}

Gernu-infekzioa eta Escherichia colia

1999/06/01 Sarasua Etxeberria, Arantxa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gernu-traktuko infekzioa osasun publikoko arazo garrantzitsua da populazioan duen eragin handiagatik, emakumeengan gizonezkoengan baino kasu gehiago izaten delarik.

Berez gernu-traktua esterila da, hau da, mikroorganismorik gabekoa; dena den, nohizbehinka mikroorganismoek traktu hau kolonizatu eta infekzioak eragiten dituzte gizakiengan. Gernu-infekzioaren diagnostikoa gernua aztertzean eta mikroorganismoak kontatzean datza. Kontaketaren emaitza mililitroko 105 mikroorganismo edo handiagoa bada, pazienteak infekzioa duela ziurtatzen da.

Escherichia coli bakterioa; kinolonekin tratu baino lehen.

Oro har gernu-infekzioa hiru motatan sailka daiteke: sintomarik gabeko bakteriuria, behe-traktuko infekzioa eta goi-traktuko infekzioa. Lehenengoa oso arrunta da eta pazientea ez da infekzioaz ohartzen, sintomarik gabe pairatzen baita. Behe-traktuko infekzioek zistitis izena dute eta hauek ere oso arruntak dira; bere eragina gernu-maskurian baino ez dute eta gehienetan sintoma arinak izaten dituzte. Goi-traktuko infekzioek aldiz, giltzurrunetan dute eragina eta askoz larriagoak dira. Pielonefritis deitzen dira eta infekzio hauen kasuak urriagoak dira.

Gernu-infekzioen eragileak mikroorganismo ezberdinak izan daitezke, baina gehienetan, bai ospitalean bertan eta bai ospitaletik kanpo, hartutako gernu-infekzioen arduraduna Escherichia coli bakterioa da. Mikroorganismo hau gizakion hestean bizi da bertako flora arruntaren partaide gisa, hesteko egoera fisiologikoa mantentzen zeregin garrantzitsua duelarik. Escherichia coli espezie honetako zenbait andui ordea, patogeno bihurtu dira, hau da, infekzioa sortzeko gai dira, bai hestean eta bai hestetik kanpo, hauetariko garrantzitsuenak gernu-infekzioak direlarik.

Gehienetan gernu-infekzioetan isolaturiko E. coli anduiek hesteko anduiekin konparatuz gero ezaugarri bereziak dituzte; birulentzia-faktoreak hain zuzen, hauek bakterio hauen uropatogenizitatea zehazten dutelarik. E. coli andui uropatogenoen artean birulentzia-faktorerik garrantzitsuenetakoak P ileak dira. Gernu-traktuaren anatomia dela eta, argi dago kanpotik datozen bakterioek gorantza egin behar dutela, bai gernu-maskurira eta bai giltzurrunetara iritsi eta bertan infekzioa sortarazteko. Igoera horretan lagungarri izango den edozein ezaugarri birulentzia-faktore garrantzitsu bihurtuko da andui patogeno hauentzat gernu-traktuaren kolonizazioa erraztuko baitu. Hau da E. coli anduiek dituzten P ileen funtzioa: gernu-traktuan bakterioen atxikidura finkatzea gernuaren isuriak bakterioak kanpora ez ditzan eta igotzen jarraitu ahal dezaten. Dena den, garrantzitsuenetakoak izan arren, P ileak ez dira E. coli uropatogenoen birulentzia-faktore bakarrak. Badira beste batzuk ere, besteak beste odoleko zelulak suntsitzeko gai diren hemolisinak, burdina arin asimilatzea errazten duen aerobaktina entzima, antibiotikoekiko erresistentzia, K antigeno kapsularrak, etabar.

Eschericia coli bakterioa; antibiotikoekin kultibatu ondoren.

Escherichia coli bakterioen birulentzia-faktoreak aztertzea izan da azken hamar urteotan ikerketa-talde honen helburua. Bereziki bakterioei gernu-traktuko epiteliora atxikitzen laguntzen dieten birulentzia-faktoreak ikertu ditugu eta besteak beste P ilea izenez ezagutzen dena.Era berean ile hauen sintesian eragina izan dezaketen antibiotiko batzuen erabilgarritasuna aztertu dugu; kinolonek P ileen sintesiaren inhibizioan izan dezaketen eragina, hain zuzen. Kinolonek, kontzentrazio azpi-inhibitorioetan erabiliz, E.coli-ren P ileen sintesia eragozten dute eta horrela bakterioak ezin dira atxiki (ikus argazkia). Beraz antibiotiko hauek populazioan gernu-infekzioa pairatzeko arriskua duten jende-taldeetan neurri prebentibo moduan erabiltzea aukera interesgarria dela egiaztatu dugu.

Azken urteotan zehar gainerako zientzi eta batez ere teknologiek izan duten aurrerapenarekin batera, gernu-infekzioaren ikerketan erabili ditugun teknikak aldatuz joan dira. Hasieran gehien bat teknika fenotipikoak erabiltzen genituen gernu-infekzioak sortzen zituzten E.coli anduien ezaugarriak aztertzeko, baina badira jada sei bat urte teknika genotipikoek gernu-infekzioaren ikerketan izan ditzaketen aplikazio berrien bila gabiltzala. Adibidez, PCR-an (Polymerase Chain Reaction) oinarritutako teknika genotipikoa moldatu dugu gernu infektatuetatik isolatutako bakterioen birulentzia faktore gehienak batera froga berean modu arin eta errazean detektatzeko. Lanaren ildo honi jarraituz E. coli-ren birulentzia-faktoreak pazienteen gernuetan zuzenean detektatzeko metodoa deskribatu dugu, bakterioak isolatzea beharrezkoa izan ez dadin. Metodo hau osasun-zentroetan ohiko lanean erabiltzeko aukera balego, gure lurraldean gertatzen diren gernu-infekzioak hobeto ezagutuko genituzke eta era berean prebentzio-neurriak ere hobeak izango lirateke.

  • Proiektuaren izenburua: Gernu-infekzioa eragiten duten Escherichia coli-ren ezaugarriak (birulentzia-faktoreak).
  • Helburua: Gure lurraldean izaten diren gernu-infekzioetan isolatutako Escherichia coli bakterioa aztertzeko metodo arinak aurkitu eta hauen bitartez bakterioaren ezaugarriak ikertu prebentzio-neurriak bilatzeko.
  • Finantzazioa: EHU, Eusko Jaurlaritza
  • Zuzendaria: Inmaculada Abalia Camino1
  • Ikerketa-taldea: Elena Rodriguez1, Jose Ramon Bilbao1, Adelaida Umaran2 eta Arantxa Sarasua2.
  • Departamentua: 1: Erizaintza, 2: Inmunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia.
  • Zentroa: 1: Erizaintza Eskola, 2: Medikuntza Fakultatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia