}

Historian atzera baso bila

2004/12/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pagoa eta orbela. Pinua eta garoa. Gaztainak eta euriak bustitako hosto nabarrak. Euskal basoaren milioika irudi ditugu gogoan. Basoa; gure betiko basoa. Hala ere, gure 'betiko' baso hori ez da beti izan orain ezagutzen dugun bezalakoa.
D. Solabarrieta

Zuhaitz artean sartuta, ihes eginda bezala sentitzen gara: ematen du gizarte teknologikoa ez dela iristen basoaren bihotzeraino. Badakigu ez dela egia, baina iruzur atsegina da. Batzuetan, nahikoa da errepiderik ez ikustea arbasoen bizilekuan gaudela sentiarazteko. Iruzur atsegina, bai. Baina ez errepidea gertu dagoelako bakarrik, baizik eta arbasoen bizilekuaz dugun ideia ere iruzurra delako.

“Jendeak uste du basoaren egoera gaurkoa baino hobea izan dela iraganeko garai guztietan” dio Alvaro Aragon Aranzadi elkarteko historialariak. “Baina, adibidez, gaur egun XIX. mendean baino hiru aldiz zuhaitz gehiago dago Euskal Herrian”.

Mende asko dira gizakia basoa eraldatzen hasi zela; nolako beharra, halako basoa. Eta, beraz, zaila da guretzat jatorrizko euskal basoaren ideia zuzena izatea. Nolakoa zen jatorrizko basoa?

Zalantzarik gabe, gaur egungo basoa ez da jatorrizkoa, azken mendeetako industriaren ondorioa baizik. Dirua ekartzen duen jarduerarena, hain zuzen.

Azkar hazten diren zuhaitz asko landatu ziren XIX eta XX. mendeetan papergintzaren eskariari erantzuteko.
IKT, S.A.

Basoei dagokienez, papergintzak izan du indar gehien azken ehun urteetan. Papera egiteko egur asko behar zuten. Asko eta azkar. Horregatik, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiek baso-zerbitzuak sortu zituzten 1905ean. Helburuetako bat azkar hazten diren zuhaitzak landatzea zen. Kanpotik ekarritako espezie asko landatu zituzten egokiak ote ziren proba egiteko.

Papergintzako guneen inguruetan intsinis pinua izan zen aukera onena. Eta horixe landatu zuten toki askotan, eta ustiatzen ikasi zuten. Dena dela, beste hainbat zuhaitz-mota geratu dira, Douglas izeiak eta laritzak, adibidez. Laritza neguan hostoa erabat galtzen duen pinu-itxurako zuhaitz japoniarra da, mendizaleentzat ohikoa, baina inondik inora ez jatorrizko basokoa.

Soilketa gogorra

Ipinabarrak aproposak ziren Y itxurako enborrak egiteko. Ontzigintzan ezinbestekoak ziren enbor horiek ontziaren oinarrizko forma lortzeko. Goian, balkoi bati eusten dion enbor horietako bat ikusten da, Pasai Donibanen. Gainera, zuhaitz horien goiko adarrak ikatza egiteko egur-iturri ziren (behean). (Argazkiak: Goikoa: A. Aragon. Behekoa: I. Irazabalbeitia).

Ezin da esan azkar hazten diren zuhaitz arrotz horiek baso tradizionala ordezkatu zutenik. Izan ere, papergintzak arrakasta handi hura izan baino lehen baso-eskasia handia zegoen. Eta ulertzekoa da; nork izan nahi du baso baten jabe etekin garbirik ematen ez badu? XIX. mendean arrazoi gutxi zegoen basogintzan aritzeko eta asko basoa soiltzeko. Baliabide asko zituzten basotik kanpo.

“Artoak sekulako iraultza ekarri zuen XVIII. mendean” dio Aragonek. “Artoaren etekin handiak hazkundea ekarri zuen populazioan. Horrekin batera, burdinaren beharrak gora egin zuen; bai eta ontzigintzak, nekazaritzak eta abeltzaintzak ere”.

Abeltzaintzako aldaketek ere badute zer esanik basoaren kudeaketan. Ardiaren zaintza garai hartan zabaldu zen Euskal Herrian. “Legazpin 1750 inguruko agiri bat dute ardiei buruzkoa; han esaten da garai hartan iritsi zela herrira lehen artaldea”. Ordura arte, behiak eta txerriak ziren nagusi, nahiz eta ahuntzak eta behorrak ere hazten zituzten. Behiak eta txerriak basoan bazka daitezke, baina ardiek larrea behar dute. Ardiak ugaritzean, baso asko soildu egin zituzten. Aralar mendikatea horren adibidea da.

Baso-jabeek dirutza egin zuten egur hori salduta. Diru hura ezinbestekoa zen, besteak beste, gerra karlistak ordaintzeko. Gainera, desamortizazioa gertatu zen, eta lurraren jabe berriek nahiago zuten dirua basoa baino. Jatorrizko euskal basoa saldu egin zuten. Dena dela, baso hura jatorrizkoa zen? Egin dezagun pauso bat atzera.

Ipinabarra eta zuhaitz lepatuak

XVII eta XVIII. mendeetako industriak zuhaitz asko behar zituen eta gizakiak soildutako larreak oso urriak ziren garai hartan. Industrian, burdingintzak eta ontzigintzak zuten indar gehien, eta biek eskatzen zuten zuhaitzak ustiatzea. Dena dela, horietako bakoitzak baso-mota bat eskatzen zuen. Lehenengoak ikatza egiteko egurra behar zuen, hau da, adar txiki asko; bigarrenak ontziak egiteko pieza handi eta okertuak.

Burdingintzak eta ontzigintzak. Biek kantitate handiak behar zituzten. Biak ondasun-iturri ederrak ziren, eta biak agintari ezberdinen eskuetan zeuden.

Ipinabarraren teknikan, bi adar nagusi uzten zizkioten zuhaitzari. Harrietara edo zorura lotzen zituzten adar horiek, irudian ikusten den bezala haz zitezen.
A. Aragon

“XVI eta XVII. mendeetan erregeak eta probintziak berak kudeatzen zuten basoa. Eta bien interesak kontrajarriak ziren. Gipuzkoako diputazioak burdinolak atera nahi zituen aurrera. Kontuan hartu behar da garai hartan udaletako jauntxoak zeudela diputazioan, hau da, burdinolen jabeak. Ontzigintza, berriz, erregearen esku zegoen. Horregatik, lehia egoten zen beti” dio Aragonek.

Hala ere, bazen irtenbide bat: ipinabarra eta zuhaitz lepatuak erabil zitezkeen. Izan ere, industria biek baso-mota ezberdinak eskatzen zituzten, baina ez zuhaitz ezberdinak. Teknika horien bitartez, zuhaitz-mota berak bi beharrei erantzuten zien.

Bietan oinarrizko ideia bera zen; zuhaitzaren adar nagusiak okerraraztea itxura horretako oholak lortzeko, eta goiko adarrak erabiltzea ikatza egiteko. Gainera, haritza, artea, pagoa edo horrelakoren bat izanez gero, fruitua ere ematen zuten. Hiru erabilera, beraz, zuhaitz bakarrarentzat.

Egurraren merkatu zaharra

Ezin ditugu jatorrizko basotzat hartu hiru erabilera izateko eraldatu ziren zuhaitzek osatutakoak. Historian atzera egin behar dugu berriz horien bila. Hala ere, eraldatu gabeko basoa ez da erraz topatzen. Ipinabarra eta zuhaitz lepatuen teknika erabili baino lehen, beste modu batera ustiatzen ziren zuhaitzak: oro har, tantaiak eta txaradiak hazten zituzten.

Gaztainondoen txaradia. Enbor txiki eta zuzenek aplikazio ugari zituzten XVI. mendeko egur-industrian.
G. Roa

Tantaiak zuhaitz luzeak ziren. Ikatzetarako egurra ematen zuten, eta, gainera, etxeetako hagak, itsasontzietako mastak eta bestelakoak egiteko erabiltzen ziren. Garai hartzako ontzigileek ez zituzten tantaiak okertzen, baizik eta berez okerrak zirenak bilatzen zituzten.

Txaradiak gehienbat gaztainondoak eta hurritzak izaten ziren. Hamabost bat urtean behin mozten zituzten, eta berriz hazten ziren. Eta epe horretan adarrek hartzen zuten itxurak aukera asko ematen zituen. Alde batetik, adar horietatik haga txikiak egiten eta saltzen zituzten, adibidez, pikak egiteko (nazioarteko merkatu oparoa zen). Bestetik, zumitzak ateratzen zituzten, hau da, egurrezko 'xaflatxoak' upelgintzan eta otargintzan erabiltzeko.

Zuhaitz horiek, beraz, behar asko asetzen zituzten, merkatuari eusten zioten, bai eta oinarrizko dietari ere. Ez da ahaztu behar garai hartan artoa ez zela ohiko janaria, eta artea, haritza, intxaurrondoa eta gaztainondoa zirela fruituen iturri nagusia.

XV. mendetik aurrera, populazioak azkar egin zuen gora, eta jende horrek guztiak jan egin behar zuen. Oro har, Erdi Aroan baino janari, burdina eta egur gehiago behar zuen gizarteak. Horregatik, ezinbestekoa zen basoa babestea. Beraz, soilketaren aurkako lehen neurriak hartzen hasi ziren. Gipuzkoan, adibidez, 1548an araudi berria egin zen: legez, herri bakoitzak bostehun haritz edo gaztainondo landatu behar zituen urtero.

Antzinako herriaren basoa

Ezkurra eta gaztaina oinarrizko janariak izan ziren, gose-garaietan batez ere.
G. Roa

Populazioa asko hedatu arte, Erdi Aroan basoak ez zeuden oso kontrolatuta. Europako beste herrietan erregeek arau zorrotzak ezarri zituzten basoaren ondasuna kontrolatzeko, Ingalaterran, adibidez, baina ez Nafarroan. Basoak erregearenak ziren, bai, baina ez zuen horrelako kontrolik egiten.

Horrez gain, basoaren soilketa ez zen arazotzat hartzen. Populazioa ez zen oso handia, eta basoen ondasunak arriskuan egoteko inongo arrazoirik ez zegoen.

Beraz, jatorrizko basoa zen Erdi Aroko basoa? Egia esan, ez guztiz. Hainbat zuhaitz-espezie ez ziren bertakoak. Gaztainondoa, adibidez, mila urtez egondakoa zen, baina ez gehiago. Ikertzaileen ustez, erromatarrek ekarri zuten. Hain zuzen ere, historialari erromatarren agirietan oinarritutako ustea da. “Pliniok eta Estragonek hemengo lurraldeak aipatzen zituztenean esaten zuten jendeak ezkurra jaten zuela. Gaztainari buruz ez zuten ezer esaten” dio Aragonek.

Eta hori baino lehen, zer? Egia esan, erromatarrak etorri baino lehenagoko garaia ez da hain ezaguna. Neolitoko jendeak egin zituen lehen soilketak basoan, nekazaritzan hasteko. Oso soilketa txikiak izan ziren, noski, baina merezi du aipatzea. Palinologoen ustez, soilketa txiki haiek erraztu zuten pagoa euskal basoan sartzea.

Txaradietatik zumitzak egiten zituzten, eta, besteak beste, upelak egiteko erabiltzen zituzten. Geroago, zumitz horien ordez metalezko xaflak jartzen hasi ziren upeletan.
A. Aragon

Palinologoek polena eta haziak aztertzen dituzte, eta, esaten dutenez, ez da pagoaren arrastorik duela 5.000 urte arte. Ez zegoen pagorik; pixkanaka iritsi zen Adriatiko aldetik hona, soilketa txikiek lagunduta.

Hori guztia jakinda, hasierako ideiara joan gaitezke berriz: pagoa eta orbela, pinua eta garoa, gaztainak eta euriak bustitako hosto nabarrak... horietatik guztietatik zein baztertu behar da jatorrizko basoa izateko? Agian, ez dago 'jatorrizko' basorik. Agian, ez da inoiz izan. Garaian garaikoa onartu beharko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia