}

Herritar arduratsuarena

2015/11/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Litekeena da haragi-jaleren bat baino gehiago arduratuta egotea haragi prozesatuek eta haragi gorriak minbizia izateko arriskua areagotzen dutela jakin duenetik. Ziurrenik, herritar arduratsua bada, dagoeneko jakingo du zer dioen OMEren Minbizia Ikertzeko Munduko Agentziaren txostenak, hizki txikitan. Alegia, hasierako lerroburuek eragindako izualdia gaindituta, iturri fidagarrietara jo eta informazio sakona bilatuko zuen.

Hala, jakingo du egunean 50 g haragi prozesatu baino gehiago jateak % 18 areagotzen duela koloneko eta ondesteko minbizia izateko arriskua, eta substantzia minbizi-eragileen sailkapenean tabakoarekin eta amiantoarekin batera sartu badute ere, ez duela esan nahi haiek bezain arriskutsua denik, irakurri edo entzungo baitzuen tabakoak eragindako minbiziek milioi bat heriotza eragiten dutela urtean, eta, haragi prozesatua duen dietaren ondoriozko minbiziek, berriz, 34.000.

Jakingo du, halaber, sailkapen horretan haragi gorria ez dutela haragi prozesatuaren maila berean jarri. Izan ere, haragi gorriaren kasuan, minbizia sortzeko arriskua ez dago hain garbi, baina bada susmagarria.

Bai, seguru asko jakingo du hori guztia, benetan baita arduratsua. Hala ere, baliteke, halako batean, osasun publikoaren funtzioak gogoratzea, eta ohartzea, osasun agintariei dagokiela irizpide garbiak ematea, eta arriskua mugatzeko neurriak hartu behar badira, hartzea, ardura guztia norbanakoen gain utzi gabe. Hala izan beharko lukeelakoan nago ni ere.

Berria egunkarian argitaratua.

--> Gaiari buruz informazio gehiago nahi izanez gero:

      - Entzun Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako kolaborazioa: Munduko Osasun Erakundeko txostena Elhuyarreko Ana Galarragarekin

      - Ikusi Azpimarra saioko tartea: Arduratsu jokatu al du Osasunaren Mundu Erakundeak okelaren aferan?

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia