}

Hemoglobinaren 'arbasoek' toxinak kanporatzen zituzten

2004/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hawaiiko ikertzaile batzuek aurkitu dute hemoglobina proteinaren forma zaharren helburua zela oxigenoa eta beste hainbat toxina gorputzetik eliminatzea.

Oxigenoa odolean garraiatzea arnasketa-prozesuaren urrats garrantzitsua da gaur egungo animalietan, baina garai batekoentzat toxikoa zen gas hori. Hawaiiko ikertzaile batzuek aurkitu dute hemoglobina proteinaren forma zaharren helburua zela oxigenoa eta beste hainbat toxina gorputzetik eliminatzea.

Hemoglobinak ez ezik, mioglobinak, neuroglobinak eta zitoglobinak garraiatzen dute oxigenoa; ikertzaileen arabera, proteina horien aitzindariek, protoglobinek, oxigenoa, karbono monoxidoa, oxido nitrikoa eta antzeko beste molekula txiki batzuk garraiatzen zituzten organismoa babesteko. Gero, proteina horiek eboluzionatu egin zuten oxigeno hori arnasketa-prozesuan sartzeko.

Protoglobina horietako batzuk gaur egungo arkeoetan ikertu dituzte, mikroorganismo txiki-txiki batzuetan, alegia. Ikertzaileen ustez, litekeena da arkeoen protoglobinak eta hemoglobinaren aitzindariak oso antzekoak izatea; kalkulu teorikoen bitartez baieztatu dute protoglobinek ahalmena zutela oxigenoa eta beste molekula txiki batzuk garraiatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia