}

Haurren bat-bateko heriotza

2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako Mayo klinikako ikertzaile-talde batek haurren bat-bateko heriotzarekin zerikusia izan dezakeen gene bat aurkitu du. Bat-bateko heriotzaren sindromearen eraginez hildako 93 haurren ehunak aztertu ondoren, ikertzaileak ohartu ziren bi kasutan bihotzeko SCN5A genean akats zehatz bat gertatu zela. Gene horren zeregina erritmo kardiakoa kontrolatzen duten bihotz-zelulen sodio-katea kodifikatzea izaten da. Lana egin duten ikertzaileek onartu dute 93 kasutik 2tan mutazio bera agertzea ez dela, kopuruari dagokionez, oso esanguratsua; baina, hala ere, hori omen da maila molekularrean gaitz horri buruz agertu den lehen ebidentzia.

Herrialde garatuetan bat-bateko heriotzaren sindromeak eragiten ditu heriotza gehien haurren bizitzako lehen urtean: 1.000 haurretik bi. Heriotzen % 80 haurren bizitzako lehen sei hilabeteetan gertatzen da, % 15 bigarren sei hilabeteetan, eta % 5 urtea bete eta gero. Sindrome horren eragileak ezagutzen ez direnez, aukera bakarra haurrak kontrolatuta izatea da.

Eta, azkenaldian, ikertzaileek bide hori aukeratu dute. Esate baterako, irailean bat bateko heriotzaren sindromea saihesten laguntzeko pijama aurkeztu zen, Mamagoose izenekoa. Pijama horrek bihotzaren taupadak, bihotzaren erritmoa, eta haurraren arnasketa zaintzeko bost sentsore ditu. Alergiak ekiditeko sentsoreak pijama barruan doaz, eta pijama ESAko astronautek erabiltzen dituzten jantzien material berekoa da. 2003an merkaturatuko omen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia