}

Genoma sintetikoa duen lehen zelula egitea lortu dute

2010/05/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

J. Craig Venter Institutuko Daniel Gibsonek eta haren taldekideek genoma sintetiko baten bidez kontrolatutako lehen zelula egitea lortu dute. Hori baino lehen, alde batetik genoma sintetikoa egiteko metodoa, eta, bestetik, zelula baten genoma beste zelula batean txertatzekoa garatu zituzten. Orain, bi metodoak batu dituzte, eta laborategian sintetizatutako genoma bat zelula batean sartu, eta genomak zelula hartzailea bere egitea lortu dute.

Berez, dagoeneko existitzen den espezie baten genoma sintetizatu dute, Mycoplasma mycoides bakterioarena hain zuzen —genoma naturaletik bereizteko markatzaile bat erabili dute—. Gero, sintetizatutako genoma Mycoplasma capricolum espezieko bakterio batean sartu dute. Bakterio hartzailean 14 gene ezabatu badira ere, ikertzaileen esanean “M. mycoides arrunt baten itxura du eta haren proteinak sortzen ditu”.

Ikertzaileen helburua metodologia hori hobetzea eta fintzea da, nahi diren geneak dituen genoma sintetizatzeko eta hainbat aplikaziotarako baliagarriak izango liratekeen zelulak sortzeko etorkizunean, adibidez, erregaia ekoizteko edo ingurumena garbitzeko.

Argazkia: Science/AAAS

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia