Historiako tsunamirik handiena
2001/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kaliforniako Unibertsitateko eta Benfield Grieg Arriskuen Ikerketa Zentroko zientzialariek egindako ikerketa baten arabera, Kanarietako Cumbre Vieja sumendian erupzioa gertatzen bada, lurren mugimendu erraldoia sor daiteke, eta, ondorioz, AEBetako kosta atlantikoa eta Afrika eta Europako zati batzuk eragin ditzakeen olatu erraldoiak sor litezke. Gertatuz gero, historian inoiz izan den tsunamirik handiena izango litzateke.
Tsunamiak itsasoaren hondoko edozein prozesuk eragindako eskala handiko eta epe motzeko olatu handiak dira. Gehienetan itsasikarengatik gertatzen badira ere, itsaspeko luiziek edo erupzio bolkanikoek ere sorraraz ditzakete. 950 km/h-ko abiadura baino handiagoa izan dezakete, eta, itsas zabalean altuera arbuiagarriak badituzte ere, kostaldera hurbiltzean (batzuetan jatorritik ehunka kilometrora) 30 m-ko altuera izatera irits daitezke. Horregatik, tsunamiak oso suntsitzaileak izaten dira kostaldean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia