Glaukoma eta laserra
1996/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Glaukoma, hau da, begi-barneko presioa areagotzean sortzen den gaixotasuna albiste bilakatu da EEBBetan. Medikazioa eta ebaketaz landa, orain arte ez zegoen ikusmen arazo hori konpontzeko biderik, baina dirudienez, laserrak erabiliz ebaketa-sistema berria erabili ahal izango da etorkizunean. Jadanik zenbait saio egin da gaixoekin zuzenean eta laserra eraginkorra dela ondorioztatu dute oftalmologoek.
Esan bezala, glaukomak begi-barneko presioa areagotzen du eta ikus-eremuaren murrizketa eta itsutasuna dakar. Oftalmologo estatubatuarrek glaukomaren aurka laserraren eraginkortasuna handia dela azpimarratu badute ere, gaixotasunaren nondik norakoak eta laserrak gaitz horren aurka duen ahalmena ez dira oraindik argitu.
Orain arte erabili izan diren tratamenduak eraginkorrak direla frogatu dute, baina arazoak sortzen dituztela ere ikusi da. Ohizko ebaketak ikusmena galtzeko %5eko arriskua dakar eta sendagaiek berriz, presio arteriala igo edo bronkioen uzkurdura eragin dezakete.
EEBBetan egindako saioetan, 3.500 paskaletako presioaz egin dute lan begi-barnean eta ohizkoa 2.000 paskalekoa da. Laser bidezko tratamendua erabiliz, begi-presioa 2.400 paskaletara murriztea lortu zen. Ondorioz, tratamendu hori segurua dela eta bigarren mailako ondoriorik ez duela sortzen baieztatu ahal izan da, baina ez dira epe luzerako irtenbidea dela esatera ausartu.
Izan ere, tratamendu horren bidez presioa 2.400 paskaletara murriztea lortu bada ere, denboraren poderioz presioa berriro handiagotu egiten dela ikusi da. Etorkizunak baieztatu edo erabat ukatuko du teknika berri horren baliogarritasuna, baina gaur gaurkoz adituak nahikoa itxaropentsu ageri dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia