Ainhoa Latatu Nuñez Biologian doktore

“Gustatuko litzaidake bizitzea iraultza zientifiko-sozial bat”

2025/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ainhoa Latatu Nuñezek (Bilbo, 1973) biologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta han egin zuen doktore-tesia ur-sistemetako ekologia mikrobianoari buruz. Orduan hasi zen Udako Euskal Unibertsitatean, eta han jarraitzen du lanean, batean eta bestean. Gaur egun, GOI Ikastegiko zuzendaria da, baita unibertsitate mailako prestakuntzaren arduraduna ere. Horrez gain, Ikergazte kongresua antolatzeaz ere arduratzen da. Hainbeste zereginen artean, aurkitu du tartea Elhuyar aldizkariaren galderei erantzuteko, taxuz, zorrotz, eta irribarrea galdu gabe.

gustatuko-litzaidake-bizitzea-iraultza-zientifiko

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ni benetan harritu nauena, laborategian eta ikerketan hasi nintzenetik eta gaur arte, Internetek ekarri diguna da; alderdi diferenteetatik, gainera. Batetik, zelan egiten genuen lan? Hasieran gure laborategian ordenagailu bakarra zegoen, baina gero talde bakoitzak berea ere bazeukan. Eta Internet ere orduantxe ari zen hasten. Eta zertarako erabiltzen genuen? Ba, batez ere, bibliografia bilatzen genuen; artxiboak konpartitzen genituen, FTP bidez, oso modu neketsuan; bageneukan txateatzeko aplikazio oso oinarrizko bat ere, laborategien artean eta ikertzaileon artean hitz egiteko. Eta gero dago zer ekarri duen ezagutzaren aldetik eta haren sakabanaketan, edo noraino irits gaitezkeen orain bide horretatik. Zelan denok daukagun poltsikoan edo poltsan sartuta mundura zabalik dagoen leiho txiki bat, ezagutza horretara ere zabalik dagoena, eta horrek zelan aldatu duen gure lan egiteko modua.

Mundura zabalik egoteak beste ondorio bat ere ekar dezake: nolabait, zure gertuko erreferentziak ere galtzea. Uste dut neurri batean ez garela guztiz kontziente zer ekarri digun Internetek. Nolabait, oraindik oso bide laburra egin dugu, eta bat-batean gertatu da.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Galdera zaila… Azkenean, hau erabaki dut: gustatuko litzaidakeela, ez ikustea, baizik bizitzea iraultza zientifiko-sozial bat. Iruditzen zait elkarrekin lan egin beharra dugula erakundeek, herrigintzak eta zientziak, askotan iruditzen baitzait bide desberdinetatik doazela. 

Adibidez, COVIDarekin, klima-aldaketarekin eta beste gai garrantzitsuekin, ematen du mundu paralelo bi direla: alde batetik dago ezagutza, edo neurri batzuen proposamena, eman dezaketenak aukera egoera konpontzeko; eta, beste alde batetik, sozialki agian ez daude prest, edo ez dute entzuten zientzialariek diotena. 

Eta alderantziz gauza bera geratzen da, zientzialariek agian ez dute entzuten gizarteak esaten duena. Hortaz, gustatuko litzaidake behingoz hastea denok elkarrekin pentsatzen zelan emango diogun forma honi. Eta ez bakarrik aipatutako gai zientifikoago horiek, baizik eta sozialki ere mundu justuago bat eraikitzea, herrialdeen arteko desoreka horiek gainditzea, genero aldetik edo kulturen artean… Uste dut erronka handia daukagula esku artean, eta elkarrekin aurre egin behar diogula.