}

Hesteetako mikroorganismoek portaeran agintzen dute

2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hesteetako mikroorganismoek portaeran agintzen dute
2011/03/01 | Elhuyar

Saguetan egindako ikerketa baten arabera, ausarta izatearen edo motelduta egotearen gakoa hesteetako mikroorganismoetan egon daiteke. Hori ondorioztatu dute Stockholmeko Karolinska Institutuko ikertzaileek.

Hesteetako floraren eta garunaren arteko erlazioaren lehen probak duela bost urte lortu zituzten. Hain zuzen, orduan frogatu zuten serotonina neurotransmisorearen ekoizpenean garrantzia duen gene baten jardueran eragiten dutela hesteetako mikroorganismoek.

Orain, hesteetan mikroorganismorik ez duten saguak eta sagu arruntak alderatu dituzte, bereziki portaerari eta garunaren jarduerari erreparatuz. Eta ikusi dute lehenak arruntak baino ausartagoak direla, eta antsietatea izateko joera txikiagoa dutela. Horrez gain, antsietatearekin erlazionatutako geneen jarduera txikiagoa da haietan, eta lehenago deuseztatzen dituzte antsietatearekin erlazionatutako neurotransmisoreak, hala nola noradrenalina eta dopamina.

Ikertzaileek beste xehetasun batzuk ere ikertu dituzte, eta, hala, jakin dute saguak jaio aurretik hasten dela hesteetako mikroorganismoen eragina. Azaldu dutenez, ernaldian, fetuaren garunaren garapenean eragiten duten molekulak jariatzen dituzte hesteetako mikroorganismoek.

Pertsonetan ere aztertzen ari dira garunaren eta hesteetako mikroorganismoen arteko erlazioa. Zenbait adituren ustez, ikerketa horien emaitzak oso interesgarriak izan daitezke buruko gaixotasunak tratatzeko bide berriak bilatzeko.

1
273
2011
3
005
Mikrobiologia; Anatomia/Fisiologia
Albisteak
11

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia