}

Gizakiaren neurrira jaiotako arratoiak

2003/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako ikertzaileek ezaugarri genetiko jakin batzuk dituzten arratoiak jaiotzea lortu dute. Arratoi horiei gizakietan bularreko minbizia kontrolatzen duen gene bat falta zaie. Horrelako estrategiak ohikoak dira gaixotasunak ikertzeko, baina normalean saguekin egiten da lan.

Sagu transgenikoak genetikoki eraldatutako zelula amak umedun dauden emeetan txertatuta lortzen dira. Arratoiekin, ordea, teknika horrek huts egin du. Horregatik, zelula amak erabili ordez, ikertzaile estatubatuarrek DNAn mutazioak sortzen dituzten konposatu kimikoak eman dizkiete arratoiei. Ondoren, arratoiak normal ugaldu dira eta ikertzaileek kumeak aztertu dituzte interesatzen zaizkien mutazioak dituztenak aukeratzeko.

Ez dirudi, metodologia honekin behintzat, laborategietan arratoiek saguak ordezkatuko dituztenik, baina kasu jakin batzuetan erabilgarriak izango dira. Izan ere, arratoiak saguak baino handiagoak izaki, errazago maneia daitezke eta zenbait gaixotasunetarako eredu egokiagoak dira. Bularreko minbizia horietako bat omen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia