Hamaika mila metro ur azpian
2009/09/27 Korta Hernandez, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Lau mila milioi urte ditu, eta Lurraren azaleraren % 70 estaltzen du. Bizitza sortzearen arrazoia izan zen, eta haren sostengua da. Gizakiak beti alboan izan badu ere, adituek diote ozeanoen % 5 baino ez dela ezagutzen. Nola da posible?
Itsas hondoa ez da laua. Berrehun metroko sakonerara arte, plataforma kontinentala dago, oso laua dena eta arrainen gehiengoa gordetzen duena. Berrehun metrotik hiru mila metrora, kontinente-ezponda dago, malda handiagoarekin; horra ez da jada argirik iristen. Hortik aurrera, itsas hondoa hasten da: lautada abisalak daude lau mila metroko sakoneran. Ozeanoaren erdian dortsalak daude, elkarri lotutako ur azpiko mendikateak. Eta ozeanoetako eremurik sakonenak fosak dira, batez beste zazpi-zortzi mila metroko sakoneran. Guztietan sakonena Marianetako fosa da: 11.000 metrokoa.
Mariana uharteen ekialdean kokatzen da fosa hori, Ozeano Barearen mendebaldean. Ozeano-fosarik sakonena izateaz gain, lur azaleko tokirik sakonena da. Eta han dago Challenger osina, guztietan hondoeneko puntua. National Geographic-en datuek diotenez, 11.034 metro ditu itsas mailaren azpitik. Sakonera horretan presioa itsas mailako atmosferarena baino mila aldiz handiagoa da.
Kaiko ontzi japoniarra. 1995ean egin zuen lehen murgilaldia Marianetako fosan. Guztira, hiru aldiz murgildu zen Challenger osinean (Argazkia: JAMSTEC) .
Challengerreko murgilaldiak
Gizakiak, zailtasunak izanda ere, saiakerak egin ditu ingurune gogor horretara iristeko. 1875ean egin zuten lehen zundaketa Challenger espedizioko zientzialariek —hortik dator osinaren izena—. 8.184 metroko sakonera neurtu zuten. 1951n izen bera zuen ontzi bat, lehenengoaren omenez, bidali zuen Britainiako Errege Armadak, eta zundaketa zehatzago bat egin zuten: 10.900 metroko sakonera izan zen emaitza.
Hurrengo pausoa gizakia murgiltzea izan zen. 1960an, Trieste batiskafoa Challenger osinean murgildu zen, bi tripulatzailerekin. Suitzan diseinatu zuten, Italian eraiki zuten eta AEBko armadak erosi zuen 1958an. Han bidaiatu zuten Jacques Piccardek, ontziaren asmatzailearen semeak, eta Don Walshek. 10.916 metroko sakonerara iritsi ziren. Hondoan hogei minutu egon eta itzuli egin ziren. Murgilaldi hartatik, sakonen heldu den tripulatutako ontzia da Trieste , eta baita bakarra ere. Izan ere, hara ondoren iritsitakoak tripulatu gabekoak izan dira.
Kaiko urrutitik gidatutako ontzi japoniar bat zen. Tripulatu gabeko murgilaldien errekorra gainditu zuen 1995ean, Challenger osinean 10.911 metrora jaitsita. Hiru murgilaldi egin zituen guztira Marianetako fosan, azkena 1998an. Murgilaldi haietan, itsas harrak eta izkirak fotografiatu, eta zenbait makroorganismoren laginak jaso zituen. 2003an, lotzen zuen kablea hautsi, eta ontzia galdu egin zen. Kaiko k egindako sakoneraren neurketa zehatzena dela uste da.
Nereus urpeko robota itsasoratzen. 2009an egin zuen lehen murgilaldia Challenger osinean. Gaur egun, gehien murgiltzen den ontzia da (Argazkia: WHOI) .
Joan den maiatzean diseinu hibridoko tripulatu gabeko robot bat murgildu zen Challenger osinean. Nereus izeneko ontziak 10.902 metroko sakonera lortu zuen. Hamar ordu eman zituen hondoan, zuntz optikozko soka baten bidez azalean zegoen barku batetik maneiatuta, ibilgailu autonomo bihur badaiteke ere. Woods Hole Institutu Ozeanografikoak sortu du, eta egileek diote fosak birtualki aztertzeko balioko duela. Gaur egun martxan daudenetatik gehien murgiltzen den ibilgailua da, beste guztiak gehienez 6.500 metrora iristen baitira.
Orain, ozeanografoek badute tresna bat, sakonera-mugarik gabekoa, datuak, irudiak eta laginak biltzeko. Lehen iristerik ez zegoen tokietara iristeko aukera ekarri du Nereus ek. Itsasoko mundu ezezaguna ireki zaio gizakiari begien aurrean.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia