Grekoen teknologia aurreratuak atletismoan
2002/11/14 Elhuyar Zientzia
Antzinako grekoek marrazki askotan utzi zituzten orduan egiten zituzten kirolen irudiak. Horietako bat luzera-jauzia zen. Irudi askotan ageri dira jauzilariak eskuetan haltera izeneko tresnak daramatzatela. Halterak 2 eta 9 kilo bitartean pisatzen zuten harrizko edo berunezko pisuak ziren eta jauzilariak bana eramaten zuen esku bakoitzean.
Manchesterreko Unibertsitate Metropolitanoko zientzialariek, haltera horiek jauzian zein eragin zuten jakin nahian, azterketak egin dituzte. Ordenagailu bidezko simulazioekin eta boluntarioek eginiko saltoen bidez, pisuekin salto luzeagoak egitea lortzen zutela ikusi dute.
Halterek jauzilariaren muskuluek sortzen zuten energia handitzea lortzen dute: Jauziaren hasieran besoak aurrean izanda eta lur hartu baino lehenago atzeraka botaz, gorputzaren masa-zentroa aldatu egiten da eta jauzi luzeagoak egitea lortzen da. Diotenez, esfortzu handirik egin gabe ere, hiru metroko jauzi batean halterekin 17 zentimetro gehiago salto egitea lor daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia