}

Hartu arnasa azaletik

2002/03/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

‘Haizea hartzera’ ateratakoan, birikak aire garbiz betetzeaz gain, inoiz iruditu al zaizu azalak ere arnas berria hartzen zuela? Bada, antza, irudipen hori guztiz zuzena da. Alemaniako ikertzaile batzuek aditzera eman dutenez, gizakion azalak uste baino askoz oxigeno gehiago hartzen du zuzenean airetik.
Frogatu dutenez, airetik oxigenatzen den geruza uste baino hamar aldiz lodiagoa da.

Giro umel eta urtsuetan bizi diren animalia batzuek azalaren bidez arnasten dute, adibidez, zenbait zizarek eta artropodok. Anfibioek ere, birikak badauzkaten arren, azalaren bidezko arnasketa egiten dute. Horretarako, ezinbestekoa da gasekiko iragazkorra den azal fina izatea eta azala beti heze egotea.

Gizakion kasuan, gure azalak ere arnasa hartzen duela jakina zen, nahiz eta apenas hartzen zen kontuan. Baina hara non Alemaniako Ruhr Unibertsitateko ikertzaileek frogatu duten airetik oxigenatzen den azal-geruza uste baino hamar aldiz lodiagoa dela. Hain zuzen, airearen oxigenoa 0, 25-0,4 milimetrora dauden zeluletara iristen da, hau da, epidermis osora eta dermisaren zati batera ere bai. Orain arte, azalaren arnasketa epidermisaren kanpoaldera mugatzen zela uste zen.

Azala, bizitzeko ezinbestekoa

Epidermisa, dermisa, eta hipodermisa azalaren oinarrizko geruzak dira. Kanpoaldekoa epidermisa da. Gain-gaineko zelulak hilda daude eta epidermisak etengabe ordezkatzen ditu zelula berri gazteekin. Azaleko zelula bakoitzak hilabete edo irauten du ordezkatua izaten den arte eta, guk, azala igurztean edo lehortzean, nahi gabe erauzten ditugu hildako zelula horiek guztiak.

Azala hidratatuta edukitzeko, fruta eta barazki asko jatea eta egunean gutxienez bi lito ur edatea gomendatzen dute.

Dermisa, gainalde gandortsu eta zimurraren bidez, epidermisari itsatsita dago. Zimurrak lerro kurbatuetan antolatuta daude eta hatz-markak bezain espezifikoak dira. Zimurrei esker, esku eta oinen azala ez da irristagarria eta gu gai gara objektu txikiak hartu eta mugimendu finak egiteko. Dermisa sendoa eta elastikoa da, eta bertan daude nerbio-zuntzak –ukimena, mina, hotza eta beroaren errezeptoreak–, ileen folikuluak, izerdi-guruinak eta gantz-guruinak. Dermisaren goialdera, zeluletara oxigenoa garraiatu eta hondakinak jasotzen dituzten milaka kapilar iristen dira.

Azala ingurunearen kontrako lehen defentsa-hesia da. Gorputz osoa bildu eta eusten duen geruzak, iragazgaitza izateaz gain, bakterioen kontrako barrera gisa jokatzen du eta eguzki-izpi kaltegarrien kontra babesten gaitu. D bitamina azalean sortzen da eta azalak kolpeak indargetzen ditu. Gainera, azalak gorputzaren tenperatura erregulatzen laguntzen du, bai izerdia kanporatuz, baita kapilarrak dilatatu eta odol beroa azaleratuz. Izerdiaren bidez, batez ere ura kanporatzen dugu, baina baita gatzak, urea eta azido laktiko pixka bat ere.

Azaleko gaixotasunak ulertzeko ikerketa baliagarria

Ekzemak jotako besoak.

Ruhr Unibertsitateko ikertzaileen ikerketak garrantzi handia du azaleko gaixotasunak ulertzeko eta tratatzeko. Izan ere, azaleko gaixotasun asko azaleko zelulen oxigeno-gabeziaren ondorioz sortzen dira. Adibidez, zahartzaroan ohikoak diren azaleko ultzerak odoleko oxigenoak bertara iristeko duen zailtasunagatik agertzen zirela uste zuten sendagileek. Baina azalak oxigenoa airetik hartzen badu, arrazoia ez da soilik oxigeno urritasuna. Ikertzaileen esanean, odoleko eta aireko ekarpenen arteko oreka hausten denean gertatzen dira azaleko kalteak. Horregatik, ez da komeni ultzera gazaz estaltzea, oxigeno-ekarpena are gehiago urritzen baita.

Aldiz, azaleko zelulak gehiegi ugaritzen diren gaixotasunetan, hala nola, psoriasian eta ekzematan, azala estaltzea onuragarria izan ohi da. Ikerketa horren arabera, azalpena erraza da: zeluletara oxigenoa iristea eragozten bada, ezin dute hain erraz ugaritu. Dirudienez, azal osasuntsua oxigeno-gabezia hori odoletik hartutakoarekin orekatzeko gai bada ere, gaixotutakoak ez du gaitasun hori.

Azala zaindu egin behar da

Oro har, gazteek eta zaharrek jasaten dituzten azaleko gaitzak berak dira, baina zahartzaroan sentiberagoak garela ematen du. Zahartu ahala azalak elastikotasuna eta azpiko gantz-geruza galtzen ditu, eta lehortzeko eta puskatzeko joera handiago izaten du. Behin 40 urte beteta, azala mehetzen, lehortzen eta iluntzen hasten da.

Dena dela, zahar edo gazte, guztioi dagokigu azala zaintzea. Horretarako, gomendio erraz batzuei jarraitzea besterik ez dago. Adibidez, bainua hartu ordez dutxatu; bainuak hartzea oso osasungarria bada ere, dutxako uraren presioak zikinkeria eta hildako zelulak herrestatu egiten ditu. Eta animatzen direnentzat, gogoratu dutxa-amaieran segundotxo batzuk ur hotzetan pasatzea zirkulazioarentzat ona dela. Xaboiari dagokionez, egokienak xaboi neutroak dira, hau da, azalaren azidotasun-maila bera dutenak. Izan ere, xaboi gehiegi edo txarrak erabilita azalaren geruza azidoa suntsitzen dela dirudi.

Psoriasia eta ekzema edukiz gero, azala estaltzea onuragarria izan ohi da.

Azala hidratatuta mantentzeko, fruta eta barazki asko jatea eta egunean gutxienez bi litro ur edatea gomendatzen da. Azala hidratatua edukitzea funtsezkoa da, azal hidratatua azal osasuntsua baita. Gogoratu azalak babestu egiten gaituela eta bere lana hobeto egingo duela osasuntsu badago.

Hala ere, azala oso sentikorra da beroarekiko, hotzarekiko, airean dauden poluitzaile kimikoekiko eta baita estresarekiko ere, eta, beraz, gutxi edo gehiago, denak izaten gara kremak erabili beharrean. Ez da erraza izaten merkatuan dauden ehunka kremaren artean bat aukeratzea eta askok iragartzen dituzten mirari-itxurako efektuei ihes egitea. Horregatik, eta azalean arazo bereziren bat ez badaukazu, kontuan hartu maiztasuna dela benetako sekretua; hau da, eraginkor izate aldera, kremarik sofistikatuena erostea baino garrantzitsuagoa dela krema egunero ematea.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia