Hezur-muineko transplantea eginez hiesa senda daitekeela berretsi dute
2019/03/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bigarren aldiz, hiesa zuen paziente bat sendatzea lortu dute. Hezur-muineko transplantea egin zioten, Hodgkinsen linfoma ere bazuelako eta bizirauteko beharrezkoa zuelako. Bide batez, GIB birusarekiko erresistentea den pertsona baten hezur-muina transplantatu zioten; alegia, birusaren sarrera eragozten duen D32 mutazioa duena CCR5 hartzaileeetan. Transplantearen ondoren, ez dute birusaren arrastorik ikusi ikertzaileek: ez odolean, ez eta birusa gordailuetan ezkutatuta ere. Eta transplantea egin ziotenetik, ez da birusik agertu, ezta botika erretrobiralak hartzeari utzita ere. Era guztietara, zuhur jokatu eta guztiz sendatuta dagoela ziurtatzeko denbora gehiago itxoin behar dela onartu dute ICISTEM lan-taldeko ikertzaileek.
Duela hamar urte lortu zuten lehenengo aldiz hiesa zuen paziente bat sendatzea, Berlinen. Hartan, ia kasualitatez izan zen. Kasu berri honek, ordea, berretsi egin du posible dela, esperantzak handituta. Bidea ez da erraza izan, 5-7 pazienterekin egin da saiakera azken hamar urtetan mundu-mailan, baina ez da ondo atera, heriotza-tasa handiko pazienteak baitira: batzuk infekzioengatik hil dira, beste batzuetan birusak beste hartzaile ordezko bat bilatu du linfozitoetan sartzeko…
“Argi dagoena da transplantea ezin dela izan hiesa sendatzeko tratamendu bat”, adierazi du Jon Badiola ikertzaile eta ICISTEM lan-taldeko kideak. “Prozedura horrek heriotza-tasa oso altua du, eta, gaur egungo botikekin, hiesa gaixotasun kroniko soila bihurtu dugu jada”. Ikertzailearen ustez, bakarrik du zentzua du hiesa eta aldi berean minbizia izan eta derrigor transplantea behar duten pazienteen kasuan.
Badiolak Granadako Virgen de las Nieves Unibertsitate Ospitalean ikertzen du, hain zuzen halako transplanteek hiesa nola sendatzen duten argitu nahian. “Jakin behar dugu zehazki zer gertatu den bi paziente horietan: zein mekanismo erabili duen gorputzak gordailuetako zelula horiek aurkitu eta hiltzeko. Hala, mekanismo hori ulertzen eta kopiatzen badugu, bestelako terapia zelularra garatu ahal izango dugu, toxikotasun txikiagoa duen tratamendu bat. Hiesdun paziente guztientzat balioko duena”.
Badiolak eta lankideek ere egiten dituzte halako transplanteak, baina D32 mutaziorik gabeak. Izan ere, ikusi dute hezur-muineko transplante hutsez asko murrizten dela birusen gordailu ezkutu hori. “Gaur egungo botikez birusaren erreplikazioa kontrolatzen badugu, kimioterapiaz pazientearen linfozito guztiak hiltzen baditugu eta bizkar-muineko transplantea egiten badiogu, linfozitoak ez dira berriro berrinfektatzen. Transplantearen atzean dagoen mekanismoa argitu behar dugu”.
Informazio osagarria:
Jon Badiola medikua, hiesaren sendabideaz.
Eva Poveda birologoari elkarrizketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia