Ikasleen eta irakasleen birtualtasuna
2003/04/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izan ere, gaur egun, etxean ordenagailu bat izanez gero, ikasleak ez du derrigor eskolara joan beharko, bertatik jaso ahal izango baititu eskolak.
e-learning
Eusko Jaurlaritzak 2000ko maiatzaren 5ean aurkeztu zuen Europatik datorren e-learning ekimena. Proiektuak lau ardatz nagusi ditu. Alde batetik, multimedia-ordenagailuak hezkuntza-munduan banatuko dituzte sare digitalean konektatzeko eta sarbidea hobetzeko. Bestalde, teknologia berriei esker, heziketa-programen antolakuntza, metodoak, egiturak eta edukiak aldatu egingo dira, eta ikasle eta irakasleen arteko harremana ere. Horrez gain, e-learning-ak lanerako orientazio-zerbitzuak bultzatzeko eta prestakuntza iraunkorreko aukerei eta lan-merkatuan eskatzen diren gaitasunei buruzko informazioa banatzeko ere balio du. Eta, azkenik, proiektu horrek gune eta campus birtualak konektatzeko balio du eta unibertsitate, eskola eta heziketa-zentroen artean sareak sortzeko ere bai.
Metodo berritzailearen abantailak
Nori zuzendurik dago irakaskuntza birtual hori? Ikastaroen ordutegira egokitzeko zailtasunak dituzten ikasleei, batez ere, edo ikastetxea urruti dutenei. Azken finean, eskoletara joateko zailtasunak dituen edozein ikasleri zuzenduta dago, batik bat, ikasteko metodo berri hori.
e-learning sistemaren abantailetariko bat ikasleak gaiak hobeto lantzeko aukera da. Izan ere, erabiltzaileak nahi beste aldiz egin ditzake beharrezkoak iruditzen zaizkion ariketak; ez du ordutegi mugaturik ezta ekipamendu jakin baten beharrik ere.
Irakaslea plataforma baten bitartez komunikatzen da ikaslearekin. Tutoretza-lanak sistema horren bidez egiten dira. Ikasleak, hain zuzen, LMS plataforman sartzen ditu bere lanak eta irakasleak zuzenean irakurtzeko aukera du. Besteak beste, zenbat lan egiten duen eta zein maiztasunekin ikusi ahal izango du, ariketen emaitzak baloratuko ditu, eta ariketak egiteko ikasleak behar duen denbora aztertzeko aukera ere izango du.
Ikasleak ere plataforma horren bitartez jasoko ditu irakaslearen erantzunak eta eskaerak. Inoiz zalantzarik balu, irakasleak ez ezik, bere ikaskideek ere erantzun diezaiokete posta elektronikoaren, txataren edo eztabaida-foroaren bidez.
Hain zuzen ere, 2002ko urrian, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak (IMH) Interneteko e-learning ikastaro tekniko horiek jarri zituen martxan. Urtebete baino gehiago darama, beraz, ikastetxe horrek orain arte bere egoitzetan eman dituen zenbait eskola era birtualean eskaintzen. Gainera, sistema berritzaile horretan gai horiek eskaintzen hasi den lehen ikastetxea da.
Ikasleak, batez beste, bi hilabete ditu ikastaroa burutzeko. Gutxi gorabehera 40-80 ordu egin behar ditu 40 orduko Prestakuntza Kreditua betetzeko. Epe hori bete ondoren, IMHko web orriaren bitartez eta kode pertsonala erabiliz, nahi duen multimedia-materiala erabil dezake ikasleak. Oraingoz, besteak beste, Fagor 8050 tornurako eta fresatzeko makinarako CNC programazioak ikas daitezke Elgoibarko IMH ikastetxean e-learning bidez, eta baita Pneumatika eta Elektropneumatika ere.
e-gela
Ildo horretatik, aipatzekoa da Eusko Jarlaritzako Hezkuntza Sailak martxan jarritako e-gela proiektua. Gela horiek hainbat ordenagailuz eta arbel interaktibo batez hornituta daude. Hain zuzen ere, arbel horiek, software berri baten bidez, bertan idatzitakoa gordetzeko aukera ematen dute. Hau da, irakasleak arbelean idatzitakoa egokia dela ikusten badu, agindu baten bidez, arbelekoa ordenagailuetan gordetzen da. Beraz, ikasleari lana erraztu besterik ez zaio egiten. Irakasleak arbelean idatzirikoa bere ordenagailuan grabatzen ahalko du eta ez du apunterik hartu beharko.
Bestalde, e-gelek eskaintzen duten beste abantailetako bat arbelaren softwarea da. Zaila izaten da ordenagailuan ikasgai bati jarraitzea, irakasleak pantailan eta saguarekin zer egiten duen ez delako ikusten. Eta gauza bera gertatzen da informatikako programa berri bat ikastean. Kasu horretan, arbel interaktiboetan, erakusle baten bidez, klik egin daiteke eta horrela irakasleak une oro non zapaltzen duen eta saguarekin nondik nora mugitzen den jakiteko aukera du ikasleak.
Baliabide horiez gain, gelen artean komunikatzeko softwarea dute e-gelek. Horrela, gela-mota horiek, Interneten bidez, ikastetxe-sare batekin komunikatzeko gai dira. Momentuan, EAEko hamar ikastetxetan jarri da martxan proiektu pilotu hori: Bidasoa GLHBI, Usurbil GLHBI, Tolosaldea GLHBI, Miguel Altuna GLHBI, Makina Erreminta BHI, IEFPS Escuela de Armeria, Nicolas Larburu GLHBI, Elorrieta Erreka Mari GLHBI, Mendizabala GLHBI eta Don Bosco GLHBI.
Horrez gain, e-geletan, bideokonferentzia-sistemari esker, ikastetxeek irudia, soinua eta edukiak banatzeko aukera dute. Ikastetxeak beren artean sare bidez konektatzen dira. Gauza bera Internetetik egin badaiteke ere, aukera hori alde batera utzi dute mantsoegia delako. Sarearekin, aldiz, irudia eta soinua ia momentuan bertan jasotzen dira. Bideokonferentzia-gelak, gainera, ikastetxe bat baino gehiagoren irudiak kudeatzen ditu. Horretarako, pantaila berean leiho txikiak irekitzen dira edo, bestela, hitza hartzen duena pantailaren erdian bistaratzen da.
Dudarik ez dago e-learning eta e-gela proiektuek ondo funtzionatuz gero, zabalpen erraza izango dutela. Hori bai, ikasleek ez dezatela pentsa aurrerapen eta erraztasun horiekin alpertzeko aukerarik dutenik.
Segurtasun digitala e-learning sistemanGure gizartean ohiko bilakatu diren aplikazio informatiko guztiek beharrezkoa egiten dute segurtasun digitalaren kontzeptua lantzea, informazioaren konfidentzialtasuna eta eskuragarritasuna ziurtatu nahi badira behintzat. Zoritxarrez, ordea, atal hori oso gutxi landu da aurrerapen teknologikoen erabilerarekin alderatuz. Horregatik, segurtasunaren bidea jorratzen hasi nahian, Tolosaldea Goi-mailako L. H. Institutua, segurtasun digitalaren munduan aitzindaria den S21Sec enpresarekin eta e-learning motako ikasketetan esperientzia handia duen VICOMtech enpresarekin batera, segurtasun digitaleko proiektu bat garatzen ari da. Hasieran, proiektua irakaskuntza-munduari zuzenduta egongo da, baina, gerora begira, enpresa txiki guztietara hedatzeko asmoa dago. Hain zuzen ere, helburuetako bat ikastetxeen segurtasun digitalaren egoerari buruzko diagnostikoa egitea da eta, ondoren, lortutako informazio horretan oinarritutako ekintza-planak diseinatuko dira. Ez da ahaztu behar segurtasun digitaleko kurtsoa e-learning sisteman garatuko dela eta, ondorioz, hemendik gutxira sortuko diren e-geletan eskuragarri egongo dela. Horrela, Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek e-learning sistema ezagutu eta erabiltzeko aukera izango dute eta pixkanaka-pixkanaka segurtasunaren kultura indartzen joango da. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia