}

Gizentasuna: XXI. mendeko epidemia

2005/02/01 Orive Arroyo, Gorka - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizentasuna ‘lehen mailako’ gizarteetako asaldura kroniko gisa defini daiteke. Gaixotasun honen ezaugarria da gorputzean gantz gehiegi pilatzen dela, eta, oro har, pertsonaren pisua ideala baino handiagoa izaten dela. Gizentasunaren arazoa larria da gure gizartean, eta horrek, nahi eta nahi ez, hausnarketa eragin behar liguke; izan ere, munduko biztanleen zati handi bat gosez hiltzen ari den bitartean, beste asko gizentasunak jota daude bere esku dituzten elikagaiak gaizki aprobetxatzen dituztelako.

Gizentasunaren definizioa erabat arbitrarioa da, baina, adituen arabera, gehiegizko pisua % 20-25era heltzean osasunerako arriskuak hasten dira. Gaixotasuna neurtzeko metodo egokiena gorputz-masaren indizea (GMI) da. Indize hori kalkulatzeko, pertsona horren pisua bere altueraren karratuarekin zatitzen da; emaitza 25-30 arteko zenbaki bat bada, gehiegizko pisua duela esan nahi du, eta 30 baino handiagoa bada obesitatea duela.

Gizentasunaren zergatiak hainbat izan daitezke. Alde batetik, jatorri genetikoa izan dezake. Gutxi gorabehera 400 genek parte hartzen dute gorputzeko pisua erregulatzen, batez ere gene horiek ekoizten dituzten peptido, hormona eta monoaminen bidez. Bestalde, nerbio-sistemaren, sistema endokrinoaren eta sistema metabolikoaren portaerek funtzio garrantzitsua betetzen dute gaixotasun horretan. Hala ere, guztiok hobeto ulertzeko, gizentasuna sorrarazten duen arrazoi nagusia da hartzen eta galtzen diren kalorien arteko desoreka. Hau da, behar baino kaloria gehiago hartu eta behar baino gutxiago erretzen ditugu.

Horien guztien ondorioz gaixotasuna agertzen da, eta, gaixotasunarekin batera, beste asaldura patologiko batzuk, esate baterako, hipertentsioa, arrisku kardiobaskularra, diabetea, iktusa, eta baita zenbait minbizi-mota jasateko arrisku handiagoa ere. Espainiako estatistikek diotenez, 12 heriotzatik batek erlazio zuzena du obesitatearekin gaur egun. Gainera, datu horien arabera, helduen % 14,5 obesoa da eta % 39k gehiegizko pisua du.

Haurren obesitatea

Kontuz mirariak iragartzen dituzten botikekin! Jo ezazu medikuarengana.

Azken urte hauetan, gizentasunaren arazoak eragin zuzena izan du gizartearen beste segmentu batean. Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, haurren obesitatea batez ere 6 eta 12 urte bitartekoena, % 16,1ekoa da, helduena baino puntu eta erdi handiagoa. Datu horiek Europako herrialdeen sailkapeneko bigarren postuan jartzen dute Espainia, Britainia Handiaren atzetik. Gainera, 1984tik hirukoiztu egin da haur obesoen portzentajea.

Aditu guztiek hazkunde horren zergatiak bilatzeari ekin diote. Haien ustez, azken urte hauetan haurren elikaduran izan diren aldaketek zerikusia dute. Kontuan izan behar da gure gizartea dieta mediterraneotik urruntzen ari dela zoritxarrez, eta gero eta prestatutako elikagai gehiago hartzen ditugula; baita gero eta janari azkar gehiago ere.

Hori horrela izanda, gure haurrek opilekin ordezkatu dute ohiko bokadiloa eta freskagarriekin ura. Haur askok, gainera, ez dute ondo gosaltzen, batzuek gosaldu ere ez, eta gero eta kirol gutxiago egiten dute. Ondorioz, haurren gizentasuna gure osasun-sistemaren lehentasunezko arazo bihurtu da; izan ere, gizenak diren haurren % 80 gizenak izango dira heldu bihurtzean ere, eta gaixotasunarekin batera datozen beste asaldurak eta bizi-kalitate txarra pairatuko dituzte. Etorkizunari begira, iragarpenak ez dira batere baikorrak: berehalako neurriak hartzen ez badira, 2030ean Europako biztanleen % 60 gizena izango da. Eta, kostuari dagokionez ere, datuak adierazgarriak dira. Espainian bakarrik obsitateak 2.500 milioi euroko gastua eragiten du, osasun-gastu osoaren % 7, alegia.

Gizentasuna kontrolatzeko neurriak

Haurrak ondo zaindu behar dira, ondo elikatu eta mugi daitezen eragin. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko haurren artean arazo larri bilakatzen ari da obesitatea.

Gizentasuna kontrolatzeko lehenengo neurriak, bai haurretan, bai helduetan, elikaduraren kontrolari lotuta daude. Animalia-jatorriko gantz gutxiago hartu eta haragiaren, arrautzaren, azukreen eta opilen kontsumoa kontrolatu egin behar da. Oliba-olioa, barazkiak, zerealak, pasta, arraina, lekak eta frutak gure elikaduraren oinarri bihurtu behar ditugu. Eta kirola egitea ohiturazko jarduera bilakatu behar dugu. Guztiok jarduera fisikoren bat txertatu behar dugu gure bizitzan, adibidez: lan egin ondoren 30 minutuz ibiltzea, egunero eskailerak igotzea igogailua hartu beharrean, asteburuetan mendira edo hondartzara joatea, etab.

Hala ere, zenbait egoeratan, batez ere larrienetan, neurri horiek guztiek ez dute emaitza positiborik ematen. Kasu horietan beste konponbide batzuk bilatu behar dira nahi eta nahi ez. Horietako bat tratamendu farmakologikoak dira.

Guztiontzako ezagunak dira telebistan eta aldizkarietan agertzen diren zenbait edabe magiko; horiek hartuta, 15 kilo bat-batean galtzen omen dira. Ziria ez sartzeko, eta gizentasunaren arazoa konpontzeko, hasteko ahaztu azkar tratamendu magiko horiek guztiak, eta medikuari edo endokrinologoari galdetu, kasu guztiak ezberdinak baitira.

Botikaren bat hartzekotan, segurua izateaz gain eraginkorra dela ziurtatu behar dugu. Eraginkortzat hartzeko, plazebo batekin alderatuta, pisuaren % 5 galarazi behar du botikak, eta, gainera, pisu-galera horri urtebetez eutsi behar zaio.

Gaur egun, eraginkorrak direla frogatu duten medikamentu bakarrak orlistat eta sibutramina dira. Lehenengoak arearen lipasa entzima blokeatzen du, eta % 30 gantz gutxiago xurgatzea eragiten du; bigarrenak, aldiz, nerbio-sistema zentralean eragiten du, eta gaixoari asetasun-sentsazioa ematen dio.

Larritasun handiko kasuetan kirurgia behar izaten da sobran dagoen gantza kentzeko.

Entsegu klinikoen hirugarren fasean dagoen rimonabant medikamentua ere aipagarria da. Botika hori jateko gogoa erregulatzen duten endokanabinoide hartzaileen inhibitzailea da eta 2006an merkaturatuko dela iragarri da.

Ebakuntza

Larritasun handiko kasuetan, ordea, kirurgia behar izaten da sobran dagoen gantza kentzeko. Dena dela, gaixoaren GMIa 40 baino handiagoa denean bakarrik gomendatzen dute medikuek ebakuntza egitea; izan ere, kirurgia arriskutsua da. Horren erakusle garbiak dira 2004an gertatutako 8 heriotzak.

Gorputz-masaren indizearen (GMI) kalkulua eta haurren obesitatea kalkulatzeko taula. IMC = Pisua (kg) / Altueraren karratua (m 2 ).

Hiru ebakuntza-mota egiten dira urdailaren edukiera murrizteko. Alde batetik, teknika murriztailea dago: urdailaren inguruan banda malgu bat jartzen da edukiera txikitzeko. Bestalde, teknika deribatiboak daude. Horietan, zirkuitulabur bat egiten da hestegorriaren eta heste mehearen artean, elikagaiak digestio-aparatuan egiten duen bidea murrizteko. Azkenik, gehien erabiltzen den sistema mistoa dago. Urdailaren edukia by-pass baten bidez txikitzean datza teknika hori. Edonola ere, edozein ebakuntza egitekotan, arretaz aukeratu behar dira bai mediku-taldea eta bai erietxea ere, zabarkeriak saihesteko.

Gizentasuna XXI. mendeko epidemia gisa defini dezakegu. Asaldura horren etorkizuneko ondorio latzak saihes-teko berehalako neurriak hartu behar dira, batez ere gaurko haurren, biharko helduen, elikadura-arazoak kontrolatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia