}

Gustura al zaude zure kaiolan?

2001/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkarian argitaratu berri duten artikuluaren arabera, Oxford-eko Unibertsitateko ikerlariek kontsumitzaileen nahiak neurtzeko erabiltzen dituzten parametroak haztegiko bisoietara egokitu dituzte. Beren helburua kaiolatan dauden bisoien ongizate-maila neurtzea zen eta bisoiek igerilekuekin amesten dutela ikusi dute.

Orain arte, gatibu dauden abereen egoeraren berri jakiteko datu objektiboak erabili dira, hala nola bihotz-taupaden abiadura, animalien jokaera, pisua eta neurria, emankortasuna eta abar. Bisoi-hazleek diotenez, badira 70 belaunaldi animalia horiek etxekotu zirenetik eta, hala ere, estres-zantzurik azaltzen ez dutenez, gatibu egoteak ez dietela sufrimendurik eragiten ondoriozta daiteke.

Alabaina, ikerlarien ustean, kaiolan nahiko toki, ura eta janaria izateaz gain, larrugintzarako haztegiko bisoien behar subjektiboak kontuan hartu beharko lirateke, adibidez, igeri egiteko leku bat beharko lukete, naturan denbora asko pasatzen baitute uretan. Era berean, umeak izateko zulo edo gordeleku bat baino gehiago aukeran jarri beharko litzaieke, beren senide basatiak erditzeko garaian tokiz aldatzen baitira.

Saiakera horretan, hainbat aukera jarri zituzten bisoien eskura, baina nahi zutena lortu ahal izateko ahalegin bat egin behar zuten, zenbaiterainoko gogoa zuten neurtu ahal izateko. Aukera horien artean, beste habia bat, jostailuak, toki gehiago, ezkutalekua, plataforma bat eta igerilekua zeuden. Bisoiek guzti horiek ikusteko moduan bazituzten ere, aldian bakarra izan zezaketen eta aukeratutakoa lortzeko, oso ate astunak bultzatu behar zituzten.

Kontsumitzaileak gai bategatik ordainduko zukeena aztertzen den bezala, bisoiek gogokoena zutena lortzeko egindako indarrak emango zien aukeratutako horren "salneurria". Horrela, preziatuena igerilekua zela ikusi zuten, askok beste habia bat aukeratu bazuten ere, gehienak igerilekura jo zuten. Hara iristeko, beraiek baino 100 aldiz astunagoa zen atetik pasatu behar izan baitzuten. Ondoren, 24 orduz igerilekura iristea eragotzi zieten eta txizaren kortisol-maila (estresaren adierazlea) neurtu zuten. Emaitza oso esanguratsua izan zen, denbora berdinean janaririk gabe utziz gero izango luketena bezainbestekoa zen.

Ikerlarien arabera, bisoiek gatibutzan hainbeste belaunaldi eraman arren, oraindik pizti basatiak dira, eta kaiolatutako beste espezie batzuekin antzeko azterketak egitea eskatzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia