditzake. Audioa, normalean, Ogg Vorbis formatuan gordetzen da, eta bideoa Xvid edo DivX formatuan. Akatsekiko tolerantzia handiagoa dauka AVIk baino; aitzitik, AVIk baino espazio gehixeago behar du tamaina eta iraupen berdinetarako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia