Homo erectus espeziea duela 117.000 urtera arte bizi izan zen
2019/12/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, misterio bat zen Ngandongeko aztarnategian (Java, Indonesia) duela ia 90 urte aurkitutako fosil batzuen adina. Orain, beste metodo batzuekin batera luminiszentzia eta espin erresonantzia baliatuta, 117.000-108.000 urte dituztela jakin dute. Hala, aurkitu diren Homo erectus gizakiaren hezurrik gazteenak dira.
Espezie hori erabat zutik ibiltzen lehena izan zen. Duela 2 milioi urte inguru sortu zen, eta Pleistozenoan bizi izan zen, Eurasian. Ngandongeko aztarnategikoen datazioa zaila izan da, eta 550.000-27.000 urte zituztela kalkulatu izan da. Horren arabera, batzuek iradoki izan dute agian sapiensen garai berean ere bizi izan zirela, eta azken hauek H. erectus-etik eboluzionatu zutela ere baztertzen zuten zenbaitek.
Iowako Unibertsitateko Antropologiako ikertzaileek gidatutako azken datazioak, beraz, aurreko hipotesi batzuk ezeztatu ditu, eta ezagutzen diren H. erectus-en fosil gazteenak direla baieztatu. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia