Gozagarri artifizialek metabolismoan eragiten dutela frogatu dute
2014/09/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kaloriarik gabeko gozagarri artifizialak azukrea baino are okerragoak izan daitezke, glukosarekiko intolerantziaren (glukosa-kontzentrazio altua odolean) eta diabetesaren eragile gisa. Hori erakutsi du ikertzaile-talde batek, Nature aldizkariak argitaratutako artikulu batean: Artificial sweeteners induce glucose intolerance by altering the gut microbiota.
Hain zuzen ere, pertsona askok, tartean diabetesa edo odolean glukosa altua dutenek, gozagarri artifizialak erabiltzen dituzte azukrearen ordez, osasunerako hobeak direlakoan. Ikertzaileek, ordea, frogatu dute gozagarri horiek, prebenitu beharrean, areagotu egiten dituztela gaixotasun metaboliko batzuk, hala nola 2-motako diabetesa eta glukosarekiko intolerantzia.
Asaldura metabolikoak zein mekanismoren bidez sortzen dituzten ere aztertu dute , eta ikusi dute hesteetako mikroorganismoetan duten eraginaren ondorioz gertatzen direla. Izan ere, hesteetako mikroorganismoek funtsezko funtzioak dituzte metabolismoan, eta gozagarri artifizialek aldaketa nabarmenak eragiten dituzte haien arteko orekan.
Ondorio horietara iristeko, aspartamoa, sakarina eta sukralosa gozagarri artifizialek duten eragina alderatu dute urak, azukreak eta glukosak dutenarekin, saguetan eta pertsonetan, epe motzean zein luzean. Eta bai saguetan bai pertsonetan, ikusi dute gozagarri artifizialak azukrea baino are okerragoak direla, diabetesari eta glukosarekiko intolerantziari dagokionez. Horrenbestez, gozagarri artifizialen kontsumo-araudia berrikusi behar dela iradoki dute ikertzaileek, “justu prebenitu nahi dituzten gaitzak areagotzen baitituzte”.
Hala ere, batzuek ez dute uste ikerketaren emaitzak hain esanguratsuak direnik. Cambridgeko Unibertsitateko O’Rahilly ikertzaileak esaterako, ohartarazi du ikerketan 381 pertsonen emaitzak baino ez dituztela aztertu. “Aldiz, 333.000 pertsonekin egindako beste azterketa batean ez dute erlaziorik topatu diabetesaren eta gozagarri artifizialak zituzten edariak hartzearen artean”. Antzeko oharra egin du gaixotasun metabolikoetan espezializatutako Naveed Sattar medikuak ere.
Edonola ere, aditu gehienen iritziz, ikerketa, berez, interesgarria da, eta, gainera, onuragarria iruditzen zaie gozagarri artifizialei buruzko eztabaida berpiztea.