}

Gorliz ingurua: Euskal Herriko txoko ederra

1990/12/01 Ekolan Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bilbotik Ipar-ekialderantz, Bizkaiko Uribe-Kosta eskualdean kokatzen da Gorlizeko Udalerria. Bere hondartzaren edertasun eta zabaltasunak zentru turistiko garrantzitsu bihurtu du Gorliz. Herri honek, aukera interesgarri ugari eskaintzen die bisitari naturzaleei urtaroz urtaro. Neguan Billano Lurmuturreko itsaslabar latzez osoturiko paisaiaz goza daiteke; Ermua mendiko landazabal loretsua udaberrian; udan Astondoko baso itsua, edo bestela, hondartza inguruko dunak ere bisita daitezke, eta udazkenean, Butroeko Gaztelu alderantz ibilaldia egin daiteke, non basoko hostoek ibilbidea kolore liluragarriz janzten duten.

Azkorriagako gotorlekua. (Argazkia: J.M. Galarza).

Nahiz eta inguru honetan giza presioa handia izan, oraindik flora- eta fauna-barietate handiko ekosistema urtarrak eta lehortarrak daude bertan. Adibidez, dunak, itsaslabarra, Kantauriko artadia, padura, baso mistoa eta urbazterreko ekosistemak bereiz daitezke.

Lehena, Gorlizeko Ospitalearen inguruan, duna-segida dela medio bi zonatan banatzen da: bata itsas pinuz (Pinus pinaster ssp maritima), milaska frantsesez (Tamarix gallica) eta elkarteko beste espeziez —astobelarrez (Oenothera biennis) eta armikaz (Eryngium campestre)— finkaturik dagoena. Besteak, itsasotik hurbilago, mugikorra izanik beste espezie hauek ditu: itsasarmika (Eryngium maritimum), itsas lilipa (Pancratium maritimum), Festuca juncifolia gramineoa, itsas esnebelarra (Euphorbia paralias) eta itsasotik oso hurbil dauden hareak kolonizatzen dituen hareondokoa, Amophila arenaria gramineoa.

Antxeta mokogorria. (Argazkia: L.M. Urkiza).

Halaber, Billano Lurmuturreko bidean barrena, Astondotik Landaluzeraino itsas aldean agertzen diren labarrek, itsas ikuskizun xarmangarria eskaintzeaz gain, berezko landare-espezie ugari dute: labar hauen maldak, irasail heliofiloz (Pteridium aquilinum) eta espezie nagusitzat ainarra burusoila (Erica vagans) eta otabera arrunta (Genista hispanica) duten kostaldeko txilardiaurrez eta txilardiz estalirik daude nagusiki. Lurra zertxobait azidoagoa denean, beste espezie batzuk agertuko zaizkigu: otea (Ulex europaeus), ainarra arrunta (Calluna vulgaris) eta ainarra purpura (Erica cinera) esate baterako. Itsaslabarreko oinaldeetan, gazitasunaren aldakuntzari ongien egokitzen zaizkion espezieak aurkituko ditugu: Festuca rubra gramineoa, plantaina (Plantago maritima), eta abar...

Labar hauetan formazio geologikoetan berezienetariko bat aztertzeko aukera izango dugu; Flysch beltza alegia. Hau, lutita, harearri eta konglomeratuzko geruzez osaturik, itsaspeko ingurune sakonean sortutakoa da. Bestalde, itsaslabarreko kaletan kostaldeko hegazti itsastarrak ikus daitezke, hala nola ubarroi handia (Phalacrocorax carbo), ubarroi mottoduna (Phalacrocorax austotelis), txenada arrunta (Sterna hirundo), kaio hauskara (Larus argentatus), antxeta mokogorria (Larus ridibundus) eta abar.

Astondoko dunak. (Argazkia: A. Perosanz).

Astondon eta Billano Lurmuturreko eta Ermua mendiko basotxoetan Kantauriko Artadi Kaltzikola daukagu. Aspalditik, gehienbat egurretarako eta ikatza egiteko ustiatzeagatik jasan duten atzerakada dela eta, baso-egitura zarratua eta trinkoa eratzeagatik berde ilun koloreko zona hauek izugarrizko balio botaniko, faunistiko eta paisajistikoa dute gaur egun. Komunitate honetako espezie bereizgarriak hurrengo hauek dira:

  • Artea (Quercus ilex), zuhaitz hostoiraunkor, hostozabal eta altuera handikoa, 20 m-raino iritsi daitekeelarik, nahiz eta maiz zuhaiska eran aurkitu. Hostoak itxura aldakorra eta kolore berde iluna izanik, larrukarak dira.
  • Gurbitza (Arbutus unedo), udazkenean zabaltzen diren lore zuridun zuhaitza. Fruituak helduz doazen neurrian hori-koloretik gorri distiratsura pasatzen dira; jan daitezke, baina ez dira zapore onekoak.
  • Endalaharra (Smilax aspera), lore zuri-horixkak eta fruitu beltzak edo gorriak dituen eta 15 m-ko altuera lor dezakeen arantzez hornituriko landare igokaria da.
Billano irla. (Argazkia: J.M. Galarza).

Inguruko zelaiak mugatzen dituzten zuhaixka-mendelen asoziazio honetako beste espezieek —gartxu hostozabalak (Phyllirea latifolia), txorbeltzak (Ramnus alaternus), arkakaratsak (Rosa serpenvivens), ruscok (Ruscus aculeatus), legeltxorrak (Lentiscus...) eta abarrek— adierazten dutenez, artadi kaltzikolaren banaketa askoz handiagoa izan zitekeen gizakiak parte hartu izan ez balu. Mendetan zehar baso hauek batipat egurretarako ustiatu direnez gero, gaur egun Gorlizeko paisaian sakabanaturik ikusten diren basotxo anderatu edo degradatuak dira. Hala eta guztiz, baso hauek zolua babesten eta hobetzen dutelako dira garrantzitsuak.

Padurak (Plentziako itsasadarrean, Gandia auzotik gertu, Junkeran), gazitasun handira eta istil periodikotara moldaturik dauden espezieak ditu. Ekosistema honek duen landare-asoziazioari esker, habitat honetan hegazti urtar asko ikus dezakegu. Esate baterako: lertxun hauskara (Ardea cinerea), lertxuntxo txikia (Egretta garzetta), txirri arrunta (Calidris alpina), kaio hauskara (Larus argentatus), eta abar... Padura hau, nahiz eta zabalera laburrekoa izan, oso ondo kontserbaturik dago. Itsas marearen eragin handiena jasaten duten tokietan Spartina maritima gramineoa hedatzen da.

Bere hedapen zabalagatik ia zuhaiska-formako halofitoen zonak nabarmendu egiten dira. Itsasgoraren mailaren gaineko lehenengo lerroan kokatzen den asoziazio honek itsas getozka (Halimione portulacoides) espezie karakteristikotzat du. Honekin batera, ondorengo beste espezie laguntzaile hauek ditugu: belar gazia (Salicornia ramosissima), Inula erithmoides konposatua, Sarcocornia fructicosa kenopodiazeoa, eta abar... Atzekaldean, marearen noizbehinkako istildura dagoen lekuetan beste zerro bat eratzen da (ihiak nagusi direlarik) eta maila hidrikoa jaisten den tokietan milaska frantsesa (Tamarix gallica) ikus daiteke.

Padura. (Argazkia: A. Perosanz).

Bestalde, urbazterreko basoak, haltza nagusi delarik, Butroe ibaiko toki batzuetan galeri egiturak eratzen ditu. Oraindik ibaibazterreko ekosistemaren espezie bereziak ikus daitezke.

Adibidez: haltza (Alnus glutinosa), sahatsa (Salix atrocinerea), urritza (Corylus avellana)... Zuhaixka eta belar-estratuetan beste espezie hauek ditugu: San Jose lorea (Primula elatior), suge-belarra (Arum italicum), urrebotoia (Ranunculus repens), ezpata-belarra (Carex pendula), azeri buztana (Equisetum sp), endalaharra (Smilax aspera)... Ingurune honekin erlazionaturik dauden hegaztiak ikusteko aukera ere izango dugu: lumaje beltzezko uroiloa (Gallinula chloropus), moko gainean gorriunea duelarik; martin arrantzalea (Alcedo athis), moko luzedun hegazti txikia, kolore urdin eta laranjatuak dituelarik; oso lotsatia eta urpean luzaro iharduteko gai den txilinporta txikia (Podiceps ruficollis), buztanikara zuria (Motecilla alba), buztanikara horia (Motecilla cinerea), txilinporta txikia (Podiceps ruficollis) eta abar. Anfibioen artean, igel arrunta (Rana perezi), apo arrunta (Bufo bufo) eta txantxiku iberiarra (Alytes obstreticans) ditugu. Narrastiak ere aurki ditzakegu: suge gorbataduna (Natrix natrix) eta ursugea edo suge biperakara (Natrix maura) adibidez.

Suge biperakara 80 cm-ko luzera izan dezakeen ofidio urtarra da. Erasoa sentitzen duenean mehatxu egiten du gorputzak "S" itxura hartuz, burua zapalduz eta triangelatuz eta bide batez usain kiratsua ekoiztuz eta putz eginez; beraz, biperaren portaera hartuz. Hala ere, guztiz kaltegabekoa da.

Primula elatior. (Argazkia: Ekolan).

Azkenik, ekosistema ezberdinek Butroe ibaia inguratzen duten mendi-magaletan, substratu basiko eta zertxobait azido diren zolu eutrofoetako landare-espezie tipikoak aurkituko ditugu. Espezie hauek baso misto hostozabaleko ekosistemakoak dira, bertan haritz kankaduna (Quercus robur) espezie nagusi delarik. Honekin batera beste espezie laguntzaile batzuk ere baditugu: lizarra (Fraxinus excelsior) eta gaztainondoa (Castanea sativa), urritza (Coryllus avellana), astigarra (Acer campestre) eta abar. Zuhaixka-geruzan beste batzuen artean honako espezie hauek ditugu: zuhandor gorria (Cornus sanguinea), elorri zuria (Crataegus monogyna) eta abar. Eta belar-geruzan: Polystichum setiferum eta Dryopteris affinis iratzeak, erratza (Ruscus aculeatus), bioleta (Viola sylvestris), urrebotoia (Ranunculus nemorosus) eta abar. Gorlizen zoritxarrez, Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezalaxe, ekosistema hauek pinu eta eukalituek ordezkatu dituzte.

Azkenik, ibilaldia Butroeko Gaztelu inguruan dauden baso-zelaietan amaituko dugu. Gaur ikus dezakegun eraikina, Butroeko jaunen ondorengo zen Torrecilla-ko markesak bultzata, Cuba-ko markesak eraiki zuen XIX. mendearen amaieran Butroeko jaunen dorretxea zegoen lekuan (VII. mendekoa zen). Oraindik ere antzinako harresiaren dorre batek zutik dirau. Antzinako dorretxearekin zerikusirik ez duen gaztelu erromantiko hau, garai hartan oso preziatua zen neogotiko estilokoa da. Gaztelua inguratzen duen lorategi ikusgarrian atzerritik ekarritako zuhaitz galantak (zedroa, magnolia, nekosta, palmondoa...) espezie autoktonoekin (haritz, hagin, gaztainondo, lizar, haltz etab.ekin) nahasten dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia