Hesteetako mikroorganismoek azetatoa ekoitziz eragiten dute obesitatean eta intsulinarekiko erresistentzian. Ondorio hori atera du nazioarteko ikertzaile-talde batek, saguekin egindako ikerketa batetik. Ikusi dute gantz askoko dietak saguen hesteetako mikrobiota eraldatu eta azetato gehiago ekoiztea eragiten duela, eta gantz-azido txiki horrek nerbio-sistema parasinpatikoa aktibatzen duela. Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.
Obesitateak hesteetako mikrobiotarekin lotura duela jakina zen, baina hori nola gertatzen den, ez. Aurreko ikerketa batean, ikertzaileek ikusi zuten azetatoak intsulina gehiago jariatzea eragiten duela saguetan. Eta azetatoak gorputzean nola eragiten duen ikertzeko, hainbat esperimentu egitea erabaki zuten. Hala, batetik, azetato-maila beste gantz-azido labur batzuen mailarekin alderatuta, ikusi dute gantz askoko dieta duten saguek azetato-maila handiagoa dutela proportzioan. Alegia, gantz askoko dietak hesteetako mikrobiota eraldatzen du, eta azetato gehiago ekoizten da.
Bestetik, azetatoak garunean eragiten duela ikusi dute, nerbio-sistema parasinpatikoan, eta, ondorioz, intsulinaren eta grelina eta gastrina hormonen jarioa handitzen dela. Azken bi hormona horiek gosea eragiten dute, eta, beraz, saguek gehiago jatea eta gizentzea. Azkenik, ikusi dute gorotz-transplanteak eginda aldaketa bertsuak gertatzen direla saguen mikrobiotan, azetato-mailan eta intsulinan.
--> Hesteetako bakterioak, beste organo bat
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.