}

Arranoak, otsoak eta katamotzak, Axlorreko neandertalen jaki

2018/07/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hegaztiak-otsoak-eta-katamotzak-axlorreko-neandert
Arg. Asier Gómez Olivencia

Axlor haitzuloan bizi izan ziren neandertalek hegaztiak, otsoak eta katamotzak jaten zituztela ondorioztatu dute, 1970eko hamarkadan Barandiaranek gidatutako indusketatan jasotako aztarnak aztertuta. Asier Gómez Olivencia (EHU) eta Joseba Rios Garaizar (CENIEH) ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute.

Neandertalak nagusiki ungulatu ertain eta handiez elikatzen baziren ere, gero eta ebidentzia gehiagok erakusten dute hori baino dieta aberatsagoa zutela. Adibidez, EHUko Domingo C. Salazar ikertzaileak eta kideek argitaratu berri duten lan batean, neandertalen hortzetako lertzoa aztertuta, ikusi dute landareak kontsumitzea oso ohikoa zutela. Horrez gain, untxiak, dortokak, hegaztiak eta karniboroak jaten zituztela ere ikusi izan da, baina, hegaztien eta karniboroen kasuan, orain arte ez zen arrastorik topatu eremu kantauriarrean.

Orain, Axlorreko neandertalen aztarnen artean markatuta dauden aurkitu dituzte hiru hegazti-hezur (bi arrano beltzenak eta bestea belearena), eta otsoaren eta katamotzaren hezur bana. Marken arabera, ondorioztatu dute arrano beltzak eta katamotza seguruenik haragia jateko erabili zituztela, eta otsoaren kasuan izan zitekeen haragia edo larrua lortzeko.

Animalia horien kontsumoaren kontinente osoko aztarnak ere errepasatu dituzte ikertzaileek. Hegaztiak haragitarako ehizatzen dituztela erakusten duten aztarnak Iberiar Penintsulan daude, nagusiki. Hegaztien atzaparrak apaingarri gisa erabiltzen zituztela Frantzian, Kroazian eta Italian ikusi da, eta lumak apaingarri gisa erabiltzea berriz askoz zabalduago zegoen. Karniboroei dagokienez, Europa kontinentalean artzak ehizatzen zituzten gehienbat; penintsulan, berriz, dauden aztarna urriek iradokitzen dute, batez ere, kanidoak eta felidoak ehizatzen zituztela.