}

Hegazkin azkarrena, geldirik

2001/08/05 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia


Hegazkintza-enpresek egin dituzten aurreikuspen guztien arabera, badirudi zeruetako etorkizuna hegazkin supersonikoena izango dela. Horregatik, hegazkin supersonikoen arloko ikerkuntza azken urteotan indarberritu egin da.

Enpresa pribatuen eta estatuen arteko elkarlana bideratu izan da arlo horretan, bakarrean aurre egiteko inbertsio ekonomikoak handiegiak baitira. Lan horren lehen emaitza X-43A hegazkin supersonikoa izan da, Estatu Batuetako enpresa pribatuek eta NASAk ateratako prototipoa. Ekainaren hasieran jarri nahi zuten hegan, baina saiakera erabat ustela izan zen.

X-43A hegazkinak surf-eko taularen itxura du. Hegan egiteko Scramjet teknologiaz baliatzen da; hau da, errekuntza hipersonikodun motorra. Scramjet teknologiak, alde mekanikotik begiratuta, oso diseinu sinplea du, ez baitu mugitzen den zatirik. Ohiko motor turborreaktoreek konpresore birakaria erabiltzen dute, baina Scramjet teknologian motorreko airea konprimitzeko aurreranzko mugimenduaz baliatzen da. Izan ere, xurgatze-motorra da, aurrera mugitu ahala atmosferako oxigenoa hartzen baitu. Horrela, oxigeno likidoa eramateko tangak eraman beharrik ez du; hortaz, ohiko hegazkin supersonikoak baino arinagoa eta merkeagoa izan daiteke. Atmosferako oxigenoa zurrupatu eta gero, erregaia injekzioz sartzen da motorrean æhidrogenoa kasu honetanæ, eta errekuntzaren ondorioz hedatzen diren gasek airearen ihesa handitzen dute, propultsioa eraginez.

X-43A Mach 7tik gorako abiaduran ibiltzeko diseinatua dago, soinuaren abiadura 7 aldiz, ia 8.000 kilometro orduko. Gaur egun, SR-71 hegazkina munduko azkarrena da xurgatze-motorra duten hegazkinen artean, Mach 3tik gorako abiaduran ibiltzen baita.

Bataioan porrot

Aurreko guztia teoria besterik ez da, frogatua noski, baina teoria. Izan ere, X-43A hegazkinaren inguruan zeuden uste guztiak pikutara joan dira prototipoa hegan jartzeko lehen proban.

X-43A hegazkin supersonikoa Estatu Batuetako enpresa pribatuek eta NASAk ateratako prototipoa da.

X-43A hegazkin hipersonikoa Pegasus propultsio-kohete batekin lotu zuten; azken hori, berriz, B-52 hegazkin batean jarri zuten. Kohetea eta X-43A prototipoa hego azpian zituela, Kaliforniako aireportu batetik abiatu zen B-52 hegazkina. 30.000 kilometroko altuerara iritsi zenean, Itsas Barearen gainean, B-52 hegazkinak Pegasus propultsio kohetea askatu zuen. Hortik aurrera, teknikarien planen arabera, Pegasus koheteak X 43A prototipoa gorago eraman behar zuen eta han askatu. Askatu eta gero, prototipoak hamar segundoko hegaldia egin eta Ozeano Barearen gainean itsasoratu behar zuen. Baina, ezustekoa gertatu zen, askatu eta gero, bat-batean Pegasus koheteak æeta berarekin batera X-43A prototipoakæ eztanda egin zuelako. Beraz, lehenengoan huts.

Dena den, proiektua ezin da amaitutzat eman. Izan ere, huts egin duen hegaldia Hyper X programaren baitan antolatu diren hegaldietako lehena zen. Hegaldi-programa horrek 185 milioi dolarreko aurrekontua du, eta, horren arabera, hiru hegaldi-proba egin behar ziren. Proiektua amaitutzat eman ezin den arren, une honetan geldirik dago, oraindik erabaki egin behar baitute X-43A hegazkinaren beste bi prototipoekin zer egin.

Etorkizuna hegazkin supersonikoena?

Pegasus hegazkina. Prototipo berria honen propultsio-kohete batekin lotu zuten.

Galderak erantzuteko zaila dirudi, baina erantzuna erraza da: bai. Izan ere, nork pentsa dezake istripu bakar batek hegazkintzan gaur egun diru-piloa mugiarazten duen ikerketa arloa geratzea eragingo duenik? Lehendik ere, historiako hegazkintzan horrelako makina bat gertatu dira, eta, gehienetan, berriro aurrera egiteko adorea izan da. Behar bada, Hindenbourgaren istripuaren ondorioz, baloi gidatuen arloa egon da geldirik, baina gaur egun horretan ere ahalegin handia egiten ari dira. Gainera, kontuan hartu behar da oraingoan X-43Ak ez zeramala gidaririk. Beraz, ikerketa-lerroak irekita jarraituko du.

Izan ere, badirudi gaur egungo hegazkinak mugara iritsi direla, ezin direla erosoagoak eta bizkorragoak izan. Horregatik, besteak beste, hegazkintzan dihardutenek hegazkin supersonikoen etorkizuna oparoa izango dela uste dute. Zer gehiago eska dakieke egungo hegazkinei, abiada handiagoa eta segurtasun handiagoa ez bada?

Aeronautika-enpresak buru-belarri ari dira abiadura ikaragarrien teknologien ikerkuntzan, baina inbertsio ekonomiko handiegiekin egin dute topo, gehiegizkoak beharbada enpresa pribatuarendako. Ikerketa-lerro horren lehen bagoian, Europa eta Estatu Batuak daude. Inork ez du trena galdu nahi. Izan ere, emaitza onak lortzen dituen lehenak, maila altuko teknologiaz gain, bidaiarien hegazkinen merkatua eskura dezake.

Etorkizuna hegazkin supersonikoena izango da. Hala ere, bidea ez da erraza. Hegazkin horiek bizkorrak izan beharko dute, eraginkorrak, seguruak eta, batez ere, ingurugiroa hondatuko ez dutenak. Ustez, gaur egungo teknologia horrelako hegazkinak egiteko gai da. Gainera, begiratu egin behar da nortzuk ari diren lanean: Boeing, McDonnel Douglas eta Lockhed Martin estatubatuarrak NASArekin, eta Rolls-Royce, Aerospatiale, Daimler benz, Aerospace, British Aerospace eta Snecma europarrak Europako Batasuneko European Supersonic Research Program proiektuarekin.

Oraindik ez dago batere garbi horrelako proiektuak finantzatzeko behar beste diru egongo den edo ez, baina itxura guztien arabera, bidaiariendako hegazkinen etorkizunak supersoniko abizena du. Bide horretan aurrera eginez gero, gainera, supersonikoen ondorengo etorkizun hipersonikoan pentsatzen hastea ere badago. X 43A prototipoarekin ikusi denez, batzuk dagoeneko lanean ari dira, baina kontua da oraindik lehenengo urratsa ere ezin izan dela behar bezala egin. Dena den, ez da zientzia-fikzioa, denbora-kontua besterik ez da.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia