}

Gizakien arbasoak afrikatik kanpo

2000/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Georgia, Alemania, Frantzia eta Estatu Batuetako ikertzaileek orain arte Afrikatik kanpo aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Dmanisi-n, Georgian.

Aurkitutako garezurrek 1,7 milioi urte dituzte eta Homo ergaster deritzon giza espeziearenak direla uste da. Zientzialari askok Homo erectus espeziea, aizkora landua lehenengoz erabili zuena, hartzen dute Afrikatik irten zen lehen giza arbasotzat; baina Dmanisin aurkitu berri diren aztarnek bestelakorik adieraz dezakete, garezurrekin batera aurkitutako harrizko lanabesak uste baino zakarragoak baitira.

Horrenbestez, izaki horiek Homo erectusak aizkorak garatu baino lehen joan ziren Afrikatik; hau da, duela 1,7 eta 1,8 milioi urte bitartean, eboluzioak gorputz eta garezur handiagoak eman zizkien bezain laster; baina harrizko lanabesak egiteko teknologia garatu aurretik. Emigrazio goiztiar honen arrazoia gosea izan daiteke.

Nahiz eta Afrikako sabana zabaltzeak bertako biztanleei elikagai gehiago eskaini zien, Homo ergasterraren gorputz handiagoak energia asko behar zuen. Ondorioz, dietaz aldatu behar izan zuen eta animaliak jaten hasi. Animalien atzetik ibili beharrak jatorrizko bizilekutik aldendu zuen Homo ergasterra eta jardunean Eurasiaraino iritsi zen. Hori da behintzat Dmanisiko fosilak aztertu dituztenen hipotesia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia