}

Gorputza, energia kontsumitzen duen makina

1996/07/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Galdera batetik abiatuta, irakurle, hobeto ulertuko duzu lerro hauen bidez adierazi nahi dizuguna. Zergatik eskaintzen dizkiogu janariak gure buruari hain maiz? Zer dela eta, etengabe elikatu behar hori? Giza gorputzak, bizitzari eutsi nahi badio, oinarrizko funtzio batzuk bete behar izaten ditu; eta hori egiteko hain zuzen, irin-errota batek ura ezinbestekoa duen bezalaxe, gure gorputzak elikagaietatik eratorritako energia behar beharrezkoa du. Horra beraz, galderaren erantzuna. Janarien balio energetikoa neurtzeko bestalde, gaur egun hain modakoa dugun hitza erabiltzen da: kaloria.

Jakina da bestalde, energia asko kontsumitzen dugula ariketa fisikoa egiten dugunean. Hala ere, iharduera hori ez da energia-eskakizuna duen bakarra, ezta gutxiagorik ere. Harrigarria gertatuko zaizu apika, baina etzanda edo lotan ematen ditugun orduetan ere, giza gorputzak energia kontsumitu egiten du: bihotzaren taupadak, arnasketa, odolaren zirkulazioa... funtzio horiek guztiak atseden-garaian ere egiten ditugu eta beraz, energi kontsumoa eskaitzen digute.

Eta energiaren kontsumoa, berdina al da kasu guztietan? Horra hor, miloiaren galdera. Gutariko bakoitzak behar duen energia kalkulatu nahi badugu, ondoko faktoreak hartu beharko dira kontutan: gorputzaren osaketa, adina, sexua, pisua, garaiera eta ohizko ariketa fisikoa. Ondoko taulan garbi azaltzen denez, energiaren kontsumoa faktore horien arabera aldatu egiten da; eta adinaren, pisuaren eta sexuaren araberako energi beharrak zehaztu ditugu bertan.

Esan bezala, energi kontsumoan eragiten duten faktoreetako bat adina da. Ikus dezagun. Bizitzaren lehen urteetan, hazieraren prozesua oso azkarra da eta ondorioz, haurrek energi behar handiak dituzte. Hazkundea hogei urte bitartekoen artean ere oso altua da eta oro har, hemezortzi eta hogeitabi urte bitarteko energi eskakizunak oso altuak direla esan daiteke. Adin horretatik aurrera ordea, beharrak gutxitu egingo dira; jazoera hori 50 urtetik aurrera nabarmenagoa da, iharduera fisikoa eta biologikoa gutxiagotzen baita.

Bigarren faktore nagusia garaiera dela esan dugu lehen ere. Izan ere, pisua eta garaiera handiagoak diren neurrian, azalera hantuz doa eta ondorioz, gehiago erre behar izaten dugu.

Taulan zehazten den azken aldagaia sexua da; izan ere, emakumezkoa edo gizonezkoa izateak kontsumitu beharreko kaloria-kopurua baldintzatu egiten baitu. Salbuespenak salbuespen, gizonezkoek energi kontsumo handiagoa dutela esan dezakegu. Horren arrazoiak era askotarikoak dira, baina gorputzaren osaketa ei da faktore nagusia. Nolanahi ere, hurrengo hilabetean aztertuko dugun gaia izango da hori.

Mota Adina Pisua (kg) Garaiera (cm) Energi beharrak (gutxiengo eta gehiengo
muga: kcal)

Jaioberriak

0.0-0.5
0.5-1.0
6
9
60
71
kg x 115 (95-145)
kg x 105 (80-135)

Haurrak

1-3
4-6
7-10
13
20
28
90
112
132
1.300 (900-1.800)
1.700 (1.300-2.300)
2.400 (1.650-3.300)

Gizonezkoak

11-14
15-18
19-22
23-50
51-75
76-
45
66
70
70
70
70
157
176
177
178
178
178
2.700 (2.000-3.700)
2.800 (2.100-3.900)
2.900 (2.500-3.300)
2.700 (2.300-3.100)
2.400 (2.000-2.800)
2.050 (1.650-2.450)

Emakumezkoak

11-14
15-18
19-22
23-50
51-75
76-
46
55
55
55
55
55
157
163
163
163
163
163
2.200 (1.500-3.000)
2.100 (1.700-3.000)
2.100 (1.700-2.500)
2.000 (1.600-2.400)
1.800 (1.400-2.200)
1.600 (1.200-2.000)

Haurdunaldian

+ 300
+ 500

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia