Galdera soil batekin hasi zen dena: "Gaixotasun zeliakoa (GZ) duen pertsona batek glutenik gabeko dieta (GGD) egiten badu... zergatik ditu sintomak oraindik?".
Kontraesana iruditzen zitzaigun. Tratamendua argi zegoen, ezta? Nahikoa da glutena alde batera uztea, eta dena ondo joan beharko litzateke. Baina, zenbat eta gehiago hurbildu GZa zuten pertsonengana, orduan eta argiago geneukan dieta "sinple" hori ez zela izatez hain sinplea. Eta, pertsona askorentzat, diagnostikoa ez zela helmuga bat, bide luze baten hasiera baizik; elikagai batek glutena duen ala ez jakiteko etiketak begiratzetik harago zihoan bidea, eta, hain zuzen ere, oztopoz betea zegoen.
Beraz, behatzea, ikertzea, galdetzea... eta laguntzea erabaki genuen. Eta zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago harritzen ginen: akatsa ez zegoen pazienteengan, baizik eta "GGD bat" izan beharko lukeenari buruz genuen itxaropenean. Arretaz entzuteko unea zen.
Glutena: etsai ezezaguna
Ez dakitenentzat, GZa afekzio autoimmune bat da, non gorputzak mehatxu gisa erantzuten baitio glutenari. Garian, garagarrean, zekalean eta antzeko beste zereal batzuetan dagoen proteina bat da glutena. GZa duten pertsonen kasuan, glutena irenstean, immunitate-sistemak kalte egiten dio heste meharreko mukosari, eta horrek eragotzi egiten du elikagaiak ondo xurgatzea[1]. Hori horrela, gaur egun dagoen tratamendu bakarra GGD zorrotza egitea da[2].
Bada gauza oso bitxi bat: oso modu desberdinean ager daiteke GZa. Batzuek beherakoak izaten dituzte; beste batzuek, anemia, nekea, ilea erortzea...; eta badira ezer sentitzen ez dutenak eta, hala ere, barrutik kaltetuta daudenak. Pertsona batzuei hainbat urtez kontsultaz kontsulta erantzunik jaso gabe ondoren diagnostikatzen diete gaitza[3]. Beste batzuei, ohiko azterketa batean. Baina, kasu guztietan, diagnostikoak eragin egiten du. Jateko, erosteko, irteteko eta bizitzeko modua aldatzera behartzen du GZa duen pertsona[4].
Estimazioen arabera biztanleriaren % 1-2 inguruko prebalentzia dagoen arren, kalkulatzen da kasuen % 75 diagnostikatu gabe daudela, sintomen espektro zabalagatik eta gaixotasunari buruzko ezagutza faltagatik[5].
GGD bat… desorekatua
Glutena dietatik kentzeko ideia sinplea da: saihestu ogia, pasta, galletak... hau da, glutendun zerealak eta deribatuak (ikusi 1. irudia). Baina errealitatea askoz konplexuagoa da. Glutena nonahi egon daiteke: saltsetan, hestebeteetan, plater prestatuetan, eta abarretan. GZa duten pertsonek etiketa bakoitza irakurri behar dute, osagaien zerrenda bakoitza, eta, horrela, glutenik ez dagoela ziurtatu eta haientzat jateko segurua dela baieztatu[6].
Gainera, merkatuan glutenik gabeko produktu (GGP) asko daude eskuragarri. Hala ere, haien osaera ez da hain zuzen osasungarriena: gantz eta azukretan aberatsak eta zuntzetan urriak dira. Gainera, haien glutendun homologoak baino 2-3 aldiz produktu garestiagoak dira (ikus 2. irudia)[7, 8].
2. irudia. Glutendun produktuen eta glutenik gabeko produktuen arteko alderaketa. Irudia: Egileak. Babio eta lankideen lanean oinarritutako datuak[8].
Zein akats egiten ditugu konturatu gabe?
Erronka handi bat izan da sinesmen faltsuak desegitea. Askok uste zuten nahikoa zela ogia ordeztea, glutenik gabeko pasta erostea eta galleta "egokiak" bilatzea. Baina:
- GGP askok glutena duten homologoek baino zuntz gutxiago dute.
- Burdina, kaltzio, magnesio edo D bitamina gutxiago izaten dute da.
- Dieta aberatsagoa bihurtzen da gantz saturatutan eta azukretan.
- Bihi osoko zereal gutxiago jateko joera dago, lekale gutxiago, fruta eta barazki gutxiago.
Eta horrek bat-batean geldiaraztea ekar dezake errekuperatze-prozesua hazten ari den haur batengan edo bere osasuna berreskuratu nahi duen heldu batengan. Zorionez, akats horiek badute konponbidea garaiz identifikatzen badira. Dena den, hori gutxi balitz bezala, pertsona horietako asko kexu dira ez dutelako beti hobera egiten glutena dietatik kendu arren. Hau da, nahiz eta dieta perfektua egin, batzuetan gaizki sentitzen dira oraindik, sintomak izaten jarraitzen dute[9].
Orduan, non dago arazoa?
Kasu askotan, sintomen iraunkortasuna ez da hainbeste GGPen kalitate nutrizionalagatik izaten, baizik eta oharkabean gertatzen diren nahigabeko gluten-urraketengatik; oharkabean gluten-kantitate txikiak kontsumitzeagatik, zehazki: janaria prestatzean kontaktu gurutzatua gertatzen da sukalde-tresnak partekatuz gero, adibidez[10]. Bestetik, askotan ez dugu behar bezain zorrotz ziurtatzen etxetik kanpo jaten duguna benetan glutenik gabea dela, eta horrek ere erreakzio edo sintoma iraunkorrak eragin ditzake[11].
Gainera, ikerketa batzuen arabera[12], glutenaz gain, beste konposatu batzuek ere egin diezaiekete kalte GZa duten pertsonei. Horrek guztiak gogorarazten digu GGD baten oinarri bakarra ez dela baimendutako edo debekatutako produktuen zerrenda bat; etengabeko arreta, ezagutza, laguntza eta, jakina, ikerketa zientifiko gehiago eskatzen dituen errealitate konplexua da.
Lau dimentsio, helburu bakarra: ondo bizitzea
Ikerketak aurrera egin ahala, ikusi genuen GZa duen pertsona baten osasuna hobetzeko ez zela nahikoa dieta. Oinarrizko lau zutabe ukitzen dituen tratamendu integrala behar zela: klinikoa, nutrizionala, psikologikoa eta soziala (ikus 3. irudia)[13] .
3. irudia. GZaren tratamenduak bere gain hartu behar dituen 4 dimentsioak. Irudia: Egileak. Perez-Junkera eta lankideen lanean oinarritutako datuak[13].
Klinikoa, sintomak kontrolatu behar direlako, gluten-urraketak saihestu behar direlako, eta hesteak berreskuratzeko denbora behar dela ulertu behar delako. Eta ez delako beti erraza dieta ondo betetzen ari den jakitea: batzuetan antigorputzak jaitsi egiten dira, baina mukosak kaltetuta jarraitzen du. Edo alderantziz. Edo gorputzak uste baino denbora gehiago behar du sendatzeko.
Nutrizionala, GGDa ez delako beti dieta orekatua, eta paziente askok nutrizio-gabeziak dituztelako, nahiz eta "arauak" jarraitu. Ez delako nahikoa glutenduna glutenik gabekoagatik ordezkatzea. Jaten berrikasi behar da.
Psikologikoa, alerta konstantean eta jateko beldurrez bizitzeak antsietatea, tristura eta isolamendua eragin ditzakeelako[14]. Izan ere, diagnostiko batek autoestimuari ere eragiten dio, gorputzarekiko harremanari, jatearen plazerari.
Soziala, azkenik, GZarekin bizitzeak komunikatzen ikastea, jatetxe batean defendatzea edo urtebetetzeko tarta zergatik jan ezin duzun azaltzea ere esan nahi duelako. Izan ere, batzuetan min handiena ematen duena ez da hartu ezin duzun janaria, baizik eta hori azaltzen duzunean jasotzen duzun begirada.
Entzutea, laguntzea, irakastea
Hainbat urtez aritu gara GZa duten pertsonekin lanean diagnostikoaren unetik. Galdetu egin genien, gidatu egin genituen, aurrez aurreko eta etengabeko jarraipena eskaini genien, eta, batez ere, denbora eskaini genien; entzuteko denbora, egokitzekoa, errurik gabe zuzentzekoa.
Eta, denborarekin, aldaketa positiboak eta neurgarriak ikusi genituen.
Hasieran ia barazkirik jaten ez zuten haurrak elikagai freskoak sartzen hasi ziren beren dietan. Familiek GGP ultraprozesatuen kontsumoa murriztu eta errezeta tradizionalak berreskuratu zituzten. Beste batzuek ikasi zuten hobeto identifikatzen zein sintoma egon zitezkeen dietarekin lotuta eta zein ez. Emaitza horiek erakusten zuten ezen, esku‑hartze egituratu eta jarraitua egiten denez, GGDarekiko atxikipena hobetu egiten dela eta dieta eraldatu egiten dela. Helburua ez da informazioa ematea bakarrik, tresna erabilgarri eta praktikoekin laguntzea baizik[15].
Akonpainamendu horietan ikusi genuen eraginkorrena ez zela kontrolatzea, baizik eta laguntzea. Giltza ez dela behartzea, konfiantza sortzea baizik. Gaixoak ulertu, erabaki eta zainduta sentitzen denean lortzen dela dieta orekatua.
Sintomak hobetzen dira... baina bizi-kalitateak ez du hobera egiten
Sintoma asko desagertzen ziren arren —mina, nekea, digestio-arazoak—, bizi-kalitatea neurtzean, emaitzak... epelak ziren. Ez zuten okerrera egiten, baina hobera ere ez. Parte-hartzaile gehienak "egoera neutral batean" sentitzen ziren, ez gaizki ez ondo[16].
Nola liteke hori? Hobeto sentitzea ez baita hesteen kontua bakarrik. Emozioena ere bada. Errutinazkoa. Libre eta mugarik gabe sentitzearena. Jaten duzunagatik etengabe zeure burua justifikatu behar ez izatea. Festa batera beldurrik gabe joan ahal izatea. Berriro natural, modu espontaneoan jokatzeko aukera izatea.
Eta horrek beste pista bat eman zigun: agian, gorputza hobetzea lehen urratsa baino ez da. Konplikatuena ez da dieta egitea, gaixotasunak ezartzen duen errealitate berriarekin adiskidetzea baizik. Eta hori ez da lortzen janariarekin bakarrik.
Eta erronka ez bada dieta, inguruko mundua baizik?
Kanpora afaltzera joatea. Kanpamendu batera joatea. Zure gaixotasuna ikaskideei edo ingurukoei azaltzea. Haurren jai batean zeure burua behatuta sentitzea zuk zure tuperra ekarri duzulako…[17].
Egoera horiek ez dira salbuespenezkoak; GZa dutenen egunerokotasunaren parte dira, eta tratamenduaren zati gisa landu behar dira.
Horregatik, ikaskuntza indartsuenetako bat izan zen ulertzea hezkuntza ez dela pazientearentzat bakarrik. Ingurua ere hezi behar dugu: jatetxeak, eskolak, familiak, lagunak. Izan ere, GGDa egitea zaila izan daiteke, baina inork ulertzen ez zaituela sentitzea are gogorragoa da.
Gizarteak ere parte hartzea nahi dugu. Gizarteratzea ez dadila egon GZa duen pertsonaren ahaleginaren menpe. Testuinguru guztietan egon behar dute aukera seguruak. Zeliakiaz naturaltasunez hitz egin dadila. Ogia poltsa batean eraman behar duenak ez dezala berekin eraman azalpena emateko beharraren zama ere.
Glutena kentzea lehen pausoa da; gaixotasun zeliakoan lagundu egiten da
Gaur egun, gauza sinple batean konbentzituta gaude: ez da nahikoa "ez jan glutenik" esatea eta debekatutako elikagaien zerrenda bat ematea.
Lagundu egin behar da, hezi, gertutik jarraitu. Emozioetarako lekua egin behar da, beldurrerako, haserrerako. Eta, batez ere, ulertu behar da GZa duen pertsona bakoitzak neurrira egindako tratamendu bat behar duela, osagai guztiak barne hartzen dituena: klinikoa, nutrizionala, psikologikoa eta soziala[16].
Glutenik gabe jateak ez zaitu magiaz sendatzen. Baina prozesu horretan bakarrik ez zaudela jakiteak, norbait zurekin dagoela sentitzeak... Horrek bizitza alda dezake.
Eta, agian, bakarrik agian, hasieran uko batekin hasi zena uste zenuen baino askoz ere ongizate sakonago batera iristeko bidaia izango da.
Bibliografia
- Husby S, Koletzko S, Korponay-Szabó IR, Mearin ML, Phillips A, Shamir R, et al. European Society for Pediatric Gastroenterology, Hepatology, and Nutrition guidelines for the diagnosis of coeliac disease. J Pediatr Gastroenterol Nutr. 2012; 54(1):136-60.
- Melini V, Melini F. Gluten-Free Diet: Gaps and Needs for a Healthier Diet. Nutrients. 2019; 11(1):170.
- Lindfors K, Ciacci C, Kurppa K, Lundin KEA, Makharia GK, Mearin ML, et al. Coeliac disease. Nat Rev Dis Primers. 2019; 5(1):3.
- Satherley RM, Coburn SS, Germone M. The Impact of Celiac Disease on Caregivers’ Well-being: An Integrative Review. J Pediatr Gastroenterol Nutr. 2020; 70(3):295-303.
- Singh P, Arora A, Strand TA, Leffler DA, Catassi C, Green PH, et al. Global Prevalence of Celiac Disease: Systematic Review and Meta-analysis. Clin Gastroenterol Hepatol. 2018; 16(6):823-36.e2.
- Bustamante M, Fernández-Gil MP, Churruca I, Miranda J, Lasa A, Navarro V, et al. Evolution of Gluten Content in Cereal-Based Gluten-Free Products: An Overview from 1998 to 2016. Nutrients. 2017; 9(1):21.
- Mármol-Soler C, Matias S, Miranda J, Larretxi I, Fernández-Gil MDP, Bustamante M, et al. Gluten-Free Products: Do We Need to Update Our Knowledge? Foods. 2022; 11(23):3839.
- Babio N, Lladó Bellette N, Besora-Moreno M, Castillejo G, Guillén N, Martínez-Cerezo F, et al. A comparison of the nutritional profile and price of gluten-free products and their gluten-containing counterparts available in the Spanish market. Nutr Hosp. 2020; 37(4):814-22.
- Perez-Junkera G, Vázquez-Polo M, Eizagirre FJ, Benjumea L, Tutau C, Esteban B, et al. Application of a Platform for Gluten-Free Diet Evaluation and Dietary Advice: From Theory to Practice. Sensors (Basel). 2022; 22(3):732.
- Fernández Miaja M, Díaz Martín JJ, Jiménez Treviño S, Suárez González M, Bousoño García C. Study of adherence to the gluten-free diet in coeliac patients. An Pediatr (Engl Ed). 2021; 94(6):377-384.
- Laurikka P, Salmi T, Collin P, Huhtala H, Mäki M, Kaukinen K, et al. Gastrointestinal Symptoms in Celiac Disease Patients on a Long-Term Gluten-Free Diet. Nutrients. 2016; 8(7):429.
- Dieterich W, Schuppan D, Schink M, Schwappacher R, Wirtz S, Agaimy A, et al. Influence of low FODMAP and gluten-free diets on disease activity and intestinal microbiota in patients with non-celiac gluten sensitivity. Clinical Nutrition. 2019; 38(2):697-707.
- Perez-Junkera G, Ruiz de Azua L, Vázquez-Polo M, Lasa A, Fernandez Gil MP, Txurruka I, et al. Global Approach to Follow-Up of Celiac Disease. Foods. 2024; 13(10):1449.
- Clappison E, Hadjivassiliou M, Zis P. Psychiatric Manifestations of Coeliac Disease, a Systematic Review and Meta-Analysis. Nutrients. 2020; 12(1):142.
- Perez-Junkera G, Simón E, Calvo AE, García Casales Z, Oliver Goicolea P, Serrano-Vela JI, et al. Importance of an Ongoing Nutritional Counselling Intervention on Eating Habits of Newly Diagnosed Children with Celiac Disease. Nutrients. 2024; 16(15):2418.
- Perez Junkera G. A balanced and safe gluten-free diet: The impact of nutritional education on dietary balance, symptomatology and quality of life in people with celiac disease University of The Basque Country; 2025.
- Gholmie Y, Lee AR, Satherley RM, Schebendach J, Zybert P, Green PHR, et al. Maladaptive Food Attitudes and Behaviors in Individuals with Celiac Disease and Their Association with Quality of Life. Dig Dis Sci. 2023; 68(7):2899-907.
Lasa Elgezua, Arrate
Perez Junkera, Gesala
GLUTEN3S Ikerketa Taldea, Nutrizio eta Bromatologia Saila, EHU. Bioaraba, Nutrizioa eta Elikagaien Segurtasuna Saila.
Larretxi Lamelas, Idoia
GLUTEN3S Ikerketa Taldea, Nutrizio eta Bromatologia Saila, EHU. Bioaraba, Nutrizioa eta Elikagaien Segurtasuna Saila.







