Glaziarea ezin gelditu
1986/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hubbard glaziarea Alaskan daudenetako bat da. Glaziare ikaragarri hau, (150 km-ko luzera du!) aurrera egiten ari da eta hondamen izugarria sor dezake ingurugiroan. Glaziarea 35 m/egun abiaduraz Disenchantment badiara sartzen ari da eta Russel izeneko fiordoa ixten ari da. Ixte honen ondorioz, fiordoa laku bilakatu da azken asteetan. Laku berri hau, urtutako urez betetzen ari da eta bere maila 16,8 metro igo zen abuztuaren erdialderako.
Laku berria ur gezaz eta galziareak garraiatzen dituen hondakinez "poluitzen" ari da. Horrela, itxiturak harrapatutako arrainak, itsas zakurrak, mazopak eta beste zenbait komunitate arrisku gorrian daude. Ur-mailen igoera horrek dakarkeen beste arrisku bat, gainezkatzea da. Uraren maila beste 45 metro igoko balitz orduan lakuak atzekaldetik gainezka egingo luke eta urak Siluk ibaira isuriko lituzke.
Zenbait talde ekologista lan handia egiten ari da, Russel lakuan harrapatutako itsas zakur eta mazopak salbatzen. Arrainak salbatzerik ez dago, zeren eta lakuko ura gezatzen ari denez, hilik bait daude dagoenekoz. Helburua, itsas zakurrak eta mazopak gosez ez hiltzea. Salbamendu-lan hau arriskutsua da. Zenbait geologoren ustetan Russel lakuaren ahoa ixten duen izotz-horma, oso ezegonkorra da eta edozein unetan hauts daiteke. Ustekabeko hausteak ur-korronte handia sortuko luke eta lakuaren azalean legokeen guztia berekin eramango luke.
Azken orduko berriak, Russel fiordoa ixten zuen izotzezko hesia hautsi dela diote. Hausturan ez da kalteturik eta istripurik jazo eta uraren maila eta egoera jatorrizkoa da dagoeneko. Hala ere, Hubbard Glaziareak Russel fiordoa berriro itxiko duenaren susmo sakonak daude.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia