Haurrak eta diabetea: elikaduraz ere hitz egin dezagun
1997/07/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Diabetea duten haurren bizimoduari erreparatzen badiogu, berehala ohartuko gara etengabe kontuan izan beharreko anitz faktore dagoela. Besteak beste, jateko ohitura egokiekin batera, kcal eta karbohidratoak erabat kontrolatu behar dituzte eguneko otordu guztietan, beti ere, medikuak ezarri dien intsulina-dosiaren eta egiten duten kirolaren arabera.
Haur bakoitzak dituen energia-beharrak ere hainbat faktoreren menpe zehazten dira: adina, pisua, garaiera, sexua eta ariketa fisikoa, besteak beste. Elikagaien bidez eskuratzen den energia aztertzen badugu, karbohidratoek energiaren % 50-55 inguru osatzen dutela ikusiko dugu: azkar zurgatzen diren karbohidratoak (azukrea, eztia, edari gozoak, gozokiak, opilak, txokolatea, azukredun zerealak eta azukre-kantitate handi xamarra duten gainerako elikagaiak) dietatik kanpo utzi behar dira. Horiek guztiak dietatik kanpo utzi behar dituzte ume diabetikoek. Esne eta frutatik eratorritako azukreak, bestalde, besteak baino azkarrago pasatzen dira odolera eta, beraz, gluzidoen % 15 izan behar dute eta gainerakoa polisakaridoak. Gozagarri naturalak erabiltzerik ez dutenez, hortaz, ume diabetikoek gozagarri artifizialak erabil ditzakete, baina beti ere neurri egokian, artifizialek ere eragin kaltegarriak izan ditzaketelako, zehatz-mehatz ezagutzen ez badira ere.
Karbohidrato konplexuei dagokienez, fibra (zuntza) gomendatzen da, jan ondoren gorputzaren glukosa-maila azkar igotzea oztopatu egiten duelako; hesteetan moteldu egiten da zurgapena eta, beraz, itsulina-beharrak gutxiagotzen ditu.
Edonoren jan-neurri egokian gomendatzen den koipe-kantitate bera behar dute ume diabetikoek, hau da, eguneko energi beharren % 30. Kontuz, ordea, koipe aseak dituzten janariekin, diabetearen berezko prozesuak areagotzen baitituzte. Baztertu, beraz, bollikao eta antzekoak.
Proteinei dagokienez, normalean baino kantitate handiagoak behar dituzte diabeteak jotako umeek; izan ere, egituratze-funtzioa betetzen dute proteinek eta hazieran lagundu; ume hauen prozesua zailagoa denez gero, dietaren proteina-edukia handia izatea komeni da, % 15-20 inguru. Proteina-iturri nagusiak lekak zerealekin nahastuta, azalik gabeko oilaskoa, untxia, txekorra eta arrain zuriak dira, proteina asko edukita, koipe gutxiko elikagaiak direlako.
Gatz mineralak, bitaminak eta ura gutariko edonork hartzen dituen neurrian hartu behar dituzte haur diabetikoek ere. Nolanahi ere, poliuria agertzen bada, ur-galerak estali behar dira eta batzuetan egunean bi litro ur edan behar izaten dute.
Komeni diren eta batere komeni ez diren elikagaiak zeintzuk diren ikusi ondoren, azter dezagun orain nola ahoratu behar diren horiek. Egunean 5 edo 6 otordu egitea komeni da; sekula ez gluzidoak otordu bakar batean, adibidez, ogia txokolatearekin. Aldiz, proteina eta koipetan aberatsak diren elikagaiekin nahastu behar dira gluzidoak: esaterako, ogia gazta, atun, noizbehinka hestekiekin, etab.ekin. Horrez gain, glukosa-mailak bat-batean asko ez igotzeko, otordu astunak saihestu behar dira.
Azaldu dugun guztiak nahikoa panorama beltza erakusten duela jakitun gara. Kontuan izan, hala ere, gaur egun gero eta errazagoa dela diabetikoentzat berariaz prestaturiko produktuak aurkitzea; diabetikoek erabat galerazita dituzten produktuen ordezkoak merkatuan daude hala nola, pastelak, turroiak, mermelada, etab. Lantzean behin jateko arazorik ez dago, baina kontuz gehiegikeriekin, ordezko produktu hauetako batzuek ere kalte egin baitezakete.
Elikadurari buruz ihardun dugu artikulu honetan, baina diabeteari buruz hitz egiten denean ez da hori, dakigunez, kontuan hartu behar den faktore bakarra. Adituek diotenez, haurrak berak gaixotasunaren berri zehatza izatea funtsezkoa da diabeteak ekar ditzakeen arriskuei aurre egiteko. Gaixotasunaren ezaugarriak eta arazo potentzialak ongi ezagutu behar ditu umeak; bere buruaren jabe izan behar du. Soilik horrela lortuko baitu, gaixotasun kroniko honen ondorioz ager daitezkeen arazoei aurre eginez, bizimodu erosoa eraman ahal izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia