}

Gibeleko zelulak lanean gorputzetik kanpo

2001/04/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek siliziozko euskarrietan gibeleko zelulak bizi eta funtziona dezaten lortu dute. Horri esker, gibeleko gaixotasunei aurre egiteko eta drogak eta sendagaiak probatzeko bide berriak irekitzen dira.

Txanpon baten neurriko siliziozko "gibel-bioerreaktore" porotsu horiek egiteko, bioingeniariek eta biokimikariek elkarrekin jardun dute lanean. Ikertzaile horietako batek dioenez, beraiek lortutakoa zientziaren atalen arteko elkarlanak giza osasunaren alde egin dezakeenaren adibidea da.

Giza zelulak gorputzetik kanpo bizirik iraunarazteko ari dira lanean. Horretarako behar diren euskarriak probatzen ari dira, beren egitura, tenperatura eta inguru kimikoa kontrolatuz zelulak bertan hazteko. Gainera, sentsoreak jarriz gero, zelulen egoera monitore bidez ikus daiteke.

Silizio porotsuarekin egin diren aurreko ikerketak minbizi-zelulekin izan dira, baina orain lortu denari esker, animalien gibeletik zuzenean hartutako zelula arruntak iker ditzakete. Gainera, etorkizunean gibel artifizialak egiteko bidea zabaltzen da.

Gaur egun, bost konpainia ari dira gibel artifizialak probatzen. Txerrien gibeleko zelulak edo minbizi-zelulak dituzten tresnak dira horiek eta beren asmoa gibeleko transplante baten zain dauden gaixoei laguntzea da. Orain asmatutako siliziozko bioerreaktorei esker, odola prozesatzeko teknika berriak garatu ahal izango dira.

Minbizi-zelulak kulturetan erraz hazten diren arren, zelula normalak bizirik iraunaraztea askoz zailagoa da. Siliziozko bioerreaktore porotsuak gibeleko baldintza berdinak izan ditzan saiatu dira ikertzaileak. Zelula bakoitza ile bat baino estuagoa den egitura egoki batean ezartzen da eta azala kimikoki alda daiteke gibeleko zelulaz kanpoko matrizearen antza izan dezan. Siliziozko azaleko poroetatik elikagaiak eta gai kimikoak pasa daitezke, baina birusentzat eta bakterioentzat iragazgaitza da.

Ikertzaileen helburua gibel artifiziala lortzea bada ere, siliziozko bioerreaktoreen lehenengo aplikazioa sendagaien toxikotasuna probatzea izango da. Gibelaren funtzio garrantzitsuenetako bat sendagaiak eta drogak zatitzea da, beren eragina egin dezaten edo gorputzetik kanporatuak izateko. Normalean, sendagai baten balio klinikoa gibeleko metabolismoa ikusi ondoren erabakitzen da. Toxikotasun-testak bioerreaktorean egin ahal badira, sendagaiak animalietan probatzea ekidin daiteke. Gainera, sendagaien arteko interakzioak ere probatu daitezke bioerreaktorean bi sendagai edo gehiago batera jarrita.

Bestalde, siliziozko azaleran biomolekulak ezagutzeko eta neurtzeko tresnak jarri dituzte, horrela zelulak sendagaiak prozesatzen ari diren al ez jakin dezakete. Laser baten bidez, metabolito-errezeptoreetan aldaketa txikienak ere antzeman ditzakete.

Garatu duten siliziozko euskarriari esker, gibel artifiziala lortzeko eta sendagaiak animalia bizidunen beharrik gabe probatzeko urrats garrantzitsua eman da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia