
Hil honen erdialdean kalean izango da zero zenbakia, Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimenez sortutako proiektuaren lehen fruitua. Edukiak lantzeko ardura Elhuyar Fundazioarena da, eta, horrez gain, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren laguntza du.
Zero zenbakia
Kaleratuko duen lehenengo zenbakian ideien, emozioen, garen bezalakoak egiten gaituenaren --hau da, garunaren-- kutxa ireki du Irrikak. Atea ireki eta garunaren etxean sartu da, nola eraikia dagoen ikustera. Eta euskal ikertzaileek etxe handi hori erabiliz egiten duten lanaren berri ere jaso du: fruitu-zukuekin egiten diren iruzurrak, krimenak argitzeko intsektuek duten balioa, gazte eta helduen debateen arteko desberdintasunak...
Ondoren, kalera atera da, Bilbo geologikoa ezagutzera. Kalea fosilez josita dagoela igarri du, eta bisita turistiko berezia proposatu du. Horrez gain, kalean, informazioa jasotzeko aukera ere izan du, eta gauza bitxi ugari jakin du: kakao-likorea uste baino zaharragoa dela, gazteek entzuten dituzten abestien % 42k drogak aipatzen dituztela, tatuaje elektronikoen atarian gaudela eta abar. Bestalde, mito batzuk ere hautsi zaizkio. Zientzialari ospetsuen gaineko txumu-mutxuek oro ez dela urre erakutsi diote, eta erdietan kale ere egiten dutela.
Eta, nola ez, pertsona interesgarriak ezagutu ditu: Eñaut Elorrieta Kez Zazpiko abeslari eta fisikaria; Gala Moreno, denboraldi luzeak Indiako Itsasoan ematen dituen ikertzailea; eta Nikaraguatik bueltatu berri den Ainhoa Jimenez ikaslea. Gai gehiago ere baditu, baina ez dizkigu guztiak orain kontatu nahi izan. Sekretu bat: zirrika ibili da, bero-bero eginda. Gainerakoak, guk geuk ikusi behar. Hau da Irrika!
Arakistain Aizpiri, Lorea
Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Elhuyar Fundazioan. Haur eta gazteei zuzendutako azpisailaren arduraduna da.
Haur eta gazteei zuzendutako proiektuetan erredakzio eta dinamizazio lanak egiteaz gain, Zernola olinpiada, Teknoskopioa eta Irrika proiektuen ardura izan du, eta horien webguneen berritze-lanak gidatu ditu.
Kazetaritzan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean (2005),
Elhuyarren hasi aurretik, irratian egin du lan, batez ere Euskadi Irratian eta Herri Irratia–Loyola Median. Loyola Media Eibar irratiko arduraduna izan zen, baita magazinetako eta albistegietako aurkezlea ere.