}

Hilkortasun-tasa abioietan

1992/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urtero 260 milioi pertsona baino gehiagok bidaiatzen du abioietan. Gainera, abioi garraioa segurua dela esan daiteke. Baina, orain dela 30 urtetik honantz istripua izan eta bizirik ateratzeko probabilitatea ez da handiagoa eta % 60koa izaten segitzen du. Beraz, aire-konpainiak eta botere publikoak gehiago kezkatuz gero badirudi heriotz kopurua txikiagotu daitekeela.

Nahiz eta besterik pentsatu, abioi-istripu guztiak ez dira hiltzekoak izaten. "British Medical Journal"ek dioenez, gaur egungo abioien egiturak ahultasun handiak ditu. Aulkiak ez daude zolura behar bezala lotuta. Segurtasun-gerrikoek ez dute eraginkortasun handirik; haurrentzat batez ere. Toraxa automobiletan bezala lotuz gero, eraginkortasun handiagoa izango lukete. Maleta eta poltsak gordetzeko lekuak abioiaren goialdean daude eta istripua gertatzen denean erraz apurtzen dira bidaiarien gainera eroriz. Edari alkoholikoak primeran erretzen dira sua dagoenean.

Publikoa hezten dena egiteke dago. Inork ere ez daki talka eginez gero edo larrialdi lurrartzea badago zer egin behar den edo posiziorik egokiena zein den. Suak bidaiari asko hiltzen du eta ke toxikoen eraginez bizirik ateratako bidaiari askok arnas arazoak izaten ditu.

Ke-erauzgailuak askotan proposatu badira ere, abiazio zibilak baztertu egin ditu orain arte.

Michel Zederman doktorearen arabera "abioigintzan automobilgintzan egiten den ahalegin bera egin beharko litzateke. Zergatik ez da segurtasun aeronautikorako agentziarik sortu?