}

Hondakin bakoitza bere lekuan

2010/04/25 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Etxean dauzkagun elektrotresnak zaharkitu egiten dira, eta berria erosteko premia izaten dugu tarteka. Baina, zer egin botatzen ditugun tresna horiekin? Gaur egun, milioika hondakin elektriko eta elektroniko sortzen dira urtean Europan, eta horietako asko zabortegietara botatzen da. Horrenbestez, hondakin horien pilaketa arazo bilakatzen ari da. Izan ere, tresna elektriko eta elektronikoak beira edo papera baino askoz zailagoak dira birziklatzeko. Tresna bakoitzak osagai ezberdin ugari ditu bere barruan.
Milioika hondakin elektriko eta elektroniko sortzen dira urtean.
Manuel Flores

Ikusi besterik ez dago merkatuan zenbat tresna elektriko eta elektroniko dauden, horiek birziklatzea zein korapilatsua izan daitekeen ulertzeko. Lehenik eta behin, tresna horiek sailkatu eta osagaiak bereizi egin behar dira. Gero osagai bakoitzak bide ezberdina egingo du.

Tresna elektronikoen osagaiak burdinazkoak, berunezkoak, plastikozkoak edo aluminiozkoak izaten dira, besteak beste. Horietako batzuk erraz asko bereiz daitezke, kolorean, itxuran eta pisuan arabera. Beste batzuk, ordea, ezin dira ezaugarri horien arabera bereizi, eta teknologiaren aurrerapenei esker egiten da bereizketa.

Teknologiaren aurrerapenak

Infragorri hurbilaren espektroskopiaren teknologian oinarritutako identifikazioa eta bereizketa. (Argazkia: Gaiker) .

Gaur egun, ia-ia era guztietako materialen eta hondakinen bereizketa egin daiteke. Horretarako, zenbait sentsore erabiltzen dituzte, esaterako, bereizketa automatikoko teknologia berriek. Teknologia aipagarrienak infragorri hurbilaren espektroskopian (NIR), ikusmen artifizialean, laserrean edo X izpietan oinarritzen dira. Teknika horiek guztiek aukera ematen dute materiala identifikatzeko eta bereizteko, hainbat irizpideren arabera: materialaren ezaugarriak, kolorea, gardentasuna, egitura eta forma.

Sentsore horiek zinta garraiatzaile baten gainean ezartzen dira. Zinta horrek abiadura handian lan egin ohi du, eta zinta horren gainean banatzen dira bereizi beharreko materialak. Sentsoreak zinta gainean sakabanatutako produktuak identifikatzen ditu, eta horien posizioa hautematen du. Zintaren amaieran egiten da bereizketa, eta modu selektiboan desbideratzen dira materialak bakoitza dagokion lekura.

Teknologia horiek malguak dira, eta hondakin elektrikoen eta elektronikoen bereizketan ez ezik, hainbat hondakinen bereizketan ere erabil litezke, hala nola edukiontzi horietatik eratorritako plastikoaren sailkapena egiteko (plastiko-motaren arabera), substantzia kloratuak ezabatzeko, beiraren kolorearen araberako sailkapena egiteko, kalitatearen araberako paperaren bereizketa eta sailkapena egiteko, eta abar.

Kolore antzekoa duten elementuak bereizteko ikusmen artifiziala darabilen teknologia erabiltzen dute. (Argazkia: Tecnalia).

Gaur egun, sentsore bidezko bereizketa-sistemen joera da bi teknologia elkarren osagarriak konbinatzea ekipo berean. Izan ere, bi teknologia horien elkarrekintzaren bitartez, bereizketaren etekina eta malgutasuna handitu egiten dira.

Teknologia horietako batzuk bereziki metalak identifikatzeko eta bereizteko aplika litezke. Izan ere, hondakin elektronikoetan metalak eskuz bereizi izan dituzte maiz, eta horrela ezinezkoa da kolore, itxura eta pisu antzekoa duten metalen bereizketa egitea. Horregatik, kolore bereko elementuak bereizteko —esatebaterako, aluminioa, nikela edo altzairu herdoilgaitza— ikusmen artifiziala darabilen teknologia erabiltzen dute. Ibilgailuetatik eta hondakin elektrikoetatik eta elektronikoetatik eratorritako metaletan aberatsak diren frakzioak berreskuratzeko ere erabil daitezke teknologia horiek. Sistema horiek duten abantaila nagusienetako bat da material ez-magnetikoak detekta daitezkeela; material horiek ezin dira ohiko tekniken bidez modu eraginkorrean bereizi.

Urte askoan, hondakin eta material horiek inolako tratamendurik gabe bota dira zabortegietara, horrek dakarren poluzio-arriskuarekin. Gaur egun, berriz, teknologiaren aurrerapenei esker aurrerapauso ugari egin dira material horien bereizketan.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia