Allen teleskopio-sarea, alien-en bila
2007/10/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Berrogeita bi horiek 350 irrati-teleskopioz osatutako sare baten lehen fasea dira. Sare osoak Allen teleskopio-sarea izena du (ATA, edo Allen Telescope Array ingelesez), eta teleskopio erraldoi baten erara funtzionatuko du. Kaliforniako Unibertsitatearen Irrati Astronomiako Laborategiak eta SETI institutuak ( Search for Extraterrestrial Intelligence, edo a dimen estralurtarraren bilaketa ) sortutako egitasmoa da, eta Microsoften sortzaileetako batek, Paul Allenek, jarri du lehen pauso hori emateko behar zen dirua.
Allen teleskopio-sarearen helburua espazioko irrati-uhinak jasotzea eta interpretatzea da. Hain zuzen ere, espazioan dagoen edozein objektuk irrati-uhinak igortzen ditu. Seinale horiek oso baliotsuak dira astronomoentzat, objektuaren ezaugarrien berri ematen baitute: objektua zer den, non dagoen, eta beste xehetasun asko, gainerako uhin-luzeretan funtzionatzen duten teleskopioek hauteman ezin dituztenak.
Orain arte zeuden irrati-teleskopioak oso teleskopio handiak ziren, edo, bestela, elkarri lotutako gutxi gorabehera dozena bat antenaz osatuta zeuden. Tresna elektronikoak asko merkatu direnez, gaur egun merkeagoa da antena txiki asko egitea handi bat egitea baino. Eta horretaz baliatu dira Allen teleskopio-sarearen sortzaileak.
Irrati-teleskopio bakoitzak sei metroko diametroa du, eta bigarren hartzaile bat ere badu, 2,4 metroko diametrokoa. Denak Kaliforniako Hat Creek Irrati Behatokian daude, pixka bat sakabanatuta. Guztiek batera, inoiz baino zeru-eremu handiagoa behatzeko aukera ematen dute. Gainera, bildutako datuak berehala prozesatzeko gaitasuna du, aurreko irrati-teleskopioek baino askoz ere azkarrago. Diotenez, Allen teleskopio-sarea osatutakoan, posible izango da zeru osoaren irrati-mapa egitea egun bakar batean. Halaber, ordu batzuk besterik irauten ez duten gertaerak, hala nola zulo beltzen talkak, harrapatzeko aukera izango dute.
Emaitzen zain
Azkarra izateaz gain, Allen teleskopio-sareak irrati-uhinen espektroaren tarte handi batean egin dezake lan, eta aldi berean lau maiztasun-banda azter ditzake, bakoitza bere aldetik. Hortaz, hainbat azterketa egin ditzake batera; adibidez, adimen estralurtarraren aztarnak bilatzen dituen bitartean, behaketa astronomikoak egin ditzake (edo alderantziz). Hala, SETIkoen esanean, azken 45 urteetan bildu diren adina datu jasoko ditu Allen teleskopio-sareak datozen hamabi urteetan. Datu horien guztien artean, artifizialki sortutako seinaleak —izaki adimendun batek sortuak― topatzea espero dute.
Estralurtar adimendunak alde batera utzita, astronomoek dagoeneko egin dituzte gure galaxiatik hurbil dagoen Andromeda galaxiaren (M31) irrati-mapa eta Hiruki galaxiarena (M33). Hemendik aurrera, hainbat helburu zientifiko dituzte. Besteak beste, zeruaren hiru laurdenean dauden galaxien hidrogeno neutrala neurtu nahi dute, jakiteko zenbat gas intergalaktiko ari diren gehitzen kanpoko galaxiak; horrekin, galaxia beltzak, izarrik gabekoak, topatzea espero dute.
Bestetik, galaxiek igortzen ez dituzten irrati-uhinen iturriak klasifikatu nahi dituzte. Oraingoz, 250.000 iturri aurkitu dituzte, eta, horiek aztertuta, objektuak identifikatzeko, izarren sorrera kuantifikatzeko, materia iluna detektatzeko, eta unibertsoaren egitura hobeto ezagutzeko aukera izango dute astronomoek.
(Argazkia: NHGRI)
Zulo beltzak bezain ezagunak diren eta oraindik ezagutu ere egiten ez diren bestelako fenomenoak aurkitzeko itxaropena ere badute. Alabaina, oraindik lehen fasean daude. Allenek 11,5 milioi dolar eman zituen 2001ean egitasmoa abiatzeko, eta beste 13,5 milioi 2003an, lehen fasea eraikitzeko. Eta orain, 2007ko urrian, jarri dute martxan.
Beste hiru fase geratzen dira. Berez, 2010. urterako 350 irrati-teleskopioak martxan izatea da helburua, baina horretarako beste 41 milioi dolar beharko dituztela kalkulatzen dute. Estatu Batuetan eraiki den azken irrati-teleskopioa kostatu denaren erdia bada ere, oraingoz ez dute diru hori.
Horrenbestez, ez da harritzekoa izango hurrengo hilabeteetan egitasmo hau komunikabideetan agertzea, dirua biltzeko beti baita mesedegarria gizartean babesa izatea. Ikusteko dago zertan oinarrituko diren jendearengana iristeko, zientzia-helburuetan edo adimen estralurtarraren bilaketan. Nolanahi ere, bitartean behatokiko astronomoak ez dira egonean egongo, eta, jasoko dituzten datuak izango dira, seguru asko, inbertsioak erakartzeko amurik onena.
Gara-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia