Hanburgesaren ordez, koloretako arroza
2005/07/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Taiwango nekazaritza-departamentuak kolorez bete du arroz-platerkada. Nonbait, gobernua kezkatuta dago gero eta hanburgesa eta patata frijitu gehiago jaten dituztelako gazteek. Janari tradizionala osasungarriagoa delakoan, arrozaren kontsumoa bultzatu nahi du, eta, hori lortzeko, arroza erakargarriagoa bihurtzea bururatu zaie. Hala, koloretako arroza asmatu dute.
Arrosa-koloreko arroza egiteko tomatea erabili dute, kurkumina horia egiteko, meloi-mota bat berdea egiteko, eta barazki-nahastea purpurarako. Emaitza: koloretako arroza, betikoa baino erakargarriagoa, eta baita aberatsagoa ere. Izan ere, arroza, fruta eta barazkiak batzen dira plater berean.
Datorren urterako merkaturatu nahi dute koloretako arroza, eta arrunta baino bi aldiz garestiagoa izango da, gutxi gorabehera. Hala ere, gazteen artean arrakasta izango duela espero dute.
Argazkia: AP Photo/Hualien Agricultural Improvement Station, HO