Hotzetik datozen dinosauruak
1989/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Paleontologoek, tamaina txikiko dinosauruak Lurreko poloen inguruan bizi izan zirenaren aldeko ebidentzia berriak aurkitu dituzte. Dinosauru hauek hotza eta hilabetetan irauten zuen negu iluna gainditzeko gauza ziren. Ohizko ideiek animalia tropikal edo subtropikaltzat jo izan dituzte dinosauruak beti.
Australiako hegoekialdean aurkitu berri diren fosilek aditzera eman dutenez, dinosauruak hego poloaren ingurutan bizi izan ziren kretazikoan duela 130-105 milioi urte. Orduko batezbesteko tenperatura 5ºC-koa zen eta minimoa -6ºC ingurukoa. Gutxienez neguko hiru hilabeteetan dinosauruek ez zuten eguzkirik; hamabostaldi batean ilargiaren argia eta hurrengoan iluntasuna.
Australiako hau ez da ildo honetan eginiko aurkikuntza bakarra. 1987.ean Arktikoan bizi ziren dinosauruen berri eman zen.
Bi aurkikuntza hauek zera adierazten dute: kretazikoaren bukaeran, duela 65 milioi urte, gertatu zen dinosauruen desagerketaren kausa ezin zitekeela hotza eta iluntasuna bakarrik izan, baldin eta oso denbora luzez iraun ez bazuten behintzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia