}

Hegazti homosexualak

1989/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azterketa etologikoek aditzera eman dutenez, hegazti basatien artean homosexualismoa ez da harrigarria. Lau kaio-espezie, txenada-espezie bi eta antzar-espezie bateko emeek jokabide lesbianoak izan ditzakete. Itxura denez egokitze-arazoak izan dira hegazti horiei ohizkoa ez den jokabidea hartzera bultzatu dituenak.

Fenomeno hau lehenengo aldiz Kaliforniako Santa Barbara irlako kaio-kolonietan ikusi zen. Kabien %14ak ohizko arrautz kopurua baino bi bider arrautza gehiago zuen. Printzipioz gertakizun honek beste jatorririk izan dezake (ar poligamoak edota kabi-parasitismoa esaterako), baina jatorria arrautzak erruten zituzten eme-bikoteak zirela ikusi zen.

Ar/eme bikoteetan bezala, lotura iraunkorrak sortzen dira eta ondorengo urteetan bikote lesbiano berberak osatzen dira. Kaioen bikote homosexualek bikote normalek erabiltzen dituzten gorteju-teknika eta lurraldetasun-jokabide berdinak dituzte. Dena den, kopulazio-saio homosexuala oso gutxitan gertatzen da.

Bikote homosexualen ugaltzea, kolonian dagoen ar-kopuruaren jaitsierarekin zuzenki erlazionaturik dago. Zenbat eta ar gutxiago, orduan eta bikote homosexual gehiago. Bikote homosexualek, umeak aurrera ateratzea ezingo luketen emeei (umeentzako nahikoa elikagai eskuratzerik izango ez luketelako adibibez) lortzeko bidea ematen diete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia