Genomika ardoari laguntzen
2003/02/11 Elhuyar Zientzia
Pierce-ren gaitzak kalte handiak eragiten ditu Kaliforniako mahastietan. Orain, errudunaren genoma deskodetu dute, eta horrek gaitzari aurre egiten lagunduko diela espero dute.
Errudunaren izena Xylella fastidiosa da. Bakterio hori landareen izerdiaz elikatzen den intsektu baten bidez sartzen da landareetan. Gero, bakterioa ugaldu eta barreiatu egiten da, eta landareentzat beharrezkoak diren mantenugaien fluxua galarazten du.
Gaitza kontrolatzeko, mahastizainek kutsatutako kimuak inausi ohi dituzte. 1990eko hamarkadaren hasieratik, ordea, ohikoa baino handiagoa den intsektu batek eraso ditu mahastiak, eta landarearen zati zaharrak ere jaten ditu. Hori dela eta, ezinezkoa da kaltetutako zatiak inaustea landarea akabatu gabe.
Brasilgo Sao Pauloko Unibertsitateko ikertzaileek egindako lanari esker, bakterioak landarea zein mekanismoren bidez erasotzen duen jakin ahal izan dute, eta konponbideak bilatzeko aukera berriak zabaldu dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia