}

Ig Nobel sariak, zientzia eta umorea uztartuta

2005/10/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Urtero legez, Nobelak nori emango zaizkien iragarri duten garai berean, Ig Nobel sariak banatu dituzte. Ez dira Nobel Fundazioak ematen dituenak bezain ospetsuak, baina irabazleek gustura hartzen dute saria, eta ez da gutxiagorako: epaimahaiaren arabera, sarituen ikerketek, hasieran barrea eragiten badute ere, gero pentsarazi egiten dute. Hori lortzea ez da erraza izango, alajaina.
Pinguinoei eginkariak egitean barruan sortzen zaien presioa kalkulatu dutenek irabazi dute Fluidoen Dinamikako saria.
Comtech

Ikerketak barregarriak badira ere, antolatzaileek oso serio hartzen dute kontua, eta ekitaldi dotorea —eta umoretsua― prestatzen dute sariak banatzeko. Harvard Unibertsitateko Sanders antzokian egiten dute ekitaldia, eta, aurtengoan, lau egiazko Nobel saridunek banatu dituzte Ig Nobelak. Haietako bat Robert Wilson izan da, hondoko mikrouhin erradiazioa aurkitzeagatik 1978an Fisikako Nobel saria irabazi zuena.

Zalantzarik gabe, Ig Nobel sarien irabazleentzat ohore handia da halako pertsona ospetsuen eskutik jasotzea saria, eta inork ez dio uko egin saria jasotzeari, Nobeletan ez bezala. Izan ere, aurtengo Kimikako Nobelaren irabazleetako batek, Yves Chauvin frantziarrak, adierazi du ez dela Nobela jasotzera joango abenduan. Nonbait, oso pozik eta lasai bizi izan da orain arte, eta Nobel saria emango diotela iragarri dutenetik, ez dute bakean uzten.

Ig Nobelen saridun batzuei alderantzizkoa gertatu zaie: saria jasotzera joan nahi eta ezin. Hain zuzen ere, Alemaniako eta Hungariako bi ikertzailek, Fluidoen Dinamikako saria irabazi zuten arren, ez zuten ekitaldira joateko bisarik lortu. Pena izan da, egin duten lana benetan bitxia baita. Zehazki, pinguinoek eginkariak egitean haien barrenean sortzen den presioa kalkulatu dute.

Irudimena eta pazientzia

Ekonomiako saria irabazi duenak lotia ohetik ateratzera behartzen duen iratzargailua asmatu du: iratzargailua ibili eta ezkutatu egiten da, eta, itzaltzeko, esnatu berriak bilatu egin behar du.

Gainerako ikerketak ere ez dira nolanahikoak. Adibidez, Medikuntzan estatubatuar bat saritu dute, zikiratutako txakurrentzat barrabil artifizialak asmatzeagatik. Ig Nobelaz gain, hainbat txakurren esker ona ere jasoko du agian ikertzaileak.

Batzuetan burutazio onak izatea bezain garrantzitsua da pazientzia izatea, eta horixe aitortu nahi izan diote Fisika atalean irabazi duenari. Pazientzia behar da eta 1927an hasitako esperimentu batekin jarraitzeko, eta frogatzeko mundrun-bola batek bederatzi urtetik behin askatzen duela tanta bat. Pazientzia handia duela erakutsi du Nutrizioko saria jaso duenak ere, 34 urtean aritu baita jaten duen guztiari argazkiak ateratzen eta jandakoa aztertzen. Eta horretan segitzen du.

Bitxikeria benetan bitxiak

Igelek estresatuta daudenean sortzen duten usaina aztertu dute Biologiako Ig Nobela irabazi dutenek.

Halaber, Kimikako saria irabazi dutenek ondo merezita dute, aspaldiko galdera bati erantzun baitiote; alegia, xarabetan uretan bezain azkar egin daitekeela igeri frogatu dute Minnesotako Unibertsitateko bi ikaslek. Eta Ekonomiako saria irabazi duenak ere badu meritua, ibiltzeko eta ezkutatzeko gai den iratzargailua asmatu baitu. Hala, iratzargailua itzali nahi duena behartuta dago ohetik ateratzera.

Bakearen saria irabazi duen ikerketak, berriz, ez du aitzakiarik: oti bati Star Wars filmaren zati aukeratuak ikusarazi zizkioten, eta, bitartean, haren neurona baten jarduera neurtu dute ikertzaileek.

Bukatzeko, Nekazaritzaren historiako saria “Richard Buckley jaunaren galtzen leherketaren esanahia” ikertu duen Zeelanda Berriko bati eman diote, Literaturakoa spam-sortzaile nigeriar batzuei, eta Biologiakoa 131 igel-espeziek estresatutakoan sortzen duten usaina aztertu duten australiarrei. Argi dago: edozein txokotan egon daiteke ikertzaile bitxi bat, ikerketa are bitxiago bat egiten. Eta horrek ere jaso dezake saria.

7K-n argitaratua.