Ikasberri: ikasteko beste modu bat
2003/04/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aldaketa hori bideratzeko eta eredua bera definitzeko, gizartearen, ikasleen, irakasleen eta hezkuntzan parte hartzen duten guztien iritziak hartu dira kontuan. Bide horretan, sistema berriak izan beharreko ezaugarriak definitu eta, ondoren, eragile horiek bete beharreko funtzioak, irakasleek eta gurasoek barne, zehaztu dira. Lan horretan, gehienbat, irakasleek izan beharreko jokamolde berriak finkatu dira, metodo didaktiko berriak aukeratuz eta baliabide teknologikoak eskuratuz. Eta hori guztia Gasteizko Diocesanas institutuan egin da.
Ikasberri eredua, beraz, Lanbide Heziketatik sortu den hezkuntza-eredu iraultzaile bat da eta iraultza hori Diocesanas ikastetxean bertan ikusten da, batez ere, irakasteko eran. “Ikasberri proiektuaren funtsa ikaslea bere kabuz ikasteko gai izatea da” dio Paco Martinez de Contrasta ikastetxeko zuzendariak. Horretaz gain, Ikasberri ereduak beste bi gauza bultzatu nahi ditu: ikasleak ahalik eta baliabide informatiko eta teknologiko berrienak izatea eskura eta, gainera, sistema eleanitza izatea.
Helburuak erraza dirudien arren, lan handia eskatzen du –irakasleen zeregina berrantolatzen, metodologiak finkatzen–. Azkenean, ikaslea bere ikasketen protagonista bihurtu nahi da eta, ekarpen hori eginez gero, norberaren trebetasunak eta gaitasunak garatzeko sistema bat izango dute ikasleek.
Hala ere, egokitzapenen artean, ikasleak ere bereak behar dituela ikusi da eta, hasteko, protagonista bilakatzeko gune egokituak behar ditu. Izan ere, Ikasberrin ez da klase orduetan egindako lana soilik kontuan hartzen, baizik eta ikasleak berak informazioa eskuratu, antolatu, irakasleari azaldu eta beste hainbat gauza egin behar ditu. Horretarako, prentsa idatzia, Internet, baliabide grafikoak, aldizkariak, liburuak eta CD-ROMak behar ditu eta, horiek guztiak eskura izan ditzan, gela eta espazio berriak sortu behar dira: mediatekak.
Mediatekak, ikasleen gune kutunak
Mediatekak ikasleak egin behar dituen lan-mota ezberdinetara egokitutako tokiak dira: bakarka ikasteko beharrezkoak diren mahaiak, talde-lanak egiteko gelak, bideoak ikusteko txokoa, liburutegia, Internetera sartzeko guneak eta abar ditu. Azken horiek dira, antza, erabilienak; horietan informatikako programak erabiltzen ikasten dute, Interneten informazioa bilatzen dute eta, ondoren, antolatu egiten dute. Mediatekan, hala ere, ez da harritzekoa irakasleak ikustea, ikasleei behar dituzten aholkuak ematen edo talde-lanak gidatzen. Izan ere, irakasleek beraiek diseinatutako guneak dira mediatekak, baina ikasleei begira, noski.
Beraz, Ikasberri proiektuarekin ikasleak ikasketetan parte-hartze handiagoa izatea bilatzen da, eta Gasteizen, behintzat, ari dira helburu hori lantzen.
Gozogintza frontoianGasteizko Mendizorrotzako frontoiak ‘gozoenak’ dira. Zergatik? Bertako Ostalaritza Eskolan, orain, gozogintza eta okintza ikasteko aukera dagoelako. Horrela da: Ogeta pilotaleku famatuan pilota-partidak jokatzen diren bitartean, sukaldean pastel gozoak egiten dituzte bertako ikasleek. Gainera, ez da gozogintza han lantzen den gauza bakarra: jatetxean, eguneko menua eta karta daude guztien eskura. |
Liburuetatik CD-ROMetara Nori gustatzen zaio ikasle izanda liburu potoloetan informazioa bilatzea? Bada, oso jende gutxiri, garbi dago, eta hori frogatzen du CD-ROMen erabilera horretarako ere zabaldu izanak. Izan ere, ez dago dudarik: ikasleak egun liburu batean duen informazioa CD batean aurkitzen badu, berehala egingo du aldaketa. Ordenagailua piztu eta CDa irakurri, dena bat izaten da, eta ez informazioa bilatzea erosoagoa eta azkarragoa delako soilik, baita erakargarriagoa delako ere. CDetan dauden irudiak, testuak, eta nabigatzea bera erakargarriagoak dira ikaslearentzat. Beraz, laster liburutegi hitza baztertu eta ‘CDtegia’ sortu beharko ote da? |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia