Hizkuntza-eredu handiekin igotzen ari da lan zientifikoen kopurua eta kalitatea jaisten

Adimen artifizialeko hizkuntza-ereduek aldaketak eragin dituzte artikulu zientifikoetan.


AEBko ikertzaile batzuek adimen artifizialeko sistemek, eta, bereziki, hizkuntza-eredu handiek (HEH euskaraz, LLM ingelesez) artikulu zientifikoen ekoizpenean izaten ari diren eragina aztertu dute, haiek erabili aurreko eta ondorengoko datuak analizatuta, eta ondorioztatu dute, ikertzaile batek tresna hori erabiltzea erabakitzen duenetik, % 23,7 eta 89,3 hazten dela haren ekoizpena, bereziki, idazketa- eta hizkuntza-oztopoak baditu.

Horrekin batera, aldatu egin da idazketaren konplexutasunaren eta ikerketaren kalitatearen arteko harremana: HEHen bidez sortutako lanek, hizkera sofistikatuagoa duten arren, kalitate eskasagoa dute, ikuspegi zientifikotik.

«HEHen bidez sortutako lanek, hizkera sofistikatuagoa duten arren, kalitate zientifiko eskasagoa dute»

Beste diferentzia batzuk ere aurkitu dituzte, hala nola artikuluek erreferentzia gehiago izaten dituztela eta era desberdinetako literatura aipatzen dutela. Gainera, zientzialari gazteagoak eta artikulu ezezagunagoak aipatzen dituzte.

Ikertzaileen esanean, aldaketa horiek ondorioak ditu parekoen azterketan, aldizkarien edizioan, eta berrikuspenen metodologian. Horrenbestez, aintzat hartzeko auzia dela irizten diote. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali