}

Ig Nobel sariak: barre egin eta gero, hausnartu

2004/10/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aurtengo Nobel sariak nori emango dizkieten jakinarazi dutenerako, Ig Nobel saridunek jaso dituzte bereak. Horrelako ohorea merezi izateko, ez dira dohain gutxi behar; ez da nahikoa ikerketa garrantzitsu eta sakon bat egitea, ez; gainera, ikerketa horrek barrea eragiteko ahalmena izan behar du, eta hori ez da batere erraza. Halaber, gerora, zer pentsatua emateko modukoa izan behar du ikerketak.
Bakearen saria karaokearen asmatzailearentzat, jendeak hurkoarekiko tolerantzia lantzen ikasi duelako karaokeari esker.

Aurten saria irabazi dutenen ikerketek ondo baino hobeto betetzen dituzte baldintza horiek. Hasieran, irribarretik algara ozenera bitarteko erreakzioa eragiten dute, baina laster nabarmen gelditzen da badutela mamia.

Adibidez, medikuntzako saria AEBetako bi ikertzaileri eman diete, 1992an Social Forces zientzia-aldizkarian argitaratutako lanagatik. Zeri buruz zen, baina, lan hura? Bada, country musikak suizidio-tasan duen eraginari buruzkoa. Ezin uka ganorazko ikerketa denik. Agian guri urruti samar gelditzen zaizkigu AEBak eta country-a, baina kendu musika-mota hori eta jarri horren tokian trikitia. Orain interesgarriagoa iruditzen zaizue ikerketa, baietz? Neuk ere gustura ikusiko nituzke ikerketa horren emaitzak.

Fisikako saria ere ez da alferrik galtzeko modukoa: Hula Hoop-ean ibiltzearen dinamika eta koordinazioa aztertu dutenei eman diete. Ikerketa aurten bertan plazaratu dute, eta horren emaitzak ere benetan dira interesgarriak. Galdetu, bestela, hamar urte inguruko haurra duen aita edo amari!

Country-musikak suizidio-tasan duen eragina ikertu dute.

Osasun publikoaren atalean, Bost Segundoen Araua aztertu dutenei eman diete. Janari bat lurrera erori eta gero jatea zenbateraino den segurua edo arriskutsua adierazten du arau horrek; beraz, edonoren bizimoduan aplikazio zuzena du ikerketak.

Hala ere, Kimikako saria nori eman behar zioten erabakitzean egingo zuen zalantza gutxien epaimahaiak. Coca-cola konpainiari eman diote, Jesusek ura ardo bihurtu zenetik ez baitu inork halako alkimia-erakustaldirik egin historian. Kimikari ona behar du izan batek Thames ibaiko ura Danasi bihurtzeko. Danasi hori ez da ur-itxurako likido garden bat besterik, baina ezaugarri batek bereizten ditu ura eta Danasia: lehenengoa ez da oso garestia kanilatik hartzen bada; bestea, berriz, urre-prezioan saldu dute. Hortaz, zientzia eta umorea hain ondo uztartzeagatik eman diote Ig Nobela Britainia Handiko Coca-colari.

Patenteak, bildumak, esperimentuak eta azpi-kontratak

Bestalde, Ingeniaritzako saria aita-seme batzuei eman diete, beren patenteagatik. Ez dakit, ordea, asmakizuna haiek sortu duten, ala patentatu besterik ez duten egin, beste nonbaiten ikusita. Izan ere, niri ezaguna egin zait asmakizuna: burusoilak dituen ileak luzatzen utzi eta haiekin burua estaltzeko arteari dagokio patentea. Agian patentea berria izango da, baina hori egiten artista bat gutxienez ezagutzen dugu, ezta?

Indian duen azpi-kontratari esker irabazi du Vatikanok ekonomiako saria.

Literaturako saria, berriz, ez diote nobelagile edo poeta bati eman, ez, liburutegi bati eman diote. Nonbait, liburutegi hori lan handia egiten ari da ondarea gordetzen, eta helburua hau da: guztiek izatea obra horietaz gozatzeko aukera. Zer gordetzen, zaintzen eta zabaltzen dute, bada, liburutegi horretan? Nudismoaren historia, alajaina.

Psikologiako arloan saritu duten lana ere ez da nolanahikoa. Jendeak zerbaiti arreta jartzen dionean, gainerakoaz ez dela ohartzen frogatzen duen lanagatik eman diete saria bi ikertzaileri. Hori frogatzeko, esperimentu bat egin zuten gorilaz jantzitako gizon bat erabiliz, eta garbi geratu zen zerbaitek gure arreta bereganatzen duenean ez garela beste ezertaz konturatzen.

Ekonomiakoa irabazi duenak ere merezi zuen saria. Hain zuzen ere, Vatikanoari eman diote. Vatikanoak arrazoi bategatik baino gehiagogatik merezi du sari hori, baina epaimahaikoek bereziki nabarmendu dute Indian duen azpikontrata. Nonbait, AEBetan ez daude behar bezainbeste apaiz katoliko, eta, beraz, zerbaiten alde otoitz egitea behar duenak, Indiara jo dezake. Korreo elektroniko bidez mezu bat bidali, eta haiek arduratuko dira otoitz egiteaz. Bagenekien Indian josten zituztela hemen saltzen diren marka ezagunetako arropak eta zapatilak, baina otoitzak ere handik zetozenik...

Karaokea eta puzkerrak, uste baino baliotsuagoak

Karaokea asmakizun arrunta eta txepela irudituko zaio askori, baina haren asmatzaileak bakearen saria merezi duela uste dute epaimahaikoek. Tamalez, ez du Irakeko inbasioa geldiarazterik lortu, baina munduan bakea zabaltzearren lan handia egin du: zenbat lagunek ikasi dute ondokoa toleratzen karaokeari esker?

Mugimendu horien fisika aztertu dutenei eman diete fisikako saria.

Bukatzeko, biologiako saria. Lau ikertzaileri eman diete saria, sardinzarren komunikazioan puzkerrek duten funtzioa aztertzeagatik. Ez dute denek elkarrekin egin lan, binaka baizik, eta talde bakoitzak bere aldetik. Hala ere, ondorio bera atera dute; dirudienez, sardinzarrek sortzen dituzten gas-burbuilak ez dira hutsalak, komunikatzeko balio diete. Garagardoa iragartzeko erabili izan dira korroskadak, beraz, sardinzarrak ez dira gas-ihesen balio komunikatiboa onartzen duten bakarrak.

Saritu dituzten ikerketak ikusita, ezin esan zientzia aspergarria denik!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia