}

Glaziarrak irrist egiten!

2003/07/07 Elhuyar Zientzia

Glaziarrak itsasoan nola murgiltzen diren ikertzen ari dira Norvegian, ez baitago argi zerk jartzen dion erresistentziarik handiena izotz-blokearen mugimenduari. Ikerketa berri baten arabera, glaziarraren hondoko
harri-pusken eta azpiko arrokaren arteko marruskadurak eragiten du erresistentzia. Aldiz, orain arteko modeloen arabera, arrokaren azaleko irregulartasunek baino ez zuten eragiten.

Emaitza berriak lortzeko, glaziarrean eratzen diren tunelak aztertu dituzte. Tunel horiek izotzaren eta arrokaren marruskaduraren ondorioz izotza urtzeagatik sortu dira, eta hor ikusi ahal izan dute glaziarrak daramatzan sedimentuek ere badutela zeresana erresistentzian.

Azken ikerketaren emaitzek eman dute bestelako daturik ere: batzuetan glaziarraren eta arrokaren artean ur-geruza bat sortzen da eta horrek izotzak harriaren gainean irrist egitea eragiten du. Glaziarren dinamika hobeto aztertzeak eta prozesuaren modelizazioa egiteak berebiziko garrantzia du, besteak beste, itsasoaren mailan eta kliman eragina izan dezakeelako.

Argazkia: Hallegic Elchoyi Photographs.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia