}

Historiako lehen “asteroideratzea”

2001/02/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Astelehenean arratsaldeko lauretan hasiko da NEAR zundaren "asteroideratzea". Lau ordu iraungo dute operazioek eta, arrakasta izanez gero, NEAR zunda inoiz asteroide batean pausatu den lehena izango da NASAren harrotasunerako. Baina ez da lan erraza izango, NEAR zunda ez dagoelako asteroidean pausatzeko eraikita.

Urtebete orbitan

Laster beteko dira bost urte NEAR zunda espazioratu zela. 1996ko otsailaren 17an jaurti zuten eta helburua Eros asteroidea urtebetez orbitatzea zen. 1999aren hasieran lanean hasteko zen, baina arazo teknikoak zirela medio, ez zen 2000ko otsailera arte Erosen inguruan biraka hasi. Urtebete egin du horrela eta, atzerapenez bada ere, eman zitzaion lana ongi baino hobeto bete du.

Asteroidearen masa, egitura, geologia, konposizioa, grabitatea eta eremu magnetikoa aztertu ditu eta aurreikusi zena baino 10 bider informazio gehiago bildu du. Horrez gain, Erosen 160.000 bat argazki bidali ditu. Erosek patata itxura duela, 33 km luze eta 13 km zabal dela, krater kopuru handia duela eta oso zaharra dela argitu ahal izan da. Asteroidearen forma argi eta garbi zehaztu da. Baina zertarako ikertzen dira asteroideak?

Asteroideak ez dira besterik gabe ikertzen. Eros bezalakoak eguzki-sistemarekin batera sortu zirela uste da, eta eguzki sistemaren sorrerari buruzko hainbat galdera erantzuten lagun dezaketelako dira interesgarriak. Asteroidearen konposizioa aztertuta eguzki sistemaren eta Lurraren sorrera sakonago azter daitezke. Esaterako, elementuak ez dira berdin banatzen asteroideetan eta Lurrean. Lurraren grabitate indartsuak nukleoa bero mantentzen du eta elementuak, dentsitatearen arabera, geruzetan banatuta daude. Asteroideetan, ordea, dentsitatea uniformea da eta elementu guztiak nahasita daude. Ezaugarri horiek alderatuta, Lurra sortu zenean nolakoa zen irudika daiteke.

Galdera berriak

Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta zalantza gehiago izaten direla esan ohi da, eta Eros aztertzean antzeko zerbait gertatu da. Hainbeste informaziok galdera berri asko sortu du. Gainazalean dauden artekak, hautsitako harkaitz handiak, malda behera batzuetan pilatuta dagoen hautsak... hainbat galdera eta buruhauste eragin dizkie ikertzaileei. Batez ere, ustez asteroidearen grabitatea hautsa pilatzeko ahulegia delako. Fenomeno berezi horiei buruzko datu gehiago eskuratu nahi dute eta horregatik erabaki dute zunda asteroidean pausaraztea. Horrela, hurbildu ahala neurketa eta argazki gehiago egiteko aukera izango baitu. Azkena 500 metroko altueratik egingo du eta 12 zentimetroko bereizmena izango du.

NEAR zundak Eros asteroidean pausatzea lortuko duen astelehenean ikusiko da, baina litekeena da zunda asteroidearen kontra txikitzea. Izan ere, hori ez zen zundaren hasierako asmoa eta ez dago horretarako prestatua. Egin daitekeen ia gauza bakarra abiadura oso txikian erortzen uztea da, 3-8 km/h abiaduran, eta zer gertatzen den ikusi.


Asteroideak, espazioko harkaitzak

Asteroideak eguzki sistemako gorputz txikiak dira, planetoideak ere deituak. Harkaitz itxura dute eta tamaina aldakorra. Handiena Ceres da 1.000 kilometroko diametroarekin baina gehienek kilometro gutxi batzuetako diametroa dute. Gehienek Jupiter eta Marteren artean orbitatzen dute Eguzkia, asteroide gerriko deritzon eskualdean. Jupiterren grabitatearen eragina dela-eta eratzera iritsi ez zen planeta baten hondakinak direla uste da. Beste zenbaitek asteroide gerriko horretatik kanpo orbitatzen dute Eguzkia, eta batzuk Lurretik gertu (milioika kilometro) ibiltzen dira. Horiek Near Earth asteroide taldea osatzen dute eta Eros horietako bat da. Oro har, orbita egonkorra dituzte eta Lurrarekin talka egiteko arriskua minimoa da. EROS Lurretik 316 milioi kilometrora dago orain, gutxi gorabehera Lurretik Ilargirako distantzia halako 10era, eta horregatik aukeratu zuen NASAk. Hurbil dagoelako eta hara zunda bat bidaltzea garestiegia ez delako.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia