Gure ulermena kolapsatu egiten da fisikak planteatzen dizkigun kontzeptu batzuekin, besteak beste fisika kuantikoarekin. Materiak portaera arraroak eta ulertezinak ditu, oso-oso tamaina txikietara iristen denean. Fisikariei eta kimikariei asko kosta zaie eskala txiki horietan gertatzen dena ulertzea, eta are zailagoa, besteei azaltzea. Sortzen dituen buruhauste filosofikoez hausnartu dute Jon Mattin Matxain zientzialariak eta Guillermo Roa dibulgatzaileak, aurrez aurre.
Guillermo Roa: Partikula subatomikoek konportamendu oso arraroa dutela esaten dugu. Zientzian oso tamaina txikietara iritsi gara, eta eskala horietan beste lege batzuk jarraitzen ditu materiak. Besterik deskubritzen ez dugun bitartean, behintzat, funtzionatzeko modu horri kuantika deitzen diogu.
Jon Mattin Matxain: Hala da. Fisika kuantikoaren teoria edo mekanika kuantikoaren teoriak deskribatzen du mundu txikia: oinarrizko partikulen mundua, atomoak, elektroiak, protoiak, neutroiak, argia. Eskala txikian gertatzen den guztia dago kuantikaren mende, nahi ta ez: teknologia, elektronika… baita biologia eta medikuntza ere. Atomo guztien osagaiak partikulak dira, eta hor mekanika kuantikoak agintzen du.
Biok poztu ginen iaz Kuantikaren Nazioarteko Urtea izendatu izanaz.
Bai, badaude arrazoi historikoak. Kuantikak teknologia irauli du, zientzia irauli du, ezagutza irauli du. Gaur egungo gizarteak ez dauka zerikusirik duela 100 urteko gizartearekin, eta hori, hein handi batean, kuantikari esker da. Beraz, hori ospatzea oso garrantzitsua iruditzen zait.
Esan izan da XX. mendean egon diren aldaketa filosofiko handienak zientziak ekarri dituela, eta batez ere, mekanika kuantikoak. Bizimodua kuantikak ekarritako teknologiaren inguruan sortu dugu, eta filosofikoki ere, gure mundua ikusteko modua behartu du.
Kuantika garatzen lagundu zuten zientzialari askorentzako buruhauste filosofiko handi bat izan zen hasieran. Interpretazioan zegoen gakoa. Probabilitate kontuak. Zientzialarioi ez zaigu zoria gustatzen. Einsteinek esaten zuen: “Jainkoak ez du dadotan aritzen”, probabilitatea eta zoria ez zitzaizkiolako batere gustatzen. Eta kuantikan, zoriak hartzen du parte.
Partikula batek zerbait egiteko % 99ko aukera izanik ere, ez da % 100. Beharbada, beste % 1 horrek, gutxi izan arren, gertatzen denean, aldaketa handiak eragiten ditu, eta gure errealitatean eragin nabarmena dauka.
Oker banago neurobiologoek zuzendu nazatela, baina uste dut gizakion garunak modu binario batean eboluzionatu duela: BAI ala EZ. Teknologian, 1 edo 0. Zuri edo beltz. Baina errealitatea ez da horrela. Beraz, zientzialariek errealitatean topatzen duten hori, buruhauste filosofiko handi bat da guretzat.
«Gizakiok ohituta gaude tenperatura, tamaina eta abiadura batzuetara, eta kuantika antiintuitiboa egiten zaigu»
2025. urtean, Kuantikaren Nazioarteko Urtea izanik, kuantikaren izen potoloak baztertu eta azpian dauden ideiak zabaltzeko ahalegina egin behar genuen. Hor barruan dagoen edertasun ikaragarri hori aterarazi.
Egia da zientzialariok ahalegin handiagoa egin beharko genukeela gure egunerokotasunean agertzen diren fenomenoak azaltzeko garaian. Oinarrian kuantika dagoela erakutsi, eta azaldu ez dela horren kontzeptu exoterikoa. Batzuetan exoterikoa dirudi, harrigarria, ez dugulako begi hutsez ikusten. Baina ez da harrigarria, benetan gertatzen delako.
Misterio horretan dago bere xarma, hein handi batean hori da agerian utzi behar dugun edertasuna. Baina, normalean, zientzialariok gure lanean murgiltzen gara, eta ez dugu egunerokotasunean dagoen fenomenologia polit hori azaltzeko denborarik hartzen. Hitz teknikoetan galdu gabe, esan nahi dut.
Nik, gure seme-alabak txikiak zirenean, deskribatzen nien oinarrizko partikulen uhin/partikula dualtasuna, aldi berean uhina eta partikula direla, eta, aizu, oso ongi ulertzen zuten. Ez zen ezer arraroa haientzat.
Hitz teknikoez harago, intuizioak jartzen dizkigu zailtasunak. Askotan, partikulen munduan ez da gertatzen intuizioak sinistarazten diguna. Oso pentsamolde irekiarekin aztertu behar dira fenomenoak kuantikan, ezta?
Hori da. Gu Lurra planetan bizitzera ohituta gaude, tenperatura jakin batean, gauzen tamaina jakin bat ulertzen dugu, abiadura jakin bateko gertaerak bakarrik ikusten ditugu… Ez dugu ikusi ere egiten oso handia dena, edo oso txikia, edo oso-oso azkarra, edo oso motela. Gure ikusmenetik eta, beraz, ulermenetik ihes egiten digu. Gure bizitza-eskalan ohituta gaude, eta hortik ateratzen gaituztenean, galduta gaude.
Ederki dakigu zer den minutu bat, baina ez dakigu zer diren 4.000.000.000 urte. Edo zer den segundo bat 1.000.000.000 zatitan zatitzea. Eta molekulek tamaina txiki horietan bibratzen dute. Denbora eskala txiki horietan. Gure intuizioarentzat imajinaezina da.
Badago beste kontu bat, ez dakit nirekin bat egingo duzun. Ikastolan atomoei buruz ikasi genuen, nahiko modu sinplistan, eta horraino onartzen dugu. Baina atomoaren nukleoan gertatzen den horretan barneratzen garenean, “nuklear” hitza erabili behar dugu, eta hor hasten dira komeriak.
Zalantzarik gabe. Hain zuzen, nuklear hitzak nukleo atomikoari buruzko edozer gauzari egiten dio erreferentzia. Kuantikaren legeek azaltzen dute zergatik diren egonkorrak nukleo batzuk eta zergatik beste batzuk hautsi egiten diren, energia nuklearra askatuta. Eta hori da erradioaktibitatea.
Nukleoen fisioaz gain, fusioa ulertzeko ere kuantika behar dugu. Nukleoarekin zerikusia duen guztia azaltzen du kuantikak.
Nuklearra beti lotzen dugu fusioarekin eta fisioarekin, erradioaktibitatearekin. Ospitaletan nukleo atomikoen beste propietate batzuekin ere egiten da lan, espinekin. Bizitza asko salbatu ditu erresonantzia magnetikoak. Hori ere propietate nuklear bat da.
«Giza eboluzioa erradioaktibitateari esker gertatu da»
Kimikan askotan erabiltzen dugu teknika bat molekulak identifikatzeko: erresonantzia magnetiko nuklearra. Teknika bera ospitaletan erabiltzen denean, erresonantzia magnetikoa deitu behar diogu. “Nuklearra” kendu behar diogu, oso konnotazio sozial negatiboak dituenez dituelako hitzak. Bigarren Mundu Gerratik konnotazio negatiboak ditu nuklearrak, eta ondorioz, fisikak.
Gainera, esan daiteke, zu zeu erradioaktiboa zarela, Txoni. Zuk zeuk dituzu karbono erradiktibo pila bat, 14C-ak. 14C-a karbono-atomoen forma ezegonkorra, erradiazioa emititzen duena. 14C-a ez dago fosiletan bakarrik. Gure gorputzean, gure gibelean, gure giharretan, edonon dugu.
Hori da, eta ez da hor amaitzen kontua. Gizakiok erradioaktiboak gara, eta gauza erradioaktiboak jaten ditugu. Gure 14C hori gure gorputzera nola sartu da? Janarietan, noski. Baina ez 14C-a bakarrik, bananek potasio erradioaktiboa dute.
Are gehiago, giza eboluzioa erradioaktibitateari esker gertatu da. Ez bakarrik erradioaktibitateari esker, noski, baina erradioaktibitateari esker ere. Lurra planetaren barne tenperatura hau bada, erradio-atomoen desintegrazioagatik da. Hor askatzen den energiak igotzen du tenperatura. Hemen eboluzionatu dugu planetak energia eta tenperatura jakin bat izan duelako, eta energiaren zati bat erradioaktibitatetik datorkigu. Beraz, kontuz erradioaktibitatea madarikatzearekin.
Kuantikak badu beste alde iluna. Ez iluna etikoki, baizik eta iluna zaila delako. Ulertezina izatearen fama hori kendu beharko genioke.
Bai, eta kontraesankorra izan badaiteke ere, misteriotsua izateak berak eman dio balio zientifikoa, prestigioa. Ikusi besterik ez nola baliatu duen baita medikuntza alternatiboak bere diskurtsoetan. Prestigioa ukaezina da, bestela ez litzateke erabiliko produktu mirarigileak saltzeko. “Ur kuantikoa dauka eta horrek sendatzen du”.
Nola kudeatu dezakegu hori? Sinple azaltzen baduzu, bere misterioa galtzen du, eta beraz, prestigioa ere bai. Nola orekatu?
Kristautasunak antzeko ibilbide bitxi bat izan zuen. Hasieran, garai batean dena latinez egiten. Haien hizkuntzan jarraitzen zuten hitz egiten, eta hala, jakintza hori ez zuten benetan konpartitzen. Luterok katolikoetatik banatzeko egin zuen lehenengo gauza horixe izan zen, biblia hizkuntza guztietara itzultzea, denek irakur dezaten. Askotan gertatu dira horrelakoak historian. Beharbada gu ere akats berean erori gara kuantikarekin.
Hor dugu zientzialariok gatazkarik handiena: kontzeptuen zehaztasunaren eta benetan jendearengana iristearen arteko oreka. Nola lor daitezke bi gauzak, gezurrik esan gabe? Zientzialariok oraindik ere oso desorekatuta gaude zorroztasunaren aldera.
Aspaldiko oso blog on bat gogorarazi didazu: Tamiz.com. Bere leloa gustatzen zait: “Hobe sinplista, ulertezina baino. Barkatu diezadatela zientzialari zorrotzek”. Ea kuantikan lortzen dugun hori.
Guillermo Roa Zubia
Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea







