}

GRANTECAN, Kanarietako begia

2001/04/23 Elhuyar Zientzia

Azken mendeko aurrerapenen ondoren, astrofisikak aurrez aurre enigma ugari ditu. Horiek argitzea edo ez, unibertsoa behatzeko tresnen baitan egon daiteke. Herrialde aurreratuenak, oraindik erantzunik ez duten galderak argitzeko, Lurreko behatokirik onenetan teleskopio erraldoiak eraikitzen ari dira. Kanarietako Astrofisika Institutuak La Palmako uhartean jartzeko teleskopio aurreratua eraikitzeko proiektua bultzatu du. Gran Telescopio de Canarias edo Grantecan du izena proiektuak. Kanarietako eta Espainiako Estatuko gobernuak dira jabeak, baina nazioarteko erakunde eta enpresa ugariren partaidetza ere badu, tartean Euskal Herriko batzuena.

Grantecani esker, planeta-sistemen, izarren edo galaxien jatorria eta eboluzioa hobeto ezagutu ahal izango da, eta unibertsoarenak berarenak ere ezagutu ahal izango dira, unibertsoaren egitura æ hau da, forma, tamaina, adina, eta abaræ aztertzeko erabiliko baita. Bere ispilu primarioaren gaitasunari esker, oso urrun egoteagatik gainjarrita ikusten diren objektuak bereizita ikusteko aukera izango da. Gainera, materia ilunaren bila arituko da haren jatorriaren berri izateko, eta objektu ezezagunak edo ustekabekoak aurkitzea ere gerta liteke.

Munduko teleskopio handiena izango da. Haren metalezko kupula Gasteizen egin da, URSSA enpresan. Kupula egitura birakaria da; haren barnean teleskopioaren ganbera gordeko da. Altzairuz eginda dago; 33 metroko barne-diametroa du eta, guztira, 500 tona pisatzen du. Bi ataka mugikor ditu behaketak egiteko. Horrekin batera, barnealdea aireberritzeko, 16 leiho mugikor ere baditu. Haizeak gogor jotzen duen egunetarako, pantaila tolesgarria ere badu teleskopioa babesteko. Eguzkiaren berotasuna gutxitzeko, termikoki isolatuta egongo da. Egunez aire girotua izango du, ganberako tenperatura gauean egon daitekeenaren berdina izan dadin. Horrela, jatorri termikoko turbulentziarik ez da sortuko eta teleskopioko irudien kalitatea ez da kaltetuko.

Hiru ispilu

Grantecan-eko ispilu primarioa hexagono-itxurako 36 ispiluz osatuta egongo da, mosaiko baten moduan. Horietako bakoitzak gehienez 1,9 metro izango ditu diagonalean eta, elkarturik, 10 metroko ispilu konbentzional baten bezainbesteko azalera izango dute. Ispilu honen optika mugikorrari esker, tenperaturaren aldaketek eta tentsio mekanikoek eragin ditzaketen deformazioak orekatu ahal izango dira. Ordenagailu zentraletik ispilu bakoitzaren posizioa, makurdura eta deformazioa kontrolatu ahal izango dira besteekiko. Horrela, multzo islatzailea paraboloide perfektua izango da.

Ispilu sekundarioak 1,8 metroko diametroa du eta bost ardatzetan oinarritutako mugimendua izango du. Horri esker, ispilu primarioarekiko lerrokatzea modu automatikoan egin ahal izango du eta, teleskopioaren egitura erraldoia dela eta sortuko diren deformazio txikiak zuzentzeko gauza izango da. Haize-kolpeen ondorioz multzo osoan sor daitezkeen dardarak orekatu ahal izateko, maiztasun handiko makurdura txikiak egiteko prestatuta ere egongo da. Ikerlanek, MCCko ikerketa-zentroak, eta Iruñeko MTORRES enpresak bere garaian ispilu sekundario honen eragingailuetarako hainbat aukera aztertu zituzten; eta Bilboko SENER enpresak egitura mekanikoaren mugimendu-sistemetakoa aztertu zuen.

Teleskopioaren sistema optikoa behaketa-denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko diseinatua dago, mugimenduen aldaketak eskuz egiten denborarik ez galtzeko. Horregatik, behaketa-mota aldatzeko, ispilu sekundarioa aldatu beharrik ez dago.

Ispilu tertziarioa etzan ahal izango da eta urrutiko aginteez automatikoki kontrolatuko dutenez, denbora galdu gabe argia teleskopioaren 6 fokoetariko bakoitzera bideratu ahal izango da. Foko horiek hor egonda, horietako bakoitzean hainbat tresna jarri ahal izango dira. Foko horien biratze-sistema diseinatzea eta egitea Eibarko Tekniker zentro teknologikoaren lana izan da.

Teleskopioaren konfigurazioa era automatikoan aldatzeko gaitasuna izanda, kontrol-sistemaren ordenagailuak, eguraldiaren baldintzen arabera, behaketa-mota eta tresneria egokiena aukeratuko ditu. Beraz, sarritan ez da astronomoa teleskopioan bertan egon beharrik izango; horrela, teleskopioa erabiliko duten erakundeek dirua eta denbora aurreztu ahal izango dute.

Erreferente munduan

Kanarietan, Teideko eta Roque de los Muchachoseko nazioarteko behatokietan 20 teleskopio daude, 13 herrialdetako 30 erakunderen jabetzakoak. Horregatik, behatoki horiek mundu osoko astronomoentzat erreferentzia dira. Kanarietako zeruaren kalitatea dela eta, esan daiteke Kanarietako Astrofisika Institutuko behatokiak erreserba astronomikoa direla.

Teleskopioa zehatz-mehatz non jarri erabakitzeko, ikerketak egin dira eta azpiegitura zientifikoan eta teknikoan inbertsio handia egin da. Hortaz, bukatzen denean, Grantecan-en ezaugarri tekniko bereziak erabat ustiatu ahal izango direla bermatuta dago.

Labur esanda, teleskopio hau, balio teknologiko handiko proiektu industriala da, eta proiektu horren emaitza 2003. urtearen bukaeran lanean hasiko den tresna zientifiko bikaina izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia