}

Gizakion familia-zuhaitzaren adar berria aurkitu dute Etiopian

2001/07/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

5,2-5,8 milioi urte ditu, Etiopian bizi zen eta giza eboluzioaren eztabaida berpiztu du. Hominido zahar honen fosilak 1997. eta 2001. urteen artean aurkitu eta aztertu ditu Kaliforniako Unibertsitateko Yohannes Haile-Selassie ikertzaileak, eta gaur Nature aldizkarian plazaratu ditu bere emaitzak.

Hortz batzuk eta hezur-zati batzuk besterik ez du izan eskuartean, baina aski izan dira gizakion lehen arbasoei buruzko aztarna batzuk eskuratu eta zalantza asko sortzeko.

Aurkitu berri den fosila tximinoen eta gizakion arbasoen lerroak banatu ziren garaikoa da, edo pixka bat geroagokoa. Garai hartako fosil gutxi dago, eta haietatik eratorritako informazioa nahasia eta polemikoa da. Horregatik, analisi genetiko eta biomolekularretan oinarrituta, tximinoen eta gizakion arbaso komun zaharrena orain 6 bat milioi urte bizi zela kalkulatu da.

Joan den otsailera arte, 4,4 milioi urteko Ardipitecus ramidus zen ezagutzen zen hominidorik zaharrena. Lerroen dibergentzia gertatu ondorenekoa zen eta gizakion lerroan kokatzen zen. Baina otsailean Orrorin tungenensis izeneko hominido zaharrago baten berri eman zuten Kenian lanean ari ziren ikertzaileek. Orrorin tungenensis fosilak 6 milioi urte zituela eta gizakion arbasorik zaharrena zela iradoki zuten; aldi berean, Ardipitecus ramidus gizakion lerroaren parte ez zela esan zuten. Haien ustez, A. ramidus -ek tximinoen antz handiagoa zuen gizakiona baino. Gaur aurkeztu den fosilak, ordea, Ardipitecus ramidus berriz ere hominidoen lerroan ipini du eta Orrorin tungenensis hominidoa izatea zalantzan jarri du.

Eztabaida mahai gainean dago, eta, argitzen bada, emaitza oso mamitsuak eman ditzake. Izan ere, izaki zahar horietako bat tximinoen arbasoa izan daiteke, eta orain arte ez da inoiz halako fosilik aurkitu. Bestalde, baliteke bi lerroak banatu aurreko izaki bat izatea, hau da, bion arbaso izatea, edo justu lerroak banatu ondorengoa ere izan daiteke. Edonola ere, gizakion eboluzioan funtsezkoa izan zen garai baten berri jakiteko tresna oso baliotsua izango da.

Orain arte izaki hura basoetan bizi zela besterik ez dago argi, eta ez da gutxi. Tradizionalki gizakion arbasoak sabana moduko eskualdeetan bizi zirela uste izan da, hau da, basotik irten eta gero hasi zirela hominidoak eboluzionatzen. Baina azken ikerketek lehen hominidoak basoetan bizi izana posible dela erakusten dute. Gaur argitaratutakoak ere ildo beretik jo du.

Artikulu osagarriak:

Kide berri bat familian

Eta bazkaltzeko, mamuta ala paleosagarra?

Informazio gehiago Nature -n

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia