Giza oinatzik zaharrenak?
2003/03/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Satanen oinatzei buruzko kondairak eraman zituen paleontologoak Italiako hegoaldean dagoen Roccamonfina sumendiaren magalera. Han, hiru oinatz-lerro daude laban harrapatuta. Laba oraindik solidotu gabe zegoela egin ziren eta bertakoentzat deabruarenak baino ezin zitezkeen izan. Baina ez. Deabrua bera baino zaharragoak dira, duela 385.000 eta 325.000 urte sortutako arroketan utzi baitzituzten hiru lagunek. Garai hartan Homo heidelbergensis gizakia bizi zen Europan; beraz espezie hartako hiru kiderenak dira. Espezie hura geroago Europan garatu zen Neanderthal gizakiaren arbasoa zen, baina ez gurea, gu Afrikan eboluzionatu zuen beste lerro baten oinordeko baikara.
Oinatzen luzera, zabalera eta beste hainbat ezaugarri aztertuta, ikertzaileek jabeei buruzko hainbat datu ondorioztatu dituzte. Adibidez, metro eta erdiko altuera zutela, hanka-okerrak zirela eta ia ziur bi hanken gainean ibiltzen zirela. Oinatz- lerroen puntu batzuetan eskuen aztarnak ere topatu dira, baina ikertzaileek uste dute eskuak laguntza gisa baino ez zituztela erabili, gaur egun malkar handietan egiten dugun moduan.
Homo heidelbergensis gizakia gizaki handia zen. Beste tokietan aurkitu diren aztarnen arabera, metro eta laurogei inguru neurtzen zuten helduek. Ondorioz, sumendian ibili zirenak umeak izan zitezkeela pentsatzen dute paleontologo italiarrek.
Edonola ere, datazioa berresten bada, Italiakoak giza oinatzik zaharrenak liratekeela esan dute ikertzaileek. Hor adostasuna ez da erabatekoa. Izan ere, Tanzanian badaude ia lau milioi urte dituzten oinatzak. Oinatz haiek Lucy-ren arbasoak izan zitezkeen bi hominidok egin zituzten. Kontua da hominido haiek ez zirela Homo generokoak, eta batzuen arabera, Homo generoko espezieak bakarrik dira gizakiak. Homo generoak duela 2-3 milioi eboluzionatu zuen.
Informazioa osagarria:
Kide berri bat familian
Gizakion familia-zuhaitzaren adar berria aurkitu dute Etiopian
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia